«« Itzuli
Erreportajeak
Bath, georgiar estiloko hiria








Bath hiria Somerset konderrian, Erresuma Batuan, dago. Hiria Avon ibaiaren haranean dago, mendiz eta iturburu termalez inguratuta. Hori dela eta, erromatarrek hainbat terma eraiki zituzten hirian eta, geroago, spa gune ospetsu bihurtu zen. Bath Munduko Ondarearen parte da 1987tik eta hainbat eraikin historiko ditu, hiria oso helmuga bisitatua bihurtzen dutenak.
2008/06/06
Bath hiriak iraganeko esentzia osoa gorde du. Ibilbidea hasteko, terma erromatarrak bisitatutako ditugu.
Leku hori erromatarrek Erresuma Batuan eraiki zuten hoberenetakoa da, herrialdeko iturburu termal bakarra baita. Gaur egun, ur natural beroa du oraindik ere. Instalazioetatik ibili eta iturri nagusia behatu ahal izango dugu. Termaren aurriak oso ondo gorde dira, baita bestelako zehetasun batzuk ere. Sarrerarekin batera, termen urrezko garaian kokatuko gaituen audiogida bat emango digute. Horrez gain, garai hori irudikatzen duten pertsonaiak ikusiko ditugu arratsaldero urte honetatik aurrera.
Duda gabe, hiriko ikurretako bat Royal Crescenta, 30 etxez osatutako bizitegi-kale bat, ilargi erdiaren forma duena, da. John Wood arkitektoak eraiki zuen 1767 eta 1774 urteen artean. Erresuma Batuan aurkitu dezakegun arkitektura georgiarraren artean, bikainenetakoa da. John Woodek, bere aitak bezala, interes handia zuen ikur masonikoetan; eta Royal Crescenta, hain zuzen ere, airetik begiratzen bada, Circus izeneko arkitektura-sorkuntzarekin batera (bere aitak egina) zirkulu eta ilargi erdi antzeko bat osatzen duela ikus daiteke. Gune horretan, Gay kalearekin eta Queens plazarekin elkartzen direnean, giltza antzeko bat osatzen dutela ere ikus daiteke; hori ere ikur masoniko bat da.
Number One ("lehena" euskaraz) Royal Crescenten eraiki zuten lehen etxea da. Etxe horrek Batheko garai oparoena birsortzen du; kontu handiz eraberritu zuten eta, daukan dekorazioari esker, XVIII. mendean gaudelako inpresioa izango dugu. Hainbat gela tipiko ditu: egongela handi bat, marrazketa gela bat, logela bat eta georgiar estiloko sukalde bat.
Hurrengo geldialdia Modaren museoan egingo dugu. Museo horrek modaren historiaren 400 urte biltzen ditu. Bertan, jantzien eta trajeen bilakaera, XVI. mendetik gaurko egunetara, erakusten duten 150 maniki aurkituko ditugu. Jantziak gaika antolatuta daude: emakumeen jantziak, gizonezkoenak, egunekoak, gauekoak, moda alternatiboa... Dena den, aipatu beharra dago ikusgai dagoen bilduma museoak dituen 3.000 piezen erakusgarri txiki bat baino ez dela. Bestalde, museoko atal batean jantzi horien erreprodukzioak frogatzeko aukera izango dugu.
Jarraian, Jane Austenen Zentroa bisitatuko dugu. Idazle britainiar horrek Sense and sensibility eta Pride and prejudice nobelak idatzi ditu, besteak beste. Jane Austen Bathen bizi izan zen 1801 urtearen eta 1806aren artean. Zentroak garai hartan Batheko bizimodua nolakoa zen erakusten du, baita bizimodu horrek nola eragin zuen idazlearen bizitzan eta lanetan ere. Bisita osatzeko, gidariak, garaiko jantziak, ikus-entzunezko proiekzioak etab. aurkituko ditugu. Horrez gain, te areto bat dauka, erregeordealdiaren garaia islatzen duena. Benetako tea eta etxean egindako pastela probatu ahal izango ditugu. Te aretotik dauden hiriaren bistak bikainak dira, aretoa eraikinaren goiko aldean baitago.
Amaitzeko, Bathen bisitari asko erakartzen dituzten bi leku aipatuko ditugu:
Stanton Drew harriak misterio handia dira. Hainbat mende dituzten monumentu horiek ingurune bikainean daude, egun pasa joateko oso egokia. Askok uste du John Wood arkitektoak harri horiek izan zituela inspirazio iturri bere lanetako asko sortzeko.
River Frome haranean Farleigh Hungerford gaztelua aurkituko dugu. Kaperan Erdi Aroko mural ikusgarriak gordetzen dituzte eta kriptak ere bisitatu daitezke. Gaztelua bizitzaz betetzen da urtean zehar, bertan antolatzen dituzten kontzertuei, antzerkiei eta abarrei esker.
(Argazkiak: azala, 1, 2 eta 3 Wikipedia; 4, 5, 6, 7 eta 8 Visitbath.co)
