«« Itzuli
Erreportajeak
Taiwan, irla harrigarri bat (II)








Aurreko astean irlako herri interesgarrienetatik bidaia egin genuen. Taiwan kontrastez beteriko herrialde bat da: tradizioa eta modernitatea, lautadak eta mendiak, kostaldea eta basoa... horregatik, irla osoa ikustea merezi du bisitan gauden bitartean. Hala ere, helmuga erakargarrienak errepasatu ostean, Taipei hiriburua esploratzeari ekingo diogu.
2008/05/01
Hiriari begirada bat botaz gero, gure arreta deituko duen lehen eraikina Taipei 101 izango da. Aurreko astean esan genuenez, etxe orratz hori munduko altuena da, edo behintzat hala izango da Burj Dubai, Arabiar Emirerri Batuetan, bukatzen duten arte. Taipei 101 eraikinaren igogailuak ere markak hautsi ditu, azkarrenetakoa baita. Gabon Zaharrean, su artifizial ikusgarriak, munduan ezagunak, botatzen dituzte goiko aldetik.
Beste eraikin esanguratsu bat Hotel Nagusia da. 5 izarreko hotel bat da, Yuanshanetik gertu. Bizitza luzea duen eraikin bat da; 1952an eraiki zuten baina hainbat zati erantsi zizkioten 1973an hiriko ikurretako bat bihurtu zen arte. 1968 urtean, US Fortune aldizkariak munduko hamar hotel hoberenetakoa zela esan zuen.
Jauregiko Museo Nazionala arte galeria eta museo gisa erabiltzen den eraikin ikusgarri bat da. Antzinako Txinako obren etengabeko bilduma hartzen du. Beijingen ere izen bera duen beste museo bat dago, Taiwanekoaren ostean sortua. Museo horietan ikusgai dauden bildumak 1940an banatu ziren, Txinako Guda Zibilaren eraginez. Museoa hainbat alditan eraberritu dute eta 2006 zabaldu zuten berriz.
Bisitatzea merezi duen beste eraikin bat Antzoki Nazionala da. Dantza talde ospetsuen ikuskizunak eta musika kontzertu bikainak hartzen ditu. Chiang Kai-shek monumentuaren, Taipeiko eta Txinako Errepublikako ikurraren, inguruetan dago. Eraikinak arkitektura txinatar neoklasikoa du eta harrigarria da gauez argituta dagoenean.
Taipein aurkituko ditugun museoak asko eta askotarikoak dira. Baten bat aipatzearren, Taiwan Istorioen Lurra nabarmendu dezakegu. Antzinako Taiwango kultura eta giroa birsortzen duen jolas-parke bat da. Parkea garai hartako eraikinez eta dendaz apainduta dago. Herrialdeko kulturan eta ohituretan era jostagarrian barneratzeko aukera paregabea da.
Aurrekoan, gaueko merkatuak ere aipatu genituen. Taipeiko famatuena Shilin da, izen bereko auzoan kokatua. Merkatu gehienek arratsaldeko lauretan irekitzen dute, ikasleek, langileek eta jendeak orokorrean lanaldia bukatzen dutenean. Jende gehien biltzen den ordua gaueko 8etatik 11etara da. Dendak goizaldeko ordu bata edo ordu biak arte egoten dira zabalik. Gaueko merkatu horietara joatea, paseo bat ematera baino ez bada ere, esperientzia paregabea da, horrelako lekuak egunez bisitatzera ohituta baikaude.
Ezin dugu Taipeitik alde egin bertako tenpluak bisitatu gabe. Horietako bat Loghan Tenplua da. Guanyin jainkoari, gupidaren irudikapen budistari, eskainita dago eta gune espiritual gisa erabili izan dute belaunaldiz belaunaldi. Ofizialki tenplu budista bat da baina han hainbat erlijio eta sinismen uztartzen dira. Oso txundigarria da leku horren eta hiri modernoaren arteko kontrastea.
Amaitzeko, hiriko ateetaraino hurbildu gaitezke. Japoniarrek alde zaharra inguratzen zuten harresiak eta Mendebaldeko Atea suntsitu zituzten, errepideak eta trenbideak eraikitzeko. Hala ere, jatorrizko bost ateetako lau gorde dira. Kuomitangek lau ate horietako hiru eraberritu zituzten, horien arkitektura estiloa erabat aldatuz. Iparraldeko Atea soilik gorde da bere horretan. Aipatutako atea Zhonghua, Yanping eta Boai kaleak elkartzen diren glorietan kokatuta dago.
(Argazkiak: Wikipedia)
