BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Albarracin, Erdi Arora begirada (I)

Albarracin, Erdi Arora begirada (I)
Albarracin, Erdi Arora begirada (I)
Albarracin, Erdi Arora begirada (I)
Albarracin, Erdi Arora begirada (I)
Albarracin, Erdi Arora begirada (I)
Albarracin, Erdi Arora begirada (I)

Aste honetan Teruelgo Albarracin udalerrira hurbilduko gara. Itsasoaren gainetik 1.171 metrora dago kokatuta, probintziako hiriburutik mendebaldera eta Albarracingo Mendilerrotik ekialdera. Albarracingo hiriaren eta Erkidegoaren artean banatzen diren 456,50 km2 inguruko azalera du guztira. Mila biztanletik gora bizi dira denetara hiriko hiru gune ezberdinetan: Alde Zaharrean, Arrabal auzoan eta Teruelgo errepidearen inguruetan, hain zuzen ere. Udalerriko txokoetako bakoitzak, historia eta ondareari dagokionez, izugarrizko balioa hartzen du gaur egiaztatuko dugun bezala.

2008/09/19

Oraingo honetan, Plaza Nagusia izango da udalerria ezagutzeko erdigune modura erabiliko dugun ardatza. Izan ere, bere inguruan higitzen da itxura berezi xamarra hartzen duen hirigunea. Plaza honetako eraikuntzarik esanguratsuena Udaletxekoa dugu ezbairik gabe. XVI. mende erdialdean eraberritua izan zen, eta orduan eman zitzaion gaur egun arte mantendu duen eta Aragoiko betiko eraikuntzekin zerikusi gutxi duen diseinua. "U" itxura hartzen du, plaza ia bere osotasunean inguratuz. Puntu erdiko arkupe handien gainean eraikita dago. Eraikuntzaren goiko solairuan zehar balkoi handi bat hedatzen da, erdian hiriko armarriarekin apaindua. Atarian, bi kontrahorma handi dira eraikuntza handi honen euskarri nagusiak.

Molinako Atea, Albarracingo kale tipikoa dugu, estu-estua, elkarren pare dauden etxeek elkar ukitzen dutela ematen duen horietakoa. Aurrerago, Erkidegoko Plaza hartzen duen zabalgunea dago. Mendilerroan hain ohikoa den erakundearen jauretxe bikaina bertan dagoelako hartzen du izen hori. Aipatutako instituzioa hiriarekin batera mendilerroa inguratzen duten lur handien jabe diren beste 22 udalerrik osatzen dute, eta garai batean, foruei eta Erdi Aroko pribilegioei esker arautzen zen. Erkidegoko Jauretxea hiriko eraikuntzarik zaharrenetakoa da, eta aipatzekoak dira bai atarian duen puntu erdiko arkupea, eta bai hegazti itxura hartzen duen burdin hesi forjatua ere.

Erkidegoko plazaren aurrean, garai batean ibaira hegoaldetik jaistea ahalbidetzen zuen Uraren Ataria aurkituko dugu. Gaur egun, arkua eta barruko aldeari itsatsita dagoen dorre bat baino ez dira bere horretan mantentzen. Atearen parean, ibiaren beste aldean, Muela Dorrea zegoen baina, gaur egun, haren hondakinak soilik daude ikusgai. Dorre honek hiritik ibairako bidea babesten zuen. Uraren Ataritik hurbil, kale zidor batek behatoki batera garamatza. Hemendik, hiriko katedralaren atzeko aldea eta gaztelua ikus daitezke.

Molinako Atea kalea igarotzean, Julianeta Etxearekin egingo dugu topo. Hau da ziur aski hiriko etxe adierazgarrienetakoa. Etxeak ez du apenas sostengu bertikalik, horregatik, grabitatearen legeari aurka egiten diola dirudi. Parean daukagu Molinako Atea. Izen hau hartzen du Molinako udalerrira habiatzeko ate hau zeharkatu behar zelako. Bi dorre handik osatutako ate garaia da hauxe.

Plaza Nagusira bueltatuko gara Santiago kalea igaroaz. Kale hau aurrekoarekiko paraleloan doana da. Bertan sartu bezain laster, ezkerretara, Okinaren Txokoa deitzen dutena ikusiko dugu. Kalean zehar jarraituta, Santiago elizara helduko gara. Bere eraikuntza 1600. urtea aldera hasi bazen ere, etenaldi baten ondorioz, ez zuten guztiz bukatu XVIII. mendera arte. Esapide herrikoiek diotenez, aurrean dagoen eraikina, egun Santiago Hotela dena, garai bateko Albarracingo Ordenako soldaduen bizilekua izan omen zen. Hemen gaudela, ditugun aukerak bi dira: batetik, Plaza Nagusira jo dezakegu berriz (kalearen bukaerako eskailerek bertara garamatzate). Ez da ideia txarra dena den, hotelean bertan geldialditxoa egin eta ikusi berri dugun guztiaren edertasunaz gogoeta eginez ibilaldia gaurkoz bukatutzat ematea.

(Argazkiak: www.albarracin.org)