BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Mojacar, herri marokoarra

Mojacar, herri marokoarra
Mojacar, herri marokoarra
Mojacar, herri marokoarra
Mojacar, herri marokoarra
Mojacar, herri marokoarra

Mojacar Iberiar Penintsularen hego-ekialdean kokatuta dago, Cabrera mendilerroaren inguruan eta Mediterraneo itsasoaren pare. Bertako etxeek mendian hartzen dute gaina eta herriaren baldintza estetikoetara egokituta daude, monokromia zuriko kubo geometrikoak eratuz. Horrez gain, hego-ekialdera begira daude, argia eta tenperatura onenak aprobetxatzeko.

2008/09/12

Herri zoragarri horretatik zibilizazio eta kultura anitz pasatu dira urteetan zehar, Mojacar Almeriako udalerri enblematiko eta ederrenetakoa bihurtuz.

Historiak aurrera egin ahala feniziarrek, kartagoarrek eta erromatarrek haien aztarna utzi dute. Arabiarrek Munsaqar izena jarri zioten eta hantxe bizi ziren, 1488an kristauek lurraldea okupatu zuten arte. Hala ere, mairuak izan ziren herriaren estilo arkitektonikoan eragin gehien izan zutenak eta horrek gaur arte iraun du, 1987an Mojacarreko etxeen eta kale estuen estilo mairua zaintzeko lege bat sortu baitzuten.

Muinoaren gailurrera helduz gero, Plaza Berriaren Behatokiak zoratzeko moduko ikuspegia eskaintzen du. Plaza XVI. mendekoa da, baina 1960an erreformatu zuten, hortaz, gutxi geratzen zaio antzinako trazatik. Behatokitik Piramideen Bailararen bista izugarria ikus daiteke. Bailara Cabrera, Bedar eta Almagrerako mendilerroek zarratzen dute eta itsasora zabaltzen da.

Bertatik Mojacar Zaharra edo Moxacar ere ikus daiteke, K.a. 350. urtera arte izan zuen historiaurreko finkatzea, alegia. Antzina udalerria Aguas ibaiaren alboan kokatuta zegoen, baina lurrikara batek Mojacarreko biztanleak gaur eguneko kokalekura mugitzera behartu zituen.

Plaza Berrian Nahigabetuen Andre Mariaren ermita dago. XVI. mendean eraiki zuten, antzinako meskita mairu baten gainean, eta XVIII. mendean, aldiz, berreraiki. Gaur egun oroigarrien denda bat hartzen du bere baitan.

Mojacarren goialdean Gaztelua dago, XIII. mendean eraikia eta kristau konkistaren ondoren erreformatua lehen aldiz eta 1518ko lurrikararen ostean bigarrenez. Gazteluaren behatokiak kostaren panoramika dotorea eskaintzen du, eta egun, antzinako Gaztelu Nayariaren uharkak bakarrik dirau zutik.

1560an eraiki eta gotorleku gisa erabili zuten Santa Maria elizaren aurrean, marmol zuriz egindako Mojaqueraren estatua dago. Ohiko soinekoarekin jantzita dagoen emakumeak zapi arabiarrari eusten dio hortzekin eta etxeak urez hornitzeko erabiltzen zituzten txantxiletako bat darama.

Harrizko eskailera batek eliza inguratzen du, Parterre Plazara jaitsiz. Plaza hori hilerri arabiarra izan zen aspaldi, eta bertako hilobiak Ekialderantz makurtuta zeuden, Mekarako noranzkoan.

Handik hurbil Udaletxearen Plaza dago eta horrek emigrante batek Ameriketatik ekarri zuen ehun urtetik gorako zuhaitza du. Horrez gain, plazatik oso gertu Hiriaren Atea dago, 1574koa den eta herriaren ezkutua sostengatzen duen erdi-puntuko arkua. Atea herriaren sarrera zen eta han merkatua kokatzen zen, sarbide berria egin zuten arte. Arkuaren alboan, Dorre Etxea dago. Eraikin horrek "atearen zergak" kobratzeko balio izan zuen antzina; gaur, berriz, XVIII. mendeko diseinu arkitektoniko liraina aprobetxatuz, ostatu polit bat bihurtu dute.

Flores Plaza Errebalaren sarrera da, kale estu eta xarmangarriak dituen auzo judutar zaharra. Etxeek ate baxu eta zabalak eta arku oxkardunak dituzte eta handik ez da itsasoa ikusten. XVII. mendean hasi ziren eraikitzen eta auzoak XIX.ean izan zuen bere hedapen maximoa.

Mairu Iturria funtsezkoa da Mojacarrentzat. Garbitzaileek oinak uretan sartzen zituzten eta barrutik kanporantz garbitzen zuten, ondoren, ortuak ureztatzeko erabiliko zuten ura ez kutsatzeko. Gainera, herriko historiaren atal garrantzitsu bat jasota dago iturriko harriaren inskripzioan.

Mojacar bere arkitekturara fidela izan den herria da, etxe zurien kolorea eta eremu babestuak iraunarazi ditu. Zortea islatu eta bibrazio txarrak uxatzen dituen Indaloaren irudi magikoarekiko leialtasuna mantentzen du Mojacarrek, eta, gaur egun, kulturen arragoa bihurtu da.

(Argazkiak: Flickr )