BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Almendralejo, Extremadurako hiria (II)

Almendralejo, Extremadurako hiria (II)
Almendralejo, Extremadurako hiria (II)
Almendralejo, Extremadurako hiria (II)
Almendralejo, Extremadurako hiria (II)
Almendralejo, Extremadurako hiria (II)
Almendralejo, Extremadurako hiria (II)
Almendralejo, Extremadurako hiria (II)
Almendralejo, Extremadurako hiria (II)

Iragan astean Almendralejoko txoko interesgarri batzuk ezagutu genituen, eta, oraingoan, hirian dauden beste hainbat toki interesgarri bisitatuko ditugu; San Antonio eta Santa Klara komentuak, Osilo Kondeen Jauregia edota Carolina Coronado Antzokia, besteak beste.

2008/11/28

San Antonio Komentua hiriko tenplurik interesgarrienetako bat da. Interes Kulturaleko Ondasun izendatuta dago eta probintziako komenturik garrantzitsuenetako bat da. 1663. urtean amaitu zuten hura eraikitzen, eta, XIX. mende erdialdean eraikina desjabetu ostean, hiriko familia dirudun batek bere esku hartu zuen. Nahiz eta komentuko elizak jardunean jarraitu zuen, komentuak zorte txarragoa izan zuen, eta aletegi edota biltegi gisa erabili zuten XX. mende amaierara arte, Almendralejoko Tailer Eskolak eraikina zaharberritu zuen arte.

Eraikinaren mendebaldeko aldean, komentuaren eliza dago. XVII. mende amaieran altxatuta, gurutze latinozko oinplanoa du eta, bere altuera dela-eta, gainerako erakinetik nabarmentzen da. Aldare nagusiaren atzean, horma-pintura arrastoak dituen ganbaratxo bat dago. Gainera, tenpluan XVII. mendeko hiru erretaula barroko daude. Halere, tenpluaren barrualdean dauden elementuen artean, lurrean jarrita dauden 81 hilobiak dira, zalantzarik gabe, elementu ikusgarrienak. Granitozko lauzak dituzten hilobi hauek, komentuko fraideenak dira eta zenbakiak dituzte zizelkatuta.

Santa Klara Komentua, 1702. urtean sortuta, Interes Kulturaleko Ondasun izendatuta dago eta hainbat aldiz zaharberritu dute. Hiru tartetan zatituta dagoen nabe bakarra dauka. Barrualdean, bi gorputzez eta hiru kalez osatutako erretaula nagusi barroko bat dago. Horrez gain, egurrezko aulkiteria daukan koro eder bat du tenpluak.

Santiago Plazan, beste tenplu bat dago: Santiago Ermita. XVI. mendean altxatuta, baseliza txiki hau hiriko ermitarik zaharrenetako bat da. Oso eraikin soila da, nabe bakarrekoa eta hainbat eraikin atxikita dituena.

Eraikin zibilei dagokienez, iragan astean bisitatu genituen Monsalud eta Encomienda jauregiez gain, beste eraikin eder batzuk aurki daitezke Almendralejon. Osilo Kondeen Jauregia horietako bat da. XVII. mende hasierako eraikin hau, urte askoz Almendralejoko Udalaren egoitza izan zen. Bi solairu ditu eta, bere aurrealdea, zuriz pintatuta dago. Bertan, lehenengo solairuan, erdi puntuko arkuak dituen arkupe bat dago, eta, bigarrenean, leihoburuekin apainduta dago eraikina.

Reyes Catolicos kalean, Koloniako Markesen Jauregia dago. Beste jauregi eder bat da eta, aurrekoak bezala, bi solairu ditu. XIX. mendean altxatu zuten eta, gaur egun, moja-ikastetxe bat da.

Carolina Coronado Antzokia balio historiko handiko eraikin bat da. 1916an altxatuta, urte bat geroago, 1917an, inauguratu zuten. 2003. urtean egindako zaharberritze handi bati esker, eraikinaren barrualdeak XX. mende hasierako irudi bera mantentzen du.

Azkenik, Almendralejoko Zezen Plaza bisitatzea merezi du. Interes Kulturaleko Ondasun izendatuta, 1843. urtean eraiki zuten. 38 urte geroago zaharberritu zuten lehen aldiz eta, 1912an, estilo mudejarrean berriztatu zuten. Harmailen azpian duen upeltegia da, zalantzarik gabe, plaza bereizten duen elementurik garrantzitsuena. XX. mende erdialdera, ardandegidun batek plaza erosi zuen eta, toki horrek duen tenperatura eta hezetasun egoera egokiak aprobetxatzeko, ardoa biltegiratzea erabaki zuen. Gaur egun, upeltegi hau bisitatzeko aukera eskaintzen dute hiriko bisitaldi gidatuek.

(Argazkiak: www.almendralejo.es)