«« Itzuli
Erreportajeak
Saint-Malo, kortsario-hiria







Saint-Malo Bretainian (Frantzia), Mantxako kanaletik hurbil eta Rance ibaiaren bokalean, lekututa dagoen Ille-et-Vilaine departamenduko hiri bat da, balio historiko handia duen harresidun hiria, hain zuzen ere. Horrez gain, turismo-zonalde eta portualde garrantzitsua ere bada, bertan egonik Portsmouthekin (Britainia Handia) bat egiten duen ferryaren geltokia ere.
2008/06/27
Hiria VI. mendekoa izan arren, bertako eraikin gehienak jatorrizkoen kopia modernoak dira, 1950eko hamarkadan zehar eraikitakoak, Bigarren Mundu Gerran zeharo txikituta geratu baitziren hasierakoak.
Harresiak hiriko alderdi erakargarrienetakoa dira. XII. mendean ekin zioten haiek altxatzeari, eta ez zituzten guztiz bukatu XVIII. mendera arte. Bi kilometroko perimetroa dute, eta kortsarioei eta erasotzaileei aurre egiteko eraiki zituzten. Bigarren Mundu Gerran izandako suntsiketatik onik atera ziren monumentu bakarrenetakoak dira. Gudu horretan Saint-Malo alemaniarren operazio-zentroa izan zen Frantzia okupatuta zuten bitartean. Ondorioz, aurkakotasun gogorra azaldu zuen aliatuek 1944ko abuztuan egindako erasoaldien aurrean, eta bonbardatu egin behar izan zuten haren errendizioa lortu arte.
Aipatu murruak portu erraldoi baten aldamenean daude altxatuta, eta portu hori hiriak duen itsas historia nabarmenaren ardatza izan da. Besteak beste, bertan jaiotakoak dira Jacques Cartier (1491-1557) eta René Duguay-Trouin (1673-1736) bezalako itsasgizon entzutetsuak. Lehendabizikoak, adibidez, hiru bidaia egin zituen Kanadara hango kostaldeak ezagutu asmoz.
Horrez gain, 1590. urtean Saint-Malo oso ezaguna egin zen bertako biztanleek errepublika independente aldarrikatu baitzuten hiria "Ez frantsesak, ezta bretoiak ere, bazik eta kortsarioak!" lelopean. Hala ere, egoera horrek lau urte besterik ez zuen iraun, baina nahikoa izan zen denbora-tarte hori ordutik aurrera Saint-Malo kortsarioen hiri gisa ezagut zezaten.
Hirigune historikoaren barruan, Saint Vincent katedrala dago, XI. eta XVIII. mendeen artean eraikitakoa, baina ez zutela 1987. urtera arte bukatu, urte hartan jarri baitzuten orratza. Katedralak beirate-bilduma aparte biltzen du, batzuk Erdi Arokoak, eta beste batzuk, aldiz, modernoak. Uztaila eta abuztua bitartean, ostera, musika klasikoko kontzertuak hartzen ditu. Katedralaren barruan Jacques Cartier dago hilobiratuta.
Aipatzekoa den beste gauza bat Robert Surcouf (1773-1827) omentzen duen estatua da. Hura izan zen Saint-Maloko benetako kortsarioa. Frantzia zerbitzatu zuen, eta Napoleon I.aren agindupean hainbat eta hainbat ontzi arpilatu zituen, gehienak ingelesak.
Saint-Malok eman zuen beste izen entzutetsu bat François-René de Chateaubriand izan zen. Politikaria, idazle erromantikoa, prosa poetikoaren jenioa izandakoa hiriaren parez pare dagoen Grand-Bé izeneko uhartean dago hilobiratuta, eta bertara itsasbeheran ontzirik gabe bertara gaitezke.
Eraikuntza zibilei dagokionez, hiriko garrantzitsuena 1488an Luis XII.aren emazteak eraikitzea agindu zuen lauki itxurako gaztelua da, hondartza handitik ezin hobeto ikus daitekeena. Gazteluaren aurrez aurre Saint-Malo badian dauden gotorlekuen artetik oso ondo zaindutako bat dago: Le Fort National. 1689an egin zuten Vauban eta Garangeau arkitektoek granitoz, eta oraindik ere ziegak eta armategiak begizta daitezke, hiriaren ikuspegi paregabe bat izateaz gain.
Saint-Maloren beste zenbait alderdi erakargarri hirigune historikoaren hegoaldera dauden hondartza lasaiak dira. Primeran babestutako Saint-Maloko hondartzek klima eztia eta etengabeko haizea daukate, hortaz, itsas kirolez gozatzeko leku paregabea eskaintzen dute. Zonalde horretan munduan dagoen marea-aldaketa handienetakoa gertatzen da, eta itsasbeheran ostera polita eman behar da uretara iristeko.
(Argazkiak: 1: www.raphaelpooser.com; 2, 3, 4, 5: commons.wikimedia.org; 6, 7: www.saint-malo.fr)
