BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Almendralejo, Extremadurako hiria (I)

Almendralejo, Extremadurako hiria (I)
Almendralejo, Extremadurako hiria (I)
Almendralejo, Extremadurako hiria (I)
Almendralejo, Extremadurako hiria (I)
Almendralejo, Extremadurako hiria (I)
Almendralejo, Extremadurako hiria (I)
Almendralejo, Extremadurako hiria (I)

Almendralejo Extremadurako Autonomia Erkidegoan, Badajozeko probintzian, kokatutako hiri bat da. Erkidegoko lur emankorrenak hartzen dituen Tierra de Barros eskualdeko hiriburua, 33.000 biztanletik gora du eta horrenbestez, probintziako laugarren biztanlegune handiena da.

2008/11/21

Hiria ardogintzari lotuta dago. Bere 160 kilometro koadroko azaleran, mahasti eta upeltegi ugari daude. Hala, 1987. urtean, Ardoaren Nazioarteko Hiria izendatu zuten eta, 1992an, berriz, Ardoaren Hiri Zaharra. Almendralejoko upeltegiak hiriak dituen erakargarritasun turistiko nagusienetako bat dira eta, horietako batzuk, nazioarte mailako ardogintzaren sari garrantzitsuenak lortu dituzte. Hortaz, hiriko ekonomia, Erkidegoaren zutabeetako bat, ardoaren eta olibaren laborantza tradizionalean oinarritzen da.

Baina ardogintzaren alorrean Estatuko hiri garrantzitsuenetako bat baino askoz gehiago da Almendralejo. Enoturismoaz gain, bere eskaintza turistikoa oso zabala da eta bisitatzea merezi duen ondare arkitektoniko interesgarria du . Era berean, Erromantizismoaren Hiria bezala ere ezaguna Almendralejo; izan ere, literatura mugimendu horretako bi poeta entzutetsu hirian jaio baitziren: José de Espronceda eta Carolina Coronado.

Hain zuzen, Espronceda jaio zen etxea, Monsalud Jauregia, bisitari gehien hartzen dituen hiriko txokoetako bat da. Hirigunearen erdian kokatuta, 1752. urtean eraiki zuten eta, gaur egun, Udalaren egoitza hartzen du. Hiru solairu dituen lau angeluko eraikin bat da. Barruko aldea, patio baten inguruan antolatuta dago eta jauregiaren barruan dauden azulejuak ikusgarriak dira oso. Lehen solairuan zeramikazko zutabeak dituen balaustrada eder bat dago. Bigarrenean, udal-agiritegiak eta ospakizunetarako aretoa kokatzen dira eta, azken honetan, Esproncedaren, Carolina Coronadoren eta Monsalud Markesaren hiru erretratu daude ikusgai.

Hirigunetik irten gabe, Ricardo Romero kalean hain justu, beste jauregi bat dago: Enkomiendako Markesaren Jauregia. Interes Kulturaleko Ondasun izendatuta, XVII. mendean eraiki zuten Enkomiendako Markesek aginduta. Bi solairu dituen tamaina handiko eraikin barroko bat da. Barrutik, estruktura angeluzuzena duen eta XIX. mende amaieran zaharberritu zuten patio baten inguruan egituratuta dago jauregia.

Garbikundearen Andre Mariaren Eliza beste erakargarri turistikoetakoa da. Interes Kulturaleko Ondasun izendatuta, Espainia Plazan dago, udaletxearen aurrean kokatuta. XVI. mendean eraikitzen hasi ziren, beste tenplu bat zegoen leku berean. XVI. mendeko dorre eder bat da tenplu gotiko horrek duen elementurik aipagarriena. Barruan, nabe handi bat du tenpluak, erdi puntuko arkuen bidez banatuta dauden bost tartetan zatituta. Gainera, erretaula nagusi ikusgarri bat eta tenplua apaintzen duten hainbat horma-pintura hartzen ditu, Emilio Nembrini, Giovanni Gritti eta Ottavio Bernardi artista italiarren lanak, besteak beste.

Pietatearen Santutegia hirian dagoen balio historiko handieneko beste eraikin erlijioso bat da. Interes Kulturaleko Ondasun izendatuta, XVI. mendean hiriaren zaindaria zen Errukiaren Andre Mariaren omenez eraikitako tenplu txiki bat da. Atrio de la Piedad kalean kokatuta, usadioaren arabera 1507. urtean Errukiaren Andre Mariaren irudia agertu zen tokian, eraikina XVIII. mendean zaharberritu zuten. Oso tenplu xumea da eta gurutze latinozko oinplanoa du. Barruan hainbat artelan hartzen ditu, besteak beste, XVI. eta XVII. mendeetako oihal gaineko olio pintura bi, XVII.eko hiru erretaula barroko eta harri polikromatuan landutako Errukiaren Andre Mariaren irudi originala.

(Argazkiak: www.wikipedia.org)