BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Albarracin, Erdi Arora begirada (II)

Albarracin, Erdi Arora begirada (II)
Albarracin, Erdi Arora begirada (II)
Albarracin, Erdi Arora begirada (II)
Albarracin, Erdi Arora begirada (II)
Albarracin, Erdi Arora begirada (II)
Albarracin, Erdi Arora begirada (II)

Joan den astean Albarracin udalerria bisitatu genuen eta hiriaren sekretuetako batzuk ezagutu genituen. Hala ere, inor oraindik ere jakin-minez badago, gurekin batera beste behin Erdi Arorako bidaia hau egitera gonbidatzen dugu.

2008/09/26

Plaza Nagusitik (berriz ere gure irteera eta helmuga izango dena) ekialdera jota, Azagra kalean sartuko gara. Zeharka-meharka doan kale nahasi honek egun desagertuta dagoen Teruelgo Atean du bukaera. Hain da kale meharra, ezen zenbait etxeren teilatuek ez baitute eguzki izpiak lurzorura hel daitezen uzten. Ezohiko ezaugarri horrek misterio kutsua ematen dio bide horri. Kalea zabalduz doan heinean, Atexkaren kale estura helduko gara. Honek, eskailera baten bidez, errepideko tunelera garamatza.

Kale berean, Navarro de Arzuriagatarren Etxea eta Brigadier Andrearen Etxea daude. Lehena XVII. mende inguruan eraiki zuten. Hurrengo mendean zehar, Navarrotarrek, inguruetako sendirik boteretsuena bilakatu zirenean, hainbat berrikuntza egin zizkioten etxeari. Hala, sarrerak eta aurrealde osoak, oro har, garaiko Andaluziako eraikuntzen tankera hartu zuten. Horrez gain, aipatzekoak dira etxeak duen dorrea eta eskailerak. Brigadier Andrearen Etxea, ostera, egun Albarracin Hotela dena, XVI. mende erdialdekoa da gutxi gorabehera. Etxearen atzeko aldeak ekialdetik hiria mugatzen duen harrizko paisaiari so egiten dio.

Etxe horren pare-parean, Dolz de Espejo izeneko beste eraikuntza noble bat aurkituko dugu, XV. eta XVI. mendeen artean eraikitakoa. Aurrera jarraituta, orain dela mende bat inguru desagertu zen Teruelgo Atariaren hondarrak direnak ikus daitezke. Hau izan zen bere garaian hiriak zeukan garrantzitsuena. Atariaren beste aldean bide bat zegoen. Gaur egun bide hori "Teruelgo Aldapa" izenez ezagutzen da. Eskolapioen ikastetxeko eraikuntza da inguru horietan esanguratsuena, hiri osoan handiena delako, egun Arabia hotela hartzen duena. Neurritasun eta gogortasunez beteriko eraikin hori 1742. urtean hasi ziren eraikitzen. Ikastetxearen ondoan eliza dago, XVIII. mendeko altxatu ziren elizen adibide arkitektoniko ezin hobea.

Katedralaren kalea hiriko garrantzitsuena da ezbairik gabe. Hiri osoko kaleen artean bilakaera handiena eta aldaketa gehien jasan dituena ere bada hauxe. X. mendean zehar hiriko kale nagusia zen, bertan zegoen hiria inguratzen zuten harresietara sarrera ematen zuen ate bakarra (egungo Kultur Etxea eta Postetxearen artean egongo litzateke). Kale horretan bertan hiru eraikinek pizten dute arreta: Monterde Etxeak, Katedralak eta Apezpiku Jauregiak.

Monterde Etxea da seguru asko tankerarik onena duen eta hobekien zaindu duten eraikuntza. Atariko aldean ate handi bat dauka ezkutu batekin apaindua, eta burdin sarrek babesturiko leiho eta balkoiak ditu. Sabaileihoak eskaintzen dio eraikinari behar adinako argia. Izan ere, ezaugarri berezi bat dauka etxe horrek: etxe barruko beheko aldetik kale batek dirau, eraikuntzak goiko aldean bobeda bat daukalako.

Apezpiku Jauregia dago aipatutako etxearen aurrean. Ikusgarriena hemen, barneko eskailera eta goiko dorrea ditugu; dorre horek, gainera, Juan Francisco Salvador y Gilaberte gotzainaren ezkutua dauka teilatuan. Goiko soilairuan hainbat egongela daude oraindik ere, bere garaian jendeari harrera egiteko erabiltzen zirenak, baita margolanez apainduriko kapera bate ere. Ibaira begira dagoen aldeko apaingarrietako bat egurrezko galeria ederra da, hori ere garaiko arkitekturaren erakusgarria. izanik.

Berriz Plaza Nagusira itzultzeko, Chorro kalea har dezakegu. Kaleak aldapa gogor batekin gora egiten du iturri batera heldu arte (iturri horretatik datorkio kaleari izena), ostean, samurki eta patxada batean jaitsiko da gure helmuga eta bidaia honen amaiera den Plaza Nagusira sartu arte.

(Argazkiak: www.albarracin.org)