«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Bariloche, hiri turistiko bat Argentinako Patagonian








San Carlos de Bariloche Argentinako Patagonian, Rio Negro herrialdearen hego-mendebaldean, kokatzen den hiri bat da. Hain zuzen ere, biztanle gehien hartzen dituen Patagoniako Andeetako hiria da eta toki paregabean dago: Nahuel Huapi lakuaren bazter baten gainean, ia 800 metroko altueran, Nahuel Huapi Parke Nazionalaren barruan.
2008/11/07
Kokapen ikusgarri horri esker, San Carlos de Bariloche hiri bat baino gehiago altxor natural bat da, Hego Amerikako hiri turistiko nagusienetako bat delarik. Hala, hiriko erreserba naturalekin, eski guneekin edota paisaia zoragarriekin gozatzera doazen 800.000 turista baino gehiago hartzen ditu urtero.
712.160 hektareako azaleran hedatzen den Nahuel Huapi Parke Nazionalaren barruan kokatzen da hiria. 1934. urtean sortutako parke hau Argentinako parke naturalik zaharrena da eta, San Carlos de Bariloche, bertako hiririk handiena.
Hain justu, parke horren barruan eta Barilochetik 20 kilometro eskasera Argentinako muinorik ospetsuena dago: Katedral Muinoa. 2.400 metroko altuera duen mendia, leku ezin hobea da eskia praktikatzeko; izan ere, ipar-ekialdeko hegaletan herrialdeko eski gune garrantzitsuena dago. Otto Muinoa, Nahuel Huapi lakuaren ertzean kokatuta, aurrekoa bezain garaia ez den arren, eski pistak ere baditu. Horrez gain, tontorrak lakuaren bista zoragarriak eskaintzen dizkio bisitariari.
Nahuel Huapi Lakua, hiriaren aldamenean kokatuta, Argentinako tokirik ederrenetako bat da. 557 kilometro koadroko azalerarekin, glaziar jatorriko laku hau 700 metroko altueran kokatzen da eta hainbat uhartez osatuta dago. Urak duen kolore urdin harrigarriak eta lakua inguratzen duen naturaren edertasunak ahaztezin bihurtzen dute txalupaz lakuan barrena egin daitekeen ibilbidea.
Bere ondare arkitektonikoa San Carlos de Barilocheko beste erakargarritasun turistiko bat da. Auzo Etxeada eraikuntza guztietan aipagarriena. Nahuel Huapi lakuaren ikuspegi ederrak eskaintzen dituen plaza baten inguruan dagoen eraikin multzo bat da. Eraikin guztiak toba harriz eta egurrez eginak dira eta, eraikin multzoan, hiru nagusitzen dira: liburutegia, Museoa eta Udaletxea.
Sarmiento Liburutegia 1940. urtean inauguratu zen eta liburutegi batek izan ohi dituen aretoak izateaz gain, lehenengo solairuan ekitaldi kultural ugari (antzerki lanak, hitzaldiak, e.a.) hartzen dituen ospakizun areto bat dago. Patagoniaren Museoa Auzo Etxeko ekialdean kokatzen da eta hainbat areto ditu. Kanpoaldean, eraikinak bi arku ditu beheko solairuan eta horiek Auzo Etxeko irteeretako bat da.Udaletxea da multzo horretako eraikinik interesgarriena. Nahuel Huapi lakura begira, eraikinak bista zoragarriak eskaintzen ditu eta erloju berezi bat duen dorre ikusgarri du.
San Carlos de Barilocheko Katedrala, edo "Nahuel Huapiko Andre Mariaren" Katedrala, Almirante O?Connor eta Beschtedt kaleen arteko bidegurutzean kokatzen da eta hiriko tenplurik garrantzitsuena da. Harri zuriz eta estilo neogotikoan altxatuta, gurutze latinozko oinplanoa du. Teilatua beltza da eta oso ikusgarria den orratz itxurako kanpandorrea du.
Azkenik, Llao Llao Hotela ezagutzea merezi du. Hiriaren mendebaldean, bi lakuren erdian dagoen muino txiki baten gailurrean kokatzen da. XX. mende hasieran, estilo kanadarrean eta harriz eta egurrez altxatutako eraikin bat da. Leiho handiak eta terraza eta balkoi ugari ditu bisitariek inguruan dagoen naturaren edertasunaz goza dezaten.
(Argazkiak: www.wikipedia.org)