BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Santiago de Cali, hiri historikoa (I)

Santiago de Cali, hiri historikoa (I)
Santiago de Cali, hiri historikoa (I)
Santiago de Cali, hiri historikoa (I)
Santiago de Cali, hiri historikoa (I)
Santiago de Cali, hiri historikoa (I)
Santiago de Cali, hiri historikoa (I)
Santiago de Cali, hiri historikoa (I)

Santiago de Cali Valle del Cauca departamenduko hiriburua da. Kolonbiako hego-mendebaldean, Andeetako Eskualdean, kokatuta dago, Kolonbiako hiriburutik, Bogotatik, 484 kilometrora. Itsas mailatik ia 1.000 metrora altxatzen da eta bere 540 kilometro koadroko baino gehiagoko azaleran bi milioi biztanle baino gehiago hartzen dituenez, Kolonbiako hirugarren hiririk populatuena da.

2008/10/10

1536an sortua, Kolonbiako eta Amerikako hiririk zaharrenetakoa da. Bere historiaren ibilbide luze horri esker, Santiago de Calik interes historiko handiko hamaika toki eskaintzen dizkio bisitariari. Caycedo Plaza da horietako bat. Hiriaren erdigunea eta bihotza da, 1913. urtera arte Konstituzio Plaza bezala ezagutzen zena.

Caycedo Plaza inguruan hainbat eraikin enblematiko daude, besteak beste, San Pedro Katedrala. 1772an eta estilo barrokoan hasi zen tenplu eder horren eraikuntza baina lanek urte asko iraun zuten eta katedrala XIX. mendean eta estilo neoklasikoan amaitu zen. Gainera, hainbatetan zaharberritu behar izan dute zenbait lurrikarek eragindako kalteen ondorioz. Hiriburuko tenplu katolikorik garrantzitsuena izateaz gain, Caliko Artxidiozesiaren egoitza hartzen du.

Katedraletik gertu Jauregi Nazionala kokatzen da. 1926 eta 1933. urteen artean altxatutako eraikin errenazentista, Frantziako estilo neoklasikoan eraikita dago eta gaur egun Caliko Agiritegi Historikoa hartzen du.

La Ermita Eliza Santiago de Caliko toki turistikorik garrantzitsuenetako bat da. Hiriaren erdialdean bertan kokatua, Paseo Bolivar eta Cali ibaiaren aurrean, jatorrizko eraikina XVII. mende erdialdekoa da eta lurrikara batek suntsitu zuen. Gaur egungoa 1930 eta 1942. urteen artean altxatutako eraikin gotikoa da.

Hirian dauden eraikin erlijiosoekin jarraituz, San Antonioren Kapera ezagutzea nahitaezkoa da. San Antonio muinoan kokatuta, XVIII. mendean eta estilo barrokoan eraikitako kapera kolonial bat da. Aldare baliotsu bat hartzen du eta bere kokapen paregabeari esker, tenpluak hiriaren bista ederrekin gozatzeko aukera eskainiko dio bisitariari.

San Frantziskoko Gune Erlijiosoa bisitatzea merezi duen beste toki bat da. Hiriaren erdialdean kokatua, Caliko frantziskotarrek kudeatutako eraikin multzo bat da. XVII eta XIX. mendeen artean altxatutako bost eraikinek osatzen dute gune erlijiosoa: San Joakim Komentua, Sortzez Garbiaren Kapera, Dorre Mudejarra, San Frantzisko Eliza eta arte sakratuaren museoa. Komentua eta kapera XVIII. mende erdialdera altxatu zituzten, monje frantziskotarrek bertan ostatu har zezaten.

San Frantzisko Eliza Maurici Ramelli italiarrak 1803 eta 1827 urteen artean altxatutako eraikin neoklasiko bat da. Guneko eraikinik baliotsuenatzat jotzen den eliza hori doriar taulamendu batek banatzen dituen bi gorputzetan zatitzen da. Beheko gorputzak hiru kale ditu eta goikoak bakarra, erdikoa, kanoi erdiko ganga batez estalita dagoena.

Dorre Mudejarra, 1772an altxatutakoa, bere estiloan Hego Amerikako dorrerik ederrenetakotzat jotzen dute. 23 metroko altuera du eta erlaitzetan zatitzen diren lau gorputzez osatzen da. Goiko gorputzean arku trilobulatuak dituen kanpandorre bat ikus daiteke eta sabaia urdin eta berde koloreko azulejoekin apainduta dago.

(Argazkiak: Wikipedia )