«« Itzuli
Erreportajeak
Seattle, "Esmeralda Hiria"







Seattle hiriak Kanadarekin egiten du muga Ameriketako Estatu Batuetako ipar-mendebaldeko ertzean, Washington estatuan. Mendi tontor txiki batzuen gainean kokatuta dago, herrialde hartako espazio natural ederrenetako batean, eta "Esmeralda Hiria" esaten diote inguruetan dauden kolore horretako baso ugarien poderioz. Beren kale eta eraikinek Ozeano Barean dagoen Puget kanalari so egiten diote. Hiriaren kanpoaldean Union, Washington eta Green aintzirak daude. Olympic Parke Nazionaleko mendiek mendebaldetik eta Rainier mendia nagusi duen Cascade mendikateak ekialdetik inguratzen dute hiria.
2008/08/01
Gaur egungo Seattle inguratzen duen eskualdeko berezko biztanleak Suquamish tribuko indigenak izan ziren. Hiriak tribu horretako buruzagiaren izena hartzen du, Sealth, (Seattle Buruzagia ere deitua). Sealth eskualde hartan kokatu zen Illinoiseko (AEB) nekazari talde batekin elkartu zen 1851n. Hiria ekonomikoki hazten joan zen XX. mendean zehar, eta, horrela, herrialde hartako finantzagune garrantzitsuenetako bat bilakatu zen. Bertan daude, besteak beste, Microsoft eta Amazon bezalako enpresen egoitzak.
Hodei ilunez jantzitako zerua eta une oro euria egiteko mehatxua azaltzen ditu hiriak urte osoan zehar, hori dela eta "Rain City" ("Euriaren Hiria") ere esaten diote. Baina, hala ere, denbora-pasa anitzez gozatzeko aukera dago. Seattlek gordetzen dituen sekretuak ongi ezagutzeko, onena erdigunea eta bertan dagoen Space Needle izeneko dorrea ezagutuz hastea da. 200 metro inguruko dorre hau 1962an eraiki zen hirian ospatutako erakusketa unibertsala zela eta. 9 dolarren truke igogailua har daiteke eta gailurretik hiria eta inguruan dituen Puget kanala, Union eta Washington aintzirak eta mendiak ikusgai izango ditu bisitariak.
Seattleko erdigunea (edota Seattle Centre) bertan dauden museoengatik, erakusketa-aretoengatik eta antzokiengatik ere ezaguna da. Horien artean azpimarragarriak dira Pacific Zientzia Zentroa, Operaren Etxea, Bagley Wright edota Seattle Center antzokiak.
Erdigunetik mendebaldera jota, Puget kanaleko kaitik hurbil, Pike Place merkatua dago. Bertan, barazkiak, arrainak, loreak edo era askotako artisautza saltzen den postu anitz daude, baita hainbat jatetxe ere. Aukera zabal horrek bisitariak edota hiritarrak erakartzen ditu egunero.
Merkatuaren atzeko aldetik jarraitzen du bisitak, kostaldetik. Garai batean kaiak eta ontziralekuak izandakoak jatetxe, denda edo bestelako erakargarri turistiko bilakatu dira. Horien artean honako hauek aipatuko genituzke: itsas igarabengatik famatua den Seattleko akuarioa, Omnimax antzokia edota kanaleko uretan zehar itsas bidaiak eskaintzen dituzten Argosi ibilbideak.
Hegoalderantz jarraiki, Pioneer Plazako barruti historiko zoragarria aurkituko du bisitariak, Sealth buruzagiaren estatuarekin eta Seattleko Totem entzutetsuarekin. Bertako kaleetan barrena viktoriar estiloko etxe eraberrituak, arte-galeriak, artisautza-saltokiak eta liburu-dendak eta hainbat taberna eta kafetegi nabarmen nahasten dira.
Plazatik gora jo eta muino txiki bat igota, Nazioarteko Barrutia edo Chinatown ezaguna dago. Etorkin asiarren bizileku den hiriko gune horretan Hing-Hay parkea edo Seattleko Arte Asiarraren Museoa bisita daitezke. Azken horrek, gainera, mendeetan zehar batutako tresna asiarren bilduma garrantzitsua dauka erakusgai.
Bisitariak hiritik kanpo ere aurkituko ditu Seattlek eskaintzen dituen erakargarri onenetako batzuk: Olympic Parke Nazionala, Rainier Mendiko Parke Nazionala, Santa Helena mendiari eginiko monumentua eta Cascade mendiak dira ibilbidean zehar bisitatu gabe utzi ezin diren tokiak.
(Argazkiak: 1, 2, 4, 5: www.earthinpictures.com; 3: www.peterandandrea.com; 6: commons.wikimedia.org; 7: jason.mindsocket.com.au
