«« Itzuli
Erreportajeak
Verona, hiri monumental eta erromantikoa








Izen bereko probintziako hiriburua, Italiako iparraldeko (Veneto eskualdean) hiria da Verona. Milan eta Venezia artean estrategikoki kokatuta, Adigio ibaiaren ertzean eta Garda lakutik kilometro gutxira, bere monumentu ugariei eta barreiatzen duen erromantizismoari esker Italiako erakargarritasun turistiko handieneko hirietako bat da.
2008/05/23
Amodioaren hiriburua bezala ezagutzen da; Romeo eta Julietaren arteko amodiozko tragedia Veronan jazo omen baitzen. Hori dela eta, artea eta erromantizismoa uztartzen dituen hiria da.
Veronako ondare arkitektonikoa, hiriaren erakargarritasun nagusienetakoa, bere iraganaren ondorioa da. Erromatar kolonia izan ostean ostrogodoek, lonbardiarrek eta frankoek mendean hartu zutenez, arte erromatarraren, errenazentistaren eta Erdi Aroko artearen nahastea da Verona. Modu honetan, hiriak dituen eraikin eta monumentu ugariei esker Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk.
Hiriko eraikin baliotsuenetako bat sarbidean bertan aurkituko dugu. Ponte Pietra. Veronan mantentzen diren erromatar garaiko eraikinetako bat da. Behin baino gehiagotan zaharberritu dute; 1945.ean azkenekoz, Bigarren Mundu Gerran suntsitua izan ondoren. Ponte Scaligero Veronan dagoen beste zubi aipagarria da, XIV. mendekoa, aipatutako gerraren ondorioz berreraiki behar izan zena.
Zubi honek multzo gotortua osatzen du Castelvecchio gaztelu ikusgarriarekin batera. Pasabide batek bi partetan banatzen duen XIV. mendeko gaztelu honek Castelvecchioko Auzo Museoa hartzen du gaur egun.
Veronako Katedrala hiriko beste interesgune garrantzitsua da. 1117. urtean lurrikara batek suntsitutako bi eliza paleokristauen hondakinetatik abiatuta altxatu zen. Estilo ezberdinak aurki ditzakegu eraikin erraldoi honen baitan; fatxada erromanikoa da, habeartea gotikoa eta kanpandorrea klasiko errenazentista.
San Zeno Basilika Veronako beste eraikin erlijioso nagusia da, hiriko zaindariaren omenez altxatutakoa. XII. mendeko eliza erromaniko hau Italiako iparraldeko eliza erromaniko nagusienetakotzat jotzen da. Elizpean dauden eta Bibliako pasarteak dituzten brontzezko bi ate ikusgarri nabarmentzen dira.
Veronan eraikin ugari eta baliotsuak izan arren, Arena anfiteatroa da ezbairik gabe hiriko eraikin garrantzitsuena. Brá Plazan kokatuta, I. mende erdialdera amaitu zen bere eraikitzea. 139 metroko luzera, 110 metroko zabalera, 44 harmaila ilara ditu, hogeita bost mila lagun hartzen dituelarik. Erromatar garaiko anfiteatroen artean, handienetako eta hobekien mantentzen denetako bat da. Gaur egun, kontzertu lirikoak hartzen ditu akustika oso ona baitu.
Julietaren Etxea turistek gehien bisitatzen duten Veronako lekua da. Via Capellon kokatuta, Shakespeareren obrako protagonista bizi izan zen etxea omen da. Balkoi bat ateratzen da fatxadatik (ustez Romeo bere maitalea ikusteko balkoi honetara irteten omen zen Julieta), balkoipean Julietaren estatua ikusi ahal izango dugularik. Historia honen egiazkotasunaren inguruan zalantzak dauden arren, ezin konta ahal dira urtean zehar balkoi honetara hurbiltzen diren mundu osoko maiteminduak.
Veronan dauden plazak bisitatu gabe ezin diogu amaiera eman ibilaldiari. Piazza delle Erbe da horietako bat . Antzina erromatar garaiko foroa hartzen zuen leku hau egun jauregiz eta etxe zaharrez inguratutako plaza ikusgarria da. Plazaren erdian Madonna Verona iturria dago, emakumezko baten eskultura batez apainduta dagoena. Merkatuaren eta San Markosen zutabeak ere ikusi ahal izango ditugu plaza honetan. Piazza dei Signori Veronan dagoen beste plaza zoragarri bat da. Bertan, Danteren omenezko monumentua, Palazzo Comunale, Palazzo del Governo eta Loggia del Consiglio bisitatu ahal dira.
(Argazkiak: Wikipedia)
