«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
San Vicente de la Barquera, paradisu naturala







Kantabriako mendebaldeko kostaldean kokatuta, Espainiako Estatuko iparraldean, Oyambre Parke Naturalean kokatzen den udalerri txiki bat da San Vicente de la Barquera. 45 kilometro koadroko azaleran hedatuta, 4.500 biztanle baino gehiago hartzen dituen enklabe txiki honek bere ingurune natural ikusgarriaren edertasuna eta bere ondare arkitektonikoaren aberastasuna uztartzen ditu.
2008/08/29
9 herrixka daude udalerrian eta iparraldean (kostaldean) dagoen San Vicente de la Barquera hiribildua da garrantzitsuena. Itsas hiribildu horren historia bere kokapen estrategikoari lotuta dago. Erromatar garaian kantabriar tribu batek itsasorako irteera gisa erabili zuenetik, arrantza portuak Kantabriako kairik garrantzitsuenetakoa izaten jarraitu du. Itsasorako irteera estrategiko horri esker, VIII. mende erdialdean Alfonso I.ak hiribildua jendeztatu zuen. XIII.ean, aldiz, bere arrantza eta itsas merkataritza zela medio, forua eman zioten eta hiribilduaren urrezko garaia etorri zen. Gainera, San Vicente de la Barquera Donejakue Bideko kostaldeko igarobide garrantzitsua izan zen.
Bere iraganaren aberastasuna dela-eta, ondare arkitektoniko garrantzitsua hartzen du San Vicente de la Barquerak. Bere hirigune historikoa, hiribilduaren goiko aldean kokatzen dena, Multzo Historiko-Artistiko izendatu zuten. Aingeruetako Andre Maria eliza hiribilduan dagoen eraikinik historikoenetakoa da. XIII. eta XVI. mendeen artean altxatu zuten mendixka baten gailurrean, eta eskualdeko arkitektura gotikoaren adibiderik onenetakotzat hartzen da. Tenplua hiru nabe zabaletan zatituta dago, eta ganga oso altuak dituenez, barrualdean zabaltasun sentsazioa oso handia da. Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten 1931n.
Elizatik gertu Erregearen Gaztelua dago. Goragune arrokatsu batean kokatuta, gazteluaren jatorria Alfonso I.ak agindutako hiribilduaren jendeztatze eta gotortze garaikoa da, VIII. mende erdialdean. Halere, egungo eraikina XIII. mende hasieran altxatu zen, forua ematearekin batera. Gaztelako errege-erreginen menpe egon zen XV. mendean hiribilduaren ardurapean geratu zen arte. Hainbat zaharberritze izan ditu historian zehar eta gaur egun ekitaldi kulturalak hartzeko erabiltzen dute.
Gazteluak eta harresiak hiribildua defendatzeko sistema osatzen zuten. Erdia Aroko hiria inguratzen zuen barruti harresitu bat eratzen zuten. Gaur egun, harresiaren zati batzuk zutik diraute oraindik; Asturiasko Atea edota Itsasoaren Atea, besteak beste.
Portuaren sarreratik gertu hiribilduan duten eraikinik kutunetakoa dago. Barquerako Santutegia. Kondairaren arabera, Erdia Aroan altxatutako tenplu hori Barquerako Birjina, udalerriaren zaindaria, agertu omen zen tokian kokatzen da. Hala, eraikinaren barruan Birjinaren irudia gurtzen dute.
Maza Zubia hiribilduko elementurik berezienetakoa da. XV. mendean jaso zuten egurrezkoa aurreko zubi baten gainean. Egun erabat berriztatuta dago. Corro Familiaren Jauregia San Vicente de la Barquerako eraikin baliotsuenetako bat da, eta gaur egun udalaren egoitza hartzen du. Jauregi errenazentista bat da, bere garaian hiribilduan zeuden gaixoak hartzeko eraikitakoa.
Ondare arkitektoniko aberats eta ikusgarri batez gain, San Vicente de la Barquerak beste erakargarritasun turistiko garrantzitsu batzuk eskaintzen ditu, horien artean bere hondartzak . Udalerriaren ekialdean Meron hondartza dago. Lau kilometro inguru dituenez, hainbat zatitan banatzen da. Beste hondartza batzuk Maza (zubiaren aldamenean kokatutakoa, hiribilduan bertan), Tostadero (aurrekoa dagoen lekutik kilometro erdira kokatuta, baita hiribilduan ere) edota Oyambre (Oyambre Parke Naturalean dagoen hondartza ikusgarria) dira. Gainera, hainbat kala daude, besteak beste, Niñera eta Fuentes.
(Argazkiak: 1: www.sanvicentedelabarquera.biz ; 2, 4, 6, 7: www.sanvicentedelabarquera.org ; 3, 5: http://es.wikipedia.org)
