BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Santiago de Cali, hiri historikoa (II)

Santiago de Cali, hiri historikoa (II)
Santiago de Cali, hiri historikoa (II)
Santiago de Cali, hiri historikoa (II)
Santiago de Cali, hiri historikoa (II)
Santiago de Cali, hiri historikoa (II)
Santiago de Cali, hiri historikoa (II)
Santiago de Cali, hiri historikoa (II)

Iragan astean Caliko txoko erakargarrienak bisitatzen hasi ginen, eta oraingo honetan hiri eder honek eskaintzen dituen xarma handiko beste toki batzuk ezagutzen emango diogu amaiera bidaiari.

2008/10/17

Hiriko ondare erlijiosoa ezagutu genuen bidaiaren lehenengo partean. Halere, hiriburuko eraikin erlijiosorik garrantzitsuenetako bat ezagutzea falta zitzaigun. La Merced Gune Erlijiosoa. Hirian dauden eraikin kolonialik zaharrenak dira, eta gunea Monumentu Nazional izendatu zuten. Virgen de las Mercedes, Virgen de los Remedios eta San Juan de Letran kaperek, La Merced Komentuak eta Arte Kolonial eta Erlijiosoaren Museoak osatzen dute gunea.

La Merced Komentua, 1545. urtean altxatuta, Santiago de Caliko tenplurik zaharrena da. Hala, hiriburuko historiako lehenbiziko meza hartu zuen, hiriaren sorreraren omenez emandakoa. Virgen de los Remedios Kapera 1678an altxatu zuten eta hainbat zaharberritze izan ditu, garrantzitsuena XX. mende erdialdera egindakoa.

Hirian dauden antzokiak dira Caliko beste erakargarritasun turistiko bat. Udal Antzokia da gaur egun hirian dagoen eraikin kultural nagusiena. 1922 eta 1927 urteen artean altxatu zuten Frantziako estilo neoklasikoan, eta Monumentu Nazional izendatu zuten 2002. urtean. 1.200 ikusle hartu ahal ditu eta barrualdean Mauricio Ramelli eta Efrain Martinez artisten lanak daude ikusgai.

Jorge Isaacs Antzokia hirian dagoen tradizio handieneko antzokia da seguru asko. 1931. urtean altxatutako eraikuntza horrek 1.187 lagun har ditzake eta Monumentu Nazional izendatu zuten 1984an. Eraikinak Italiako erromantizismoaren eragina eta akustika zoragarria ditu. 1989. urtetik aurrera zaharberritze sakonak jasan zituen.

Caliko Dorrea askoz modernoagoa da. 45 solairuko etxe orratz hori Caliko eraikuntzarik ospetsuenetako bat da zalantzarik gabe. 211 metroko altuerarekin hiriko "dorrerik" altuena da eta altuera handieneko Kolonbiako hirugarren eraikuntza da. Hiriko finantza-jardueren bihotzean kokatuta, 1984an altxatu zuten eta bulegoak eta 5 izarreko hotel bat hartzen ditu.

Hiriaren ipar-mendebaldean Hiru Gurutzeen Muinoa dago. Landa-eremu batean kokatuta, Caliren eskumenekoa den Montebello lurraldean, mendixkak ia 1.500 metroko altuera du, eta gailurrean Hiru Gurutzeen Monumentu ospetsua dago. 26 metroko altuerarekin eta 11 metroko zabalerarekin, erdiko gurutzea da guztietan handiena. Alboko biek 22 metroko altuera eta 8 metroko zabalera dute. Eliztarrek Aste Santuan gailurrera igotzeko ohitura dute erromesaldian, eta azpimarratzekoa da muinora igotzeak hiriaren bista ederrez gozatzeko aukera eskaintzen duela.

Cristo Rey Muinoa bista ederrak eskaintzen dituen Caliko beste toki eder bat da. Hiriaren mendebaldera kokatuta, bere eskumeneko Los Andes lurraldean, mendixka honen gailurrean monumentu enblematiko bat altxatzen da. Besoak irekita dituen Kristoren irudi bat da, 45 metroko altuerakoa eta 460 tona baino gehiagokoa, Rio de Janeiroko Kristo Askatzailea gogorarazten duena. 1948 eta 1954 urteen artean eraiki zen, Mila Eguneko Gudaren amaieraren 50. urteurrena zela-eta.

Bidaiari bukaera emateko Lorategi Botanikoan paseatzea komeni da. Hiriburuaren mendebaldean kokatzen da. eta bere ibilbidean zehar, ia kilometro batekoa, bisitariak atseden hartzeko eta naturaz gozatzeko aukera izango du. Gainera, ibilbidean banatzen diren 10 ikasketaguneek parkearen flora eta faunari buruzko informazioa eskaintzen dute.

(Argazkiak: 1, 2, 3, 5, 6, 7: Wikipedia; 4 Teatrojorgeisaacs.com )