«« Itzuli
Erreportajeak
Las Palmas, ezagutu beharreko hiria





Kanaria Handia uhartearen ipar-mendebaldean dago Las Palmas. Kanarietan biztanlerik gehien duen bigarren hiria da. Gainera, izen bereko probintziako hiriburua izateaz gain, Kanarietako Autonomia Erkidegoko hiriburua ere bada, Tenerifeko Santa Cruzekin batera.
2008/08/21
Kanaria Handiaren xarma bertako hondartzetara soilik mugatzen dela uste duena oker dago erabat, ondasun historiko, artistiko eta monumental izugarria baitute Kanaria Handiak zein Las Palmas hiriburuak.
Vegueta eta Triana auzoek osatzen dute dute Las Palmaseko hirigune historikoa.
Vegueta auzoan Santa Ana Katedrala (Kanarietako Katedrala izenez ere ezaguna) gailentzen da. Izen bereko plazan dago. XVI. mendean hasi ziren eraikuntza-lanak, eta birmoldaketa asko izan ditu harrezkero. Estilo asko nahasten ditu: gotiko berantiarra, neoklasikoa eta barrokoa. Udaletxea, Apezpikuaren Jauregia eta Probintziako Agiritegi Historikoa ere auzo berean daude. Museoei dagokienez, Kanarietako Museoa, Colonen Etxea (gau bat bertan igaro omen zuen) eta Arte Modernoaren Museo Atlantikoa azpimarratu behar dira.
Trianan, bestalde, estilo guztietako eraikinak (tradizionalak, modernistak...) daude. Aparteko aipamena merezi dute San Frantzisko eta San Telmo elizek, Literatura Bulegoak, Irlako Kabildoak, Gobernu Militarrak eta Pérez Galdos antzokiak. Baina aipatutako hori ez da Kanarietako idazle ezagunari eskainitako eraikin bakarra. Triana auzoan beste bat dago: Pérez Galdós Museo-Etxea izenekoa, antzina idazlearen bizileku izandako etxea, eta egun museo bitxi bat dena.
Tafira izeneko gunea, berriz, hiriko lekurik ezagunenetakoa da. Natura maite duten guztiek ezin hobeto pasatuko dute Vieja y Clavijo Lorategi Botanikoan (Kanarietako Lorategia izena ere hartzen du) paseatuz. Gainera, Tafirako errepidetik Bandamako Galdarara irits daiteke. Jarduerarik gabe dagoen sumendi baten kraterra da. Bista harrigarriak daude inguru horretatik.
Portu inguruan Las Canteras hondartza ikusgarria nabarmentzen da; hiritarrek eta bisitari gehienek gogokoen dutena da. Urte guztian kultur jarduera eta aisialdiko jarduera ugari hartzen dituen Santa Catalina Parkea, Zientziaren Museoa eta Alfredo Kraus tenor entzutetsuari eskainitako auditoriuma ere oso gertu daude.
Beraz, ezin uka daiteke Las Palmas erakargarritasun turistiko handiko lekua denik.
(Argazkiak: www.laspalmasgc.es)
