BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Bristol, historia luzea duen hiri bat

Bristol, historia luzea duen hiri bat
Bristol, historia luzea duen hiri bat
Bristol, historia luzea duen hiri bat
Bristol, historia luzea duen hiri bat
Bristol, historia luzea duen hiri bat
Bristol, historia luzea duen hiri bat
Bristol, historia luzea duen hiri bat

Hiriaren izena antzinako ingelesezko Brycgstow hitzetik dator (egungo ingelesean, Bridgetown, hitzez hitz "zubiaren hiria"). Avon ibaiak hiria zeharkatzen du eta Bristoleko portuan, Ingalaterrako garrantzitsuenetakoan, itsasoratzen da. 1247 urtetik aurrera, hedatzen hasi zen eta, XIV. mendean, Ingalaterrako hiri nagusienetakoa izatera iritsi zen.

2008/05/30

Bristoleko ikurretako bat Katedrala da. Bertara hurbiltzen diren bisitariek urteko egun guztietan, 8:00etatik 18:00etara, aurkituko dituzte irekita ateak. Eraikin hori Bristoleko historiaren, kulturaren eta tradizioaren bihotza dela esan genezake. 1140ean fundatu zuten abadia gisa eta 1542an Katedral bihurtu zen; geroztik, eraikinaren itxura asko aldatu da, eraikuntza bikaina da.

St Mary Redcliffe eliza Ingalaterra osoko eliza ederrenetakoa da, baita herrialdeko arkitektura gotikoaren adibide hoberenetakoa ere. XIII. mendean fundatu zuten eliza eta 200 urte eman zituzten hori eraikitzen. Bristoleko merkatariek egindako ekarpenei esker eraiki ahal izan zuten. Udan, ez dago zabalik asteburuetan.

Glastonbury Abadiak balio historiko handia dauka, Ingalaterrako abadiarik garrantzitsuena eta oparoena baitzen. Gaur egun ikus dezakeguna garai batean izan zenaren aurriak baino ez dira; hala ere, oso ondo gordeta daude eta ingurua zoragarria da. Hiriaren erdigunean zertxobait ezkutatuta dago, 36 akre lorategiz eta aintziraz inguratuta.

Gaztelu eta leku historikoak ere asko dira Bristolen. Blaise Gaztelua ospetsuena da agian. XIX. mendeko luxuzko etxe bat da, 400 akre berdegunez inguratuta. Museoan hainbat mende dituzten pieza interesgarri asko dago: komun eta bainugela victoriarrak, sukaldeko eta garbitegiko piezak, tren maketak, panpinak, jostailuak, jantziak... Inguruetan dauden lorategietatik ibilalditxo bat egitea ere oso gomendagarria da. Gaztelua, Jane Austenen Northanger Abadia liburuan aipatzen dena, irekita egoten da ordu batzuetan udako zenbait igandetan; goitik, bandera behatu eta bista bikainez gozatuko ahal izango dugu.

Xarma handia duen beste leku bat Red Lodge da. 400 urteko etxe isabeldar hori askotan eraberritu dute. Behin Isabel I Erreginak ostatu hartu zuen Erret Etxearen ondoan dago eta Bristoleko "altxor ezkutua" esaten diote. Barruan, Haritzezko Logela Handia, mendebaldeko gune osoko logelarik ikusgarrienetakoa, dago. Eskailera kiribil batetik sarreraraino helduko gara; barruan, liluratu egingo gaituzte bertako haritzezko kasetoidurek, sabaiko eskaiolazko apaingarriek eta zizelkatutako tximinia handiak. Beheko solairuan, harrera eta inprenta gela aurkituko ditugu, georgiar estilokoak biak. Red Lodge larunbatetik asteazkenetara egoten da zabalik.

Amaitzeko, Bristoleko Unibertsitateko Lorategi Botanikoa bisitarako leku interesgarria gerta liteke. 5 akreko parke horretan, 200 landare familiatako 4.500 espezie hazten dituzte. Ez da erreza Bristolen edo inguruetan hainbeste landare mota aurkitzea. Lorategiak hainbat bilduma hartzen ditu, adibidez: bertako landareak edo desagertzeko arriskuan dauden hego-mendebaldeko landareak, Txinako sendabelarrak, Hegoafrikako nahiz Zeelanda Berriko landareak...

(Arkazkiak: Azala eta 1: Wikipedia; 2, 3, 4, 5, 6 eta 7: Visitbristol)