BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Ribadesella, bitan zatitutako hiria (I)

Ribadesella, bitan zatitutako hiria (I)
Ribadesella, bitan zatitutako hiria (I)
Ribadesella, bitan zatitutako hiria (I)
Ribadesella, bitan zatitutako hiria (I)
Ribadesella, bitan zatitutako hiria (I)
Ribadesella, bitan zatitutako hiria (I)
Ribadesella, bitan zatitutako hiria (I)

Ribadesella udalerri asturiarra Sella ibaiaren ahoak bitan banatzen du. Uraren gainean jalgitzen den zubiaren ertz bakoitzean hiri berberak elkarren artean erabat ezberdinak diren bi aurpegi erakusten dizkio bisitariari. Hauetako bakoitza aparte bisitatzea da oraingoan dakarkizuegun proposamena; horrela, bi plan ezberdin izateaz gain, hiriko sekretu guztiak ezagutu eta gozatzeko aukerak areagotuko ditugu. Hiriaren ekialdeko partean barneratuko gara aste honetan. Gune honek Alde Zaharra eta hiriko Kale Nagusia biltzen ditu; azken honetan daude aisialdi gune eta erosketarako kalerik nagusienak. Alde Zaharra oinezkoentzat prestatua dago eta Atalayako parketik Portiellu auzorarte hedatzen da. Hauxe da ziurrenik hiriaren arrantzale izaera ongien mantentzen jakin duen auzoetako bat.

2008/08/29

Portuko gunea azken hamarkadan zehar eraberritua izan da eta, ondorioz, arrantzarako erabiltzen diren sare eta itsasontziak ezin hobeto uztartzen dira berrikuntzan eman dioten bulebar itxura modernoarekin; oinezkoentzako ibaiaren ertzean pasealeku bat eraiki dute, Garabiaren Pasealekua. Bertan, Antonio Mingote umoristak bere bineta nagusia marraztu zuen: udalerriaren historia biltzen duten zeramikazko sei mural dira guztira. Mingoteren Panel hauek ikustea merezi duten benetako arte lanak dira. Pasealekuan zehar goazela, udalerriko kale adierazgarrienen bista zoragarriak izango ditugu ikusgai, ibaiaren beste aldean dagoen Santa Marina hondartza barne.

Pasealekua bukaerara arte igarotzen badugu, Kantauri Itsasoa zabalduko da gure begien aurrean. Ondoan, Korberu mendia ikusi ahal izango dugu. Mendian gora egitea erabakiz gero, hemendik hurbil aurkituko dugun eskaileraz betetako bidexka bat erabili dezakegu. Erraz iritsiko gara gora eta tontorrean (inguratuko gaituzten ikusmira paregabeez aparte), Giako Ermita bisitatzeko parada izango dugu. Kapera txiki honek izen bereko Ama Birjinaren (arrantzaleen zaindariaren) irudia gordetzen du. Baseliza hainbat kanoik inguratzen dute. Arma hauek bere garaian herritarrek itsasotik hurbiltzen zitzaien edozein arrisku ekiditeko erabiltzen zuten, berdin zitzaien piratak edo kanpotik zetozen etsaiak izan.

Udalerrira berriz itzulita, Atalayako parkera hurbildu gintezke. Han bertan, izen bera hartzen duen hondartzarekin egingo dugu topo. Atalayako Hondartza da gaur egun herritar askok bainu bat hartzeko gustukoen duten txokoa. Izan ere, gero eta gehiagok nahiago dute senaia honen lasaitasuna Santa Marina Hondartzak batez ere uda partean biltzen duen iskanbila eta jende pilaren aurrean. Harriz osatutako gune honek hainbat txoko ezkutu ditu, esaterako, itsasoaz gozatzea ahalbidetzen duten igerileku lasaiak eta putzu naturalak.

Ribadesellako Alde Zaharra iparraldetik doan Donejakue Bideak zeharkatzen du. Bertan, Erdi Aroaren hasieretako eraikuntzak aurki daitezke. Hemen gaudela, udalerriko ?erosketa gunerik zaharrena? bisitatu dezakegu, asteazkenetako merkatua, udalerriaren sorrerarekin batera XIII. mendean ospatzen hasi zirena. Asteroko merkatu honek arropa, era guztietako tresnak, antzinako gauzak, loreak... salgai dituzten postuak nekazal eta elikadura produktuekin uztartzen ditu.

Madalenaren Eliza ezinbesteko geldialdia da bere berezitasun estetikoa eta barruan gordetzen dituen altxor piktorikoengatik. Eliza barruan adierazgarriena Bernardo, Celestino eta Antonio Uria Aza anaiek margotutako lau muralak; elizaren lau izkinetako bakoitzean kokatuta daude.

Gure ibilbideari amaiera emateko aukera paregabea da udalerriko Plaza Berria eta Elizako Plazaren inguruetan geldialditxoa egitea, bertan hainbat kafetegi, denda eta sagardotegi baitaude.

(Argazkiak: www.ribadesella.com)