«« Itzuli
Erreportajeak
Datça, Egeo itsasoaren ertzean






Datça Muğla probintziako (Turkiako mendebaldean) barruti bat eta herri bat da. Datça penintsulan kokatuta dago; penintsulak 100 kilometroko luzera du eta kala nahiz hondartza ederrez beteta dago. Gune horrek hainbat turista erakartzen ditu urtero, oso lasaia delako eta paisaia ederrak dituelako. Bestalde, interes handiko aurriak eta leku historikoak ditu.
2008/06/13
Datçak bista zoragarriak ditu eta leku ugari ditu bisitatzeko. Denbora luzea beharko genuke bertan dauden 52 kalak ikusteko. Kala bikain horietako batzuetara itsasoz soilik heldu daiteke eta bertan dagoen lasaitasuna harrigarria da.
Kala horietako bat Domuzbükü da (hitzez hitz, "txerriaren kala"). Bertan gauden bitartean, hiriko estresa ahaztuko dugu eta erabat deskonektatuko dugu, telebista bera ere albo batera utzita. Izan ere, ez dago Domuzbüküra eramango gaituen errepiderik; hara iristeko modu bakarra Datçatik barku bat hartzea da.
Han, bungallowak aurkituko ditugu ostatu hartzeko, natur inguruarekin oreka gordetzeko. Askotarikoak dira bertan egin ditzakegun ekintzak: igeri egin, paseatu, eguzkia hartu, txangoak egin, paisaien argazkiak hartu... Kobazulo bat ere badago, harri-formazio interesgarriak dituena; paseotxo bat emanez heldu gaitezke bertara. Gauetan, protagonistak izarrak dira; milaka ikusiko ditugu zeru oskarbiak apaintzen. Parean dagoen Sömbeki irla ere gaueko ikuskizun bat da, izan ere, bertako argiak nabarmentzen dira eta Domuzbükütik ikusi daitezke.
Datçako portua herriko leku bizienetakoa da. Paseo atsegin bat emateko egokia da, baita bertako dendei begirada bat botatzeko ere. Mota askotako barkuak topatuko ditugu eta portuko beharrak asetzeko era guztietako zerbitzuak ere.
Portuaren inguruetan eta Datçako erdigunera doazen kaleetan, jatetxe bikainak aurkituko ditugu. Terrazetan, eguzkiaren izpiek aurpegia laztantzen diguten bitartean eta itsas haizeak freskatzen gaituen bitartean, Turkiako janari tipikoaz gozatu ahal izango dugu. Bistak ere politak dira; Iskele barrutian (kaia), laku txiki bat ikusiko dugu, itsasoko urak dakarren urez betea.
Portutik bi kilometrora edo, Datçako erdialdea dago. Leku horrek Reşadiye izena dauka, azken-aurreko Sultan otomandarraren, Mehmed V.aren, omenez. Bertan, harrizko etxe turkiar tipikoak, herriari ukitu xarmagarri bat ematen diotenak, ikusi ahal izango ditugu. Selyuzida garaiko meskita ere bisitatzea merezi du. Beste eraikin bitxi bat Eski Konak da; interes handikoa da barruko aldeko dekorazioagatik eta sabaiko apaingarriengatik.
Beste leku batzuk Datçatik hurbil
Datçatik zazpi kilometrora, Hızırşah herrixka dago. Bertarako bidean zehar, zeramikako antzinako lantegiak (K.A. IV. mendekoak) ikusteko geldialdia egin ahal izango dugu. Gaur egun, gunean indusketak egiten ari dira garai hartako altxorren bila.
Datçatik zortzi kilometrora, Kızlan herria dago. Eskualde hori penintsula osoko haizetsuena da eta, horregatik, oso ohikoak dira haize-errotak. Oso paisaia polita osatzen dute errotek.
Gebekum 7 kilometroko hondartza bikain bat da. Datçatik hara heltzeko, Datçatik Yeldeğirmenira doan errepidea hartu beharko dugu eta, Perili Köşk adierazten duen kartel bat ikustean, biratu beharko dugu. Asfaltatu gabeko errepide hori kilometro batez jarraituta, Gebekumera helduko gara. Hondartza oso egokia da igeri egiteko eta, gune batzuetan, urak ez dira oso sakonak eta posible da bertatik ibiltzea aurreko islara heldu arte.
(Argazkiak: Worldturkey)
