BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Salobreña, hiri liluragarri bat Granadako kostaldean

Salobreña, hiri liluragarri bat Granadako kostaldean
Salobreña, hiri liluragarri bat Granadako kostaldean
Salobreña, hiri liluragarri bat Granadako kostaldean
Salobreña, hiri liluragarri bat Granadako kostaldean
Salobreña, hiri liluragarri bat Granadako kostaldean
Salobreña, hiri liluragarri bat Granadako kostaldean

Granadako kostaldean dago Salobreña, Alhambratik 77 kilometrora. Eguzki printzek agerian uzten dute bertako etxeen zuritasuna eta hiriaren argitasuna. Hiriko kale bihurriei historia usaina darie, eta itsasertzeko haize gozoak lasai eta patxadaz egoteko gogoa sortzen dio bisitariari. Gaztelu Arabiarra, Arrosarioaren eliza eta El Peñon eta La Charca hondartzak dira, zalantzarik gabe, hiriko monumenturik eta gunerik interesgarrienak.

2008/08/21

Salobreñako erdigune historikoa harresiaren alboan -eta harresiaren barruan- eraikitako auzoek osatzen dute. Erdi Aroan Al-Andalus kostaldean ondoen babestutako hirietako bat izan zen Salobreña harresi horri esker.

Alde zaharrean sartzea sekulako gozamena da, izugarri ederra baita, hiriaren ikurra, ezbairik gabe. Kaleak estuak, irregularrak eta aldapatsuak dira. Lorez betetako balkoiak ageri dituzten etxeek inguratzen dituzte. Loma, Fuente, Brocal eta Albaycin dira auzorik bitxienak eta ederrenak.

Salobreñako monumentu eta lekurik interesgarrienak Brocal dorrea, Loreen pasealekua, plazako bobeda, Postigoko eta Albaycingo behatokiak, dira, baina, batez ere, Gaztelu Arabiarra eta Arrosarioaren eliza.

Gaztelua da erreferentzia puntu nagusia Salobreñan. Babesleku gisa sortu zuten arren, Granadako Erreinuan Nazari dinastia nagusi izan zen garaian errege-jauregia izan zen, baita espetxea ere.

Oinplano trapezoidala dauka eta hiru gunek osatzen dute: triangelu-formako oinplanoa duen nazarien gotorlekuak, eta kristauek XV. mende amaieran egindako bi babes-eraikinek.

Arrosarioaren eliza, bestalde, XVI. mendean meskita baten gainean eraikitako eliza mudejar xumea da. Lauza beiraztatuko apaindurak dituen alboko atea eta almena mailakatuak dituen dorrea dira bere elementurik nabarmenenak.

Errege-bideak Villa de Salobreña Historia Museoara eramango gaitu. Ikusgai dauden maketek, lanabesek, zeramika-lanek eta erakusmahaiek Salobreñako lurraldearen ia 6.000 urteko historia laburbiltzen dute.

Azukre-lantegia ere ezin daiteke aipatu gabe utzi. 1860an eraiki zuten, eta azukrea, alkohola eta deribatuak lortzeko azukre-kanabera birrindu eta eraldatzen duen Europako lantegi bakarra da.

Salobreñan, gainera, El Peñon eta La Charca bezalako hondartzak daude. Etxeen zuritasuna eta Mediterraneoaren urdintasuna nahasten dira inguru horietan. Leku lasaiagoak nahiago dituenak El Calentón eta El Pargo kala naturalak aurkituko ditu labar artean ezkutatuta.

Ohiturak eta tradizioa

Baina Salobreña bisitatzeko ez dago uda iristeko zain egon beharrik. Otsailean, esaterako, musika, dantzak eta inauterietako mozorroak eta argiak izaten dira gauetako protagonistak. Ordurako, gainera, Andaluziarren Egunaren (hilaren 28an) zain egoten dira hiritarrak.

Aste Santuan, Ostiral Santuan zehatzago esateko, Bakardadearen Amaren prozesioa egiten dute. Prozesio berezia da, emakumeek soilik parte hartzen baitute.

Horiez gain, ezin dira aipatu gabe utzi Gurutzearen Eguna (maiatzean), San Juan eta San Pedro jaiak (ekainean), eta Joera berrien kontzertua, Iturriaren Parkean egiten diren musika klasiko emanaldiak eta Lucero del Alba Jaialdia udan.

(Argazkiak: www.ayto-salobrena.org)