BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Taiwan, irla harrigarri bat (I)

Taiwan, irla harrigarri bat (I)
Taiwan, irla harrigarri bat (I)
Taiwan, irla harrigarri bat (I)
Taiwan, irla harrigarri bat (I)
Taiwan, irla harrigarri bat (I)
Taiwan, irla harrigarri bat (I)
Taiwan, irla harrigarri bat (I)
Taiwan, irla harrigarri bat (I)

Taiwan irla Txinako kostaldearen aurrean dago, Fujian probintziaren parean. Hiru itsasok inguratzen dute irla: Txina Ekialdeko Itsasoak, Txina Hegoaldeko Itsasoak eta Ozeano Bareak, hain zuzen. Irlak Formosa izena ere bazuen, antzina portugesek lekuari eman zioten deituragatik: Ilha Formosa ("Irla ederra"). Gaur egun, Taipei izena ere erabiltzen da irla aipatzeko.

2008/04/25

Txina VII. mendea aldera bertan finkatu zela uste dute eta Japoniak XII. mendean konkistatu zuela. Geroago, europarrak gerturatu ziren irla horretara; lehenak portugesak izan ziren, atzetik espainiarrak etorri ziren eta, azkenik, nederlandarrak iritsi ziren. Azken horiek Taiwanen finkatu ziren 37 urtez. Azkenean, txinatarrek kanporatu zituzten eta, XVII. mendetik, Inperio Txinatarraren esku geratu zen irla. Ordutik aurrera, uhartea lortzeko lehia handia egon da.

Taiwan irla 5 eskualdetan banatuta dago: Erdialdeko Taiwan, Iparraldeko Taiwan, Ekialdeko Taiwan, Hegoaldeko Taiwan eta inguruetako irlak. Irlako ekialdea nahiko menditsua da, mendebaldea, aldiz, laua. Ekialdean Taiwaneko paisaia natural ikusgarrienak daude. Iparraldea gune moderno eta garatuena da eta hegoaldea, ordea, gune tropikalena.

Irlako hiriburua Taipei da, Taiwanen hiri garrantzitsu asko dauden arren. Txinatar errepublikaren gobernua Taipein dago eta hori erdigune kultural eta ekonomikoa da. Hiriburuan, munduko etxe orratz altuena dago: Taipei 101 (508 metro). Izenak berak dioen moduan, 101 solairu ditu eraikinak eta etxe orratz modernoenetakoa da.

Ekonomia indartsua du Taiwanek. Hsinchu hiria herrialdeko goi-teknologiako industriaren buru da eta munduko merkatu nagusienetakoa ere. Hsinchu teknologia parkean alor horretako enpresa garrantzitsu askoren egoitzak daude.

Herrialdeko portu nagusietako bat Kaohsiung da. Taiwaneko bigarren hiria da, tamainari eta garrantziari begira eta bertako aireportua ere bigarrena da. Herrialdearen hego-mendebaldean dago eta Portu Hiriburua izenaz ere ezagutzen da. Oso hiri ezaguna da Taiwanen baina, neurri handi batean, daukan industria izaeragatik.

Taiwan erdian, Puli herria aurkituko dugu. 1999an lurrikara bat izan ondoren, herria berreraiki zuten. Oso kokapen ona dauka; haran eder batean dago, mendi-bide eta pistaz inguratuta, eta, bertatik, inguruetako mendi eta lakuak bisitatu ditzakegu. Laku horietako bat Sun Moon da; 760 metrotara dago eta ezagunak dira bere ur gardenak eta hondoan dituen mendiek osatzen duten bista zoragarria.

Hualien hiria Taroko Arroilatik eta izen bereko Parke Nazionaletik oso gertu dago. Taiwaneko hiri ederrenetakoa da. Ekialdean, Mendikate Zentrala dauka eta, mendebaldean, Ozeano Barea. Eskualde horrek turista asko erakartzen ditu oso paisaia ederrak dituelako eta ingurugiroa oso garbia delako.

Beste leku turistiko bat Jiufen da, ipar-ekialdeko kostaldean kokatua. Meatze-herri oparoa izan zen 50eko hamarkadara arte, ospea galtzen hasi baitzen ordutik aurrera. Horri aurre egiteko, herriaren alde turistikoa bultzatu zuten, dituen kale xarmagarriak, te etxeak eta Ozeano Barearen gaineko bista harrigarriak aprobetxatuz. Tradizioa guztiz mantendu du eta, horregatik, hainbat filmetan eszenatoki gisa erabili dute.

Azkenik, Tainan hiria historiaz beteriko lekua da. Taiwaneko hiri zaharrena da eta bertako hiriburua izan zen antzinako inperioaren garaian. Tainanen nabarmentzekoak dira tenpluak, eraikin historikoak eta lekuko gastronomia. Tainanen iluntzea ikusteko leku pribilegiatu bat Kanping Gotorlekuaren Aurriak, nederlandarrek 1620an eraikiak, dira. Amaitzeko, oso ezagunak dira Gaueko Azokak. Hainbat tamainatako bi dozena azoka baino gehiago daude hirian zehar. Askotariko gauzak saltzen dituzte han eta, azoka batzuetan, ikuskizunak ere eskaintzen dituzte.

(Argazkiak: Go2taiwan)