«« Itzuli
Erreportajeak
Caceres, hiri monumentala







Izen bereko probintziako hiriburua, Caceres Espainia Estatuko hego-mendebaldeko hiri bat da, Extremadurako Autonomia Erkidegoan. 1.700 kilometro koadrorekin baino gehiagorekin Espainiako udalerririk zabalena da eta bere hiriburutik 300 kilometrora dago. Caceresen 90.000 biztanle baino gehiago bizi dira. Probintziako hiririk populatuena da, biztanleria osoaren ia laurdena (%21) hartzen du.
2008/08/14
Cacereseko monumentu multzoa da hiriko erakargarritasunik garrantzitsuena. Hala, Caceresko hiri zaharra edo hiri monumentala, erromatar jatorriko harresi batek inguratzen duena, Europako Hirugarren Monumentu Multzo izendatu zuen Europako Kontseiluak 1968an, Erdi Aroko eta Errenazimentuko hiri sareak oso ondo zainduta baitaude. Gainera, 20 urte geroago, UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zuen hiria.
Plaza Nagusia hiri monumentalaren sarrera eta abiapuntua da. Plaza horretan, hiraren bihotz historikoa, Caceresen dauden eraikin aipagarrienetako batzuk kokatzen dira. Plazaren ekialdeko aldean hiri zaharra inguratzen duen harresiaren parterik garrantzitsuena ikus daiteke. Harresiaren zati horretan Bujaco Dorrea kokatzen da, hiriaren sinboloetako bat. 25 metroko altuera duen eraikuntza arabiar ikusgarri horrek hiri zaharraren ipar-mendebaldea zaintzen du. Plaza Nagusira begira dagoen dorrearen aldeak balkoi errenazentista ederra dauka; Foruen Balkoia. Dorrearen hormetako batean Bakearen ermita altxatzen da.
Bujaco Dorrearen aldamenean Izarraren Arkua kokatzen da. XV. mendean altxatu zutenetik ate hori Erdi Aroko hiriak duen sarbide nagusia da. Dena dela, jatorrizko atetik gutxi geratzen da, izan ere, XVIII. mendean zaharberritu zuten.
Hiri zaharraren eta Plaza Nagusiaren arteko harresiaren tarte horretan, Pulpituen Dorrea altxatzen da. 16 metroko altuera du eta bere aurrealdeko bi izkinetan (Plaza Nagusira begira daudenak) dituen pulpitu itxurako kubo zilindrikoetatik datorkio izena. Izarraren Arkua altxatu ostean eraikia izan zen, sarrerako ate berria zaintzea baitzen bere helburua.
Kristoren Arkua harresiak mantentzen duen erromatar garaiko ate bakarra da. Jatorrian sarrerako lau ate zeuden hiri harresitura sartzeko. I. mendeko ate hori harresiaren ekialdeko aldean kokatzen da eta erdi puntuko bi arku handiz osatzen da. Kristoren Arkua baino garrantzi gutxiago duen arren, Santa Ana Arkua hiri monumentalean sartzeko erabil daitekeen beste ate bat da. XVIII. mende erdialdera zabaldu zen sarbide horrek hiri zaharra Plaza Nagusiaren hegoaldearekin lotzen du. Bertan Caceresko udaletxea aurkituko ditugu.
Izarraren Arkuak hiri monumentalaren bihotzera eramaten du. Santa Maria Plaza. Hiri zaharraren beheko aldean kokatuta, plaza horretan hiriko eraikin garrantzitsuenetako bat kokatzen da. Santa Maria Konkatedrala. XV eta XVI mendeen artean altxatuta, gotikorako trantsizioko estilo erromanikoa du. Oinplano angeluzuzenekoa, tenpluak dorre errenazentista bat dauka eta barrualdean XVI. mendeko erretaula barroko ikusgarri bat gordetzen du. 1931n Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuten eta 26 urte geroago konkatedral izendapena lortu zuen.
Hiri harresituaren goiko aldean, San Mateo Plazan, Monumentu Historiko Artistiko izendapena duen Caceresko beste eraikin erlijioso bat dago. San Mateo Eliza. Tenplu gotiko hori XVI. mendean eraikitzen hasi ziren baina eraikitze prozesua 300 urtez luzatu zen.
Azkenik, hiri historikoaren goiko aldetik irten gabe, Veletas Plazan, Veletas Jauregia bisita daiteke. Elementurik aipagarriena barrualdean gordetzen du; 15 metroko altuera eta 10 metroko zabalera duen uharka arabiar bat.
(Argazkiak: Wikipedia)
