«« Itzuli
Erreportajeak
Malaga, eguzkia eta hondartza baino askoz gehiago







Izen bereko probintziako hiriburua, Malaga Espainiako Estatuko hegoaldean kokatutako hiria da, Andaluzia Autonomia Erkidegoan. Milioi erdi biztanle baino gehiagorekin, Costa del Solen biztanle gehien hartzen dituen eremua izateaz gain, Estatuko hiri jendetsuenetakoa da. Mendilerroz inguratuta, Guadalmedina eta Guadalhorce ibaiek zeharkatzen duten hiri turistiko eta ospetsu honek hondartza eta eguzkia baino askoz gehiago eskaintzen du.
2008/06/20
Hiriak gordetzen duen ondare arkitektonikoaren adibide garrantzitsuenetako bat bisitatuko dugu ibilaldiari hasiera emateko. Malagako Gotorlekua. Garai musulmanean altxatutako fortifikazio hau Gibralfaro mendiaren behealdean kokatzen da, hiriko harresi zaharra zegoen aldeetako batean. XI. mendean eraikia (dorre eta harresiak XIII. eta XIV.ekoak dira), Estatuan oraindik mantentzen diren musulmanen eraikin militarrik garrantzitsuenatzat jotzen da. Errege eta printze musulmanak goiko barrutiko erdiko aldean bizi ziren, "Granadako Gelak" bezala ezagutzen ziren lekuetan. Barruti berean baina mendebaldeko aldean auzo bat zegoen, hiru etxaditan banatutakoa, eta honen hondoan XIV. mendeko dorre bat altxatzen zen, goiko aldea etxebizitza gisa erabiltzen zen.
Gotorlekutik gertu Erromatar Antzokia dago. I. mendean sortu zen arren (Augustoren garaian), 1951. urtera arte lurpean egon da; eremu hau okupatzen zuen Kutur Etxean egindako lanen ondorioz agertutako aztarnak aurkitu zituzten arte. Erromatar garaiko eraikin ikusgarri hau hainbat ataletan zatitzen da. Carca; 31 metroko erradioa eta 16 metroko altuera duten harmailak dira. Orchestra; harmailen eta agertokiaren artean harmaila txikiagoz osatutako eremua (hiriko nobleziaren kokalekua). Proscenium; orchestraren atzeko aldean zegoen tokia.
Antzoki eta Gotorlekutik gertu Erkidegoko eraikin erlijiosorik garrantzitsuenetako bat bisitatu ahal izango dugu. La Encarnacion Katedrala. 1528. eta 1782. urteen artean eraikia, katedral errenazentista honek ezaugarri bereizgarri bat du: oraindik bukatzeke dago; fatxada nagusian eta hegoaldeko dorrean azken ukituak ematea falta da. Katedraleko barrualdea estilo barrokokoa da. Koru ikusgarria apaintzen duten 42 eskulturak eta XVII. mendeko bi organoak dira barrualdeko elementurik ikusgarrienak. 87 metroko altuera duen iparraldeko dorreari esker Andaluziako garaiera handieneko katedrala da. Eraikinak Katedraleko Museoa hartzen du.
Hiriko eraikin historiko garrantzitsuenak ezagutu ostean, hiriburuko balio sentimental handiko bi toki bisitatuko ditugu. Malagan jaiotako bizilagun ospetsuenarekin, Pablo Picassorekin, lotutako bi eraikin bisitatuko ditugu. Artistaren jaiotetxea eta bere omenez sortutako museoa. Picassoren jaiotetxea La Merced plazan kokatzen da eta bertan artista honen haurtzaroko objektu ugari daude. Bestalde, Malagako Picasso Museoak Buenavista Jauregian du egoitza, hirigune historikoan bertan. XVI. mendeko jauregi errenazentista hau hainbatetan zaharberritua izan da. 1961.etik aurrera Arte Ederren Probintzia Museoa hartu zuen, Christine Ruiz-Picassok eta Bernard Ruiz-Picassok (artistaren errainak eta bilobak) egindako dohaintzari esker Malagako Picasso Museoaren egoitza izateko aukeratu zuten arte. Artista honen 200 lan baino gehiago daude ikusgai bertan: margolanak, marrazkiak, eskulturak, zeramikak eta grabatuak, besteak beste.
Ibilaldiari amaiera emateko, hirian dauden plaza ugarietako batzuk bisitatuko ditugu. Constitucion Plaza hiriburuko bihotza da. Bertan Carlos V.aren iturria ikusiko dugu (Genovako iturria ere deitua), Italiako Errenazimenduan oinarritutako XVI. mendeko iturri ederra. Marina Plaza bisitatzea ere derrigorrezkoa da; eraikin zoragarriz inguratuta dagoen plaza honetan, hiriburuko eskulturarik ospetsuenetakoa ikusi ahal izango dugu: Cenachero izenekoa. Azkenik, La Merced Plazara joko dugu, Alcazabilla kalearen bukaeran kokatua. Bertan, Picassoren jaiotetxea ikus daiteke.
(Argazkiak: 1eta 7: Malagaturismo.com ; 2, 3, 4, 5, 6: Wikipedia)
