«« Itzuli
Erreportajeak
Bolonia, Erdi Aroko hiria







Emilia-Romagna eskualdeko hiriburua, Bolonia Italia iparraldean, Apeninoetatik gertu, kokatzen da, Modena eta Florentzia artean, Po Ibaiaren haranean. Rhin eta Savena ibaiek babesten duten 370.000 biztanletik gorako hiri hau historiaren eta kulturaren arteko uztarketa da.
2008/08/08
Bere historia luzean zehar Boloniak ez dio inoiz erreferente kultural izateari utzi, izan ere, Mendebaldeko unibertsitaterik zaharrena hartzen du. Boloniako Unibertsitate ospetsua 1088. urtean sortu zen eta instituzio horri esker Bolonia munduko unibertsitate-hiririk garrantzitsuenetakotzat jotzen da.
Erdi Aroko xarma duen hirigune historikoa da Boloniako tokirik berezienetakoa; Europako handiena eta ondoen kontserbatuta dagoena da, Veneziakoaren ostean. Hiriak arkupedun 50 kilometro kale ditu eta soilik parte zaharrean 37 kilometro karrerape daude. San Luca Arkupea da guztietan garrantzitsuena. 3.500 metroko luzerarekin eta 666 arkurekin munduko luzeena da eta hiria 290 metroko mendixka batean kokatuta dagoen San Luca Birjinaren santutegiarekin lotzen du.
Hiriak hartzen duen ondare arkitektonikoa bere historia eta kulturaren arteko loturaren isla da. Pendenti dorreak hiriaren ikurra dira Nettuno iturriarekin batera. Porta Ravegnana plazan kokatuta dauden Erdia Aroko bi dorre hauek hirian geratzen diren azkenetakoak dira (Erdi Aroan 100 dorre inguru zituen Boloniak). Garisenda dorrea, 48 metroko altuerarekin, baxuena da eta 3,2 metroko inklinazioa du. Asinelli dorrea garaiagoa da, 97 metroko altuera du. Nahiz eta honek 1,3 metroko makurdura duen, 500 mailaz osatutako eskailera batek dorre honetara igotzea ahalbidetzen du. Dorrearen gailurrak eskaintzen dituen bista ederrek ahalegina egitea merezi dute.
San Petronio basilika hiriko beste eraikin enblematiko bat da. Hiriaren bihotzean kokatua, Maggiore plazan, 1390. urtean hasi ziren tenplu gotiko handi hau eraikitzen San Petronioren, hiriaren zaindariaren, omenez. 132 metroko luzerarekin, 60 metroko zabalerarekin eta kupularen 45 metroko altuerarekin munduko bosgarren elizarik handiena da. Bukatu gabe dagoen fatxada nagusia deigarria da oso; beheko aldean soilik dago apainduta (marmol zuri eta arrosarekin). Basilikak artelan ikusgarriak hartzen ditu hiru habeartetan zatitzen den barrualdean; ezagutzen den organorik zaharrena (1475ekoa) eta Filippino Lippiren, Lorenzo Costa "Gaztea"-ren eta Amico Aspertiniren hiru maisulan.
Plaza berean Udaletxea dago (Comunale Jauregia). Udalaren egoitza hartzen duen jauregi hau eraikin batek baino gehiagok osatzen dute; hauek historian zehar egindako berregituraketa arkitektonikoen ondorioz atxiki dituzte. Bi alde ezberdinetan banatzen da: ezkerrekoan erloju bat duen XV. mendeko dorre bat dago eta eskuineko aldean marmolezko leihoak zatitzen dituzten mainelak daude.
Maggiore plazako sarreratzat hartzen den Nettuno plazan Boloniako beste ikurra dago, Nettuno Iturria. Udaletxearen aldamenean kokatuta dagoen marmol eta brontzezko iturri hau 1563. urtean altxatu zuten eta Aita Santuak munduan zuen nagusitasuna adierazteko sortu zuten. Plaza berean, Enzo Erregearen Jauregia dago, XII. mendeko jauregia.
Pinakoteka Nazionala bisitatzea ere nahitaezkoa da. Belle Arti kalean kokatua, hiru solairu ditu eta Giotto, Parmigianino edo Andrea di Bartola maisuen artelanak daude bertan ikusgai. Azkenik, Independenza kalean Arena del Sole Antzokia bisita daiteke. Aurrealde ikusgarri batekin, 1810. urteko eraikin neoklasiko honek bi areto ditu. Areto nagusiak Italiako eta nazioarteko konpainien funtzio handiak hartzen ditu eta areto txikia funtzio apalagoak hartzeko erabiltzen dute.
(Argazkiak: Wikipedia)
