BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Innsbruck, Alpeetako hiriburua

Innsbruck, Alpeetako hiriburua
Innsbruck, Alpeetako hiriburua
Innsbruck, Alpeetako hiriburua
Innsbruck, Alpeetako hiriburua
Innsbruck, Alpeetako hiriburua
Innsbruck, Alpeetako hiriburua
Innsbruck, Alpeetako hiriburua
Innsbruck, Alpeetako hiriburua

Innsbruck Tirol estatuko hiriburua da, Austriako mendebaldean. Inn haranean dago, mendiz inguratuta, eta oso ezaguna da bertan neguko kirolak praktikatzeko dagoen tradizioagatik. Inn hiria zeharkatzen duen ibaia da eta Bruck alemanezko Brücke hitzetik ("zubia" esan nahi du) dator. Horregatik, Innsbrucken itzulpena "Inn gaineko zubi" izango litzateke.

2008/05/09

Alpeen ondoan kokatuta dago Innsbruck eta oso helmuga famatua da neguko kirolak praktikatzeko. Neguko Joko Olinpikoak bitan ospatu dira hirian: 1964an eta 1976an. Azken urte horretan Denver (Colorado, AEB) ordezkatu zuen, Coloradon jokoak finantzatzea errefusatu baitzuten. Neguan, eskia praktikatzea oso ohikoa da eta, udan, mendizaletasuna. Eski estazio asko daude Innsbrucken eta ondoko herrietan. Stubai Haranean udan ere eskiatu daiteke, lurraren glaziazioa dela eta.

Bergisel Muinora bisita egitea oso gomendagarria da. Lekuak berak balio historiko handia dauka baina turisten arreta erakartzen duena eski jauzien pista ikusgarria da. Lehen pista 1925ean eraiki zuten eta Neguko Joko Olinpikoetan erabili zuten. Pista berri bat eraikitzeko aurkeztu zituzten proiektuen artean, Zaha Hadid irakiarrarena aukeratu zuten. Arkitekto hori da Zorrotzaurreko (Bilbo) penintsula berritu eta berreraikitzeko arduraduna. Pista eraikitzeko lanak 2001ean hasi ziren eta urte bat beranduago amaitu ziren. Emaitza 47 metroko altuera eta 90 metroko luzera duen pista bat da. Ondoan, 28.000 ikusle har ditzakeen dorre bat dauka; goitik dauden bistak txundigarriak dira.

Innsbrucken Zaha Hadidek sortutako maisulan gehiago daude. Irakiarrak sortutako teleferikoari esker, hiriko erdigunetik 2.300 metroko altuerara igo daiteke 20 minututan. Bistetaz gozatzen dugun bitartean, Nordparkeraino igoko gara; eskiatzaileen topaleku den estazio horretan, elur kirolak praktikatu, eguzkitan etzan edo kafetegian zerbait hartu ahal izango dugu.

Innsbruckeko beste ikurretako bat Urrezko Teilatua da. Alde Zaharreko erdigunean Gotiko eta Barroko estiloen nahasketa den eraikin hori aurkituko dugu. Federiko IV.a Artxidukeak agindu zuen eraikitzea XV. mendean, erresidentzia gisa. Gaur egun Urrezko Teilatua deritzona plaza nagusian, Alde Zaharraren bihotzean, dagoen hiru pisutako begiratoki bat da. Hori urrez xaflatutako 2.738 kobrezko baldosaz apainduta dago. Maximiliano I.a enperadorearentzat eraiki zuten, plazan ospatzen ziren torneoak bertatik behatzeko.

Innsbruckeko subiranoen egoitza nagusia Jauregi Inperiala izan zen. 1460 urtea aldera eraiki zuten, estilo Gotikoan, eta 1754-1773 bitartean berritu zuten, estilo Barrokoan. Eraikinak lau hegal eta bi pisutako harrera handi bat, zuria eta urrezkoa, ditu. Erret gelak ere, XVII. eta XIX. mendekoak, bisitatu daitezke.

Hiriaren goiko aldean Ambras Jauregia, Innsbruckeko beste erakarpenetako bat, dago. Erdi Aroko gotorleku batean eraiki zuten, 1529 eta 1595 urte bitartean. Gaztelua bitan banatuta dago: goiko aldea eta behekoa; azken hori Austriako Fernando II.a Artxidukearen bilduma baliotsuak ikusgai jartzeko museo gisa eraiki zuten. Besteak beste, armak, armadurak, liburuak, korala eta marfila zituen Artxidukeak. Gazteluko goiko aldean, Habsburgeko Erretratu Galeria dago gaur egun; mundu osoan ezagunak diren autoreen obrak daude bertan.

Katedraleko Plazan, izenak berak dion moduan, St. Jacob Katedrala dago. Katedral berria antzinako eliza gotiko bat zegoen lekuan eraiki zuten eta Johann Jakob Herkommer arkitektoaren diseinuetan oinarrituta dago. Fatxadak bi dorre handi dauzka eta barruko aldea luxu handikoa da, barroko estilokoa. Barruan hainbat obra gordetzen dituzte, adibidez, aldare nagusian dagoen Ama Birjinaren eta Jesusen irudia.

(Argazkiak: Innsbruck.info eta Austriatravel)