BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

San Salvador de Jujuy, "Zilarrezko Kikara"

San Salvador de Jujuy,
San Salvador de Jujuy,
San Salvador de Jujuy,
San Salvador de Jujuy,
San Salvador de Jujuy,
San Salvador de Jujuy,
San Salvador de Jujuy,

Argentinako ipar-mendebaldeko hiria, Jujuy Probintziako hiriburua da San Salvador de Jujuy. Probintziaren hegoaldean eta mendiz inguratuta, itsas mailatik 1.200 metro baino gehiagora dago kokatuta. Orografia berezi hori dela-eta, ?Zilarrezko Kikara? bezala ezagutzen da hiria. Ia 300.000 biztanle dituen hiri honek kolonialismoaren garaiko ondare interesgarria gordetzen du.

2008/10/03

Elementu kolonialen eta modernoen arteko nahasketa ederra da San Salvador de Jujuy. Adibide onenetako bat Belgrano Plazaren, hiriko plaza garrantzitsuenaren, aurrean ikusi ahal da: Kabildoa. Kolonialismoren estiloari eusten dion XIX. mendeko eraikin horrek garai horretako bereizgarriak diren erdi puntuko arkuak mantentzen ditu. Monumentu Historiko Nazionala izendatu zuten eta gaur egun Probintziako Polizaren egoitza bertan dago.

Gobernuaren Etxea elementu modernoak eta kolonialak uztartzen dituen beste eraikin historiko bat da. XX. mende hasieran altxatua, Italiako neoklasizismoaren eta kolonialismoaren garaiko elementuez osatutako frantziar estiloko jauregi bat da.

Katedrala San Salvador de Jujuyn dagoen eraikin ederrenetako bat da. XVII. mende hasieran eraikia, aurrealde neoklasikoa duen tenplu horrek artelan baliotsuak gordetzen ditu. Kolonialismoaren garaiko pulpitu barroko bat da barnealdean aurki daitekeen altxor nagusia. Argentinako pulpiturik garrantzitsuenetariko bat da eta biztanleek beraiek landutakoa da.

San Frantzisko Eliza hirian dagoen beste eraikin erlijioso garrantzitsu bat da. Belgrano eta Lavalle kaleen artean kokatua, jatorrizko eraikina XVII. mendean altxatu zuten. Halere, egun ikusten dugun tenplua XX. mende hasierakoa da. Hiru nabez osatuta dago eta kupula oktogonal bat du. Kasu honetan ere, pulpitua da elementurik bereziena, XVIII. mende erdialdekoa. Kanpoaldean 1900. urtean altxatutako dorre ikusgarri bat dago. Lau gorputzetan zatituta dago eta goiko aldean San Frantziskoren irudia ikus daiteke. Elizak arte sakratuan espezializatuta dagoen San Frantzisko Museoa hartzen du.

Santa Barbara Kapera beste eraikin interesgarri bat da. Lamadrid eta San Martin kaleen elkargunean kokatua, XVIII. mendeko (1777) tenplu horrek nabe bakarra du eta adobez osatuta dago. Teilatua egurrezkoa da eta kanpoaldean dagoen dorrea hiru gorputzez osatzen da. Hirian dagoen tenplurik zaharrena da eta XVIII. mendeko pintura bilduma bat hartzen du.

Mitre Antzokia hirian ikus daitekeen balio historiko handiko beste eraikin bat da. Erdialdean, Lamadrid eta Alvear kaleen artean kokatua, estilo italiarra duen eraikin eder bat da. 1901ean altxatu zuten eta Argentinako antzoki zaharrenetako bat da. Italiar antzokien ohiko barne egitura du; antzeztoki sakona, eszenaurre minimoa eta platea eta balkoia duen ferra itxurako areto bat.

Legislatura eta Tribunales eraikinak hiriaren modernitatearen adibide onenak dira. Eraikin publiko horiek hiraren aurpegi modernoenaren elementurik adierazgarrienak dira eta beren kutsu garaikideak hiriaren estilo kolonialarekin aurrez aurre jotzen du. Tribunales eraikina dorre zuri erraldoi bat da eta Legislatura hormigoia eta landa-harriak nahasten dituen eraikuntza da.

Azkenik, museo asko bisitatzeko aukera ematen du San Salvador de Jujuyk. Garrantzitsuenetako bat Probintziako Museo Historikoa da. Lavalle kaleko etxe zahar batean du egoitza museoak eta probintziako eta eskualdeko historiari buruzko objektuen bilduma interesagarria dago bertan ikusgai. Hirian dauden beste museo interesgarri batzuk Carlos Darwin Museoa, Probintziako Arkeologia Museoa edota Jorge Mendoza Arte Ederren Museoa dira.

(Argazkiak: 4, 6: es.wikipedia.org; 1, 2, 3, 5, 7: www.noroesteargentino.com)