BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Parma, arte eta gastronomia Italiako iparraldean

Parma, arte eta gastronomia Italiako iparraldean
Parma, arte eta gastronomia Italiako iparraldean
Parma, arte eta gastronomia Italiako iparraldean
Parma, arte eta gastronomia Italiako iparraldean
Parma, arte eta gastronomia Italiako iparraldean
Parma, arte eta gastronomia Italiako iparraldean
Parma, arte eta gastronomia Italiako iparraldean

Izen bereko probintziako hiriburua, Italiako iparraldean kokatzen da Parma, Emilia-Romagna herrialdean, Apeninoen eta Po ibaiko lautadan. Parma ibaiak, Po-ren ibaiadarrak, bi zatitan banatzen du 200.000 biztanle baino gutxiagoko hiri hau; arte zein gastronomia zaleak erakartzen dituena.

2008/05/16

Hiru mende baino gehiagotan zehar, Parma, Piacenza eta Guastalla dukerriko hiriburua izan zen Parma; Farnesio, Borboi eta Austriako Maria Luisaren erreinuetako garaietan. Parmaren historia benetan berezia da. Kristo aurretik 183. urtean erromatar kolonia gisa finkatu zenetik, Milango familiak, espainiarrak, frantziarrak, austriarrak eta aitasantutza bat banatu dira Parmaren gaineko boterea, 1861a arte Italiako Erresumarekin bat egin zuenean berriz.

Bere kale estuen artean ezkutatzen diren balio handiko eraikin eta monumentuak dira, zalantzarik gabe, Parmako erakargarritasun nagusienetakoa. Katedrala nabarmentzen da gehien. Via Romean kokatuta, estilo erromanikoko eraikuntza hau 1059an hasi ziren eraikitzen, IV. mendeko tenplu baten oinarrietatik abiatuta. XII. mendekoa da egun ikusten dugun eraikin honen zatirik handiena, izan ere, 1117ko lurrikarak eragindako kalte handien ondorioz berreraiki behar izan zelako. Bere kanpandorre gotikoa berriagoa da; 1284-1294 artekoa. Barrualdea Correggioren, pintore errenazentista bikainaren, freskoez apainduta dago; "La Asunción de la Virgen", bere maisulana, tartean. Fresko zoragarri honek katedraleko kupula apaintzen du. Benedetto Antelami eskultorearen lanak ere ikus daitezke, "El Descenso de la Cruz", adibidez.

Katedrala eta dorretik gertu, bataiotegia aurkitzen da. XII eta XIII. mendeen artean eraikita, garai honetako Europako arkitektura maisulantzat jotzen da. Harri eta adreiluz altxatuta, elementu gotikoak eta erromanikoak ditu. Oinplano oktogonal eta sarrera bakarrekoa, lau solairuko galeriaz osatuta dago. Kristoren bizitzako etapei eta bataioari buruzko freskoek apaintzen dute barrualdea.

Palazzo della Pilotta hiri honetan aurki dezakegun beste monumentu interesgarri bat da. Erdialdean kokatzen da, Piazza della Pilottan, Parmako gazteriaren topaketarako tokia. 1583 eta 1622 urteen artean altxatu zen, gaur egun Arkeologia Museoa, Bodoni Museoa, Farnesio Antzokia, Liburutegi Palatinoa, Arte Ederren Akademia eta, batez ere, Parmako Galeria Nazionala. Tintorettoren, Leonardo da Vinciren, Beato Angelicoren edota Correggioren mailako artisten lanak dira ikusgai pinakoteka ezagun honetan.

Parmako altxor arkitektoniko guztien gainetik bat nabarmendu beharra dago: Regio Antzokia. Hiri honek musikarako duen grinaren ikurra, XIX. mendeko opera antzoki hau Italiako antzoki liriko nagusitzat jotzen da, bere entzuleak adituak bezain zorrotzak direlarik. 1821ean hasi zen mirari honen eraikuntza, zortzi urte geroago, 1829ko maiatzaren 16an, inauguratu zen. 1.200 lagunentzako lekua du eta 1.190.664 parmatar lira kostatu zuen. Giuseppe Verdiren, Parman jaiotako konpositorearen, omenezko musika jaialdi famatua ospatzen da urtero antzoki honetan.

Parmako handitasun artistikoa bisitatuta arima landu ostean, gorputzarekin gauza bera egitea dagokio. Izan ere, Emilia-Romagna herrialdeko ezaugarri berezkoena baita gastronomia, Parma Italiako hiriburu gastronomikotzat jotzen da.

Herrialde honetako berezitasun gastronomikoak mundu osoan ezagunak dira. Konkretuki, Emilia-Romagnako 25 bikaintasun gastronomiko inguruk dute Europako Erkidegoko Jatorri-Deitura Babestua. Horietako bi Parmako urdaiazpikoa (Prosciutto di Parma) eta gazta parmesanoa (Parmigiano-Reggiano) dira. Italiar gastronomia tradizionalaren ikur nagusiak dira, dastatzera behartuta gaudenak herrialde hau bisitatuz gero.

(Argazkiak: Wikipedia)