«« Itzuli
Erreportajeak
Ribadesella, bitan zatitutako hiria (II)







Joan den astean Asturiaseko Ribadesella udalerria ezagutzen hasi ginen. Lehengoan proposatu genizuen Sella ibaiak bitan banatzen duen herri honen bazter bakoitza banaka ezagutzeko. Ekialdeko gunea ikusi ostean, goazen orain beste aldeak ezkutatzen duena ezagutzera.
2008/09/05
"Ribadesella biak" lotzen dituen zubia gurutzatuz, errekaren beste aldean dagoen Santa Marina Hondartzara helduko gara. Inguru honetan 1907. Urtean, Angüelleseko markesak urbanizazio berezi bat eratu zuen. Gaur egun Ribadesellako alde honetan ikus daitezkeen luxuzko etxebizitza eta hotelak, garai hartan aristokratek eta indianoek eraikitakoaren oinordetzak ditugu. Aipatzekoa da besteak beste, Villa Rosario, gaur egun hotel bihurtua. Sella ibaiaren bazterrean, hondartzan bertan, garai hartako burgesek toki ezin hobea aurkitu zuten uda luzeak igarotzeko, eguzki eta itsasoaz aldi berean gozatuz. Etxebizitzaz jositako inguru hauetan, XX. mende hasierako eraikin modernistak eta gaur egungo arkitekturadunak nahasten dira ezinbestean. Horregatik hondartzako pasealekua oinez igarotzea begi eta sentsuentzat ariketa bikaina izan liteke.
Santa Marinako Hondartza, sortaldetik, Areatzaren Muturra deiturikoan bukatzen da. Hemen, Sella ibaiak, azken bihurgunea hartzen du itsasoratu aurretik. Garai batean, eremu hau dunaz beteta zegoen, txalupen ontzitegi eta bale-industrien orubea. Dena den, urteak joan ahala altxatutako eraikinek (egun Muturra izena hartzen duen gunean) inguru osoaren erabilera eta itxura eraberritu dituzte.
Udalerriaren alde honetan aurkituko ditugun txoko interesgarriak hondartza eta inguruko altxor arkitektonikoez haratago doaz. Izan ere, oso hurbil aurkitzen dira Tito Bustilloren Haitzuloak eta Ardineseko mendigunea. Aro paleolitikoko eremuak dira bertan, Madeleine aldiko artearen hainbat eredu aurki daitezke. Zenbait adituk, historiaurreko santutegi bezala definitzen dute.
Historia eta artea zokoratuz, aipatzekoa da baita, udalerriaren kanpoaldean dagoen Moriako Atsedenlekua. Jendez bete egiten da eguraldi onarekin eta bere erakargarri nagusia herria bere osotasunean erakusten digun talaiako bista paregabeak dira. Hemendik hurbil aurkituko dugu baita, Malekoiko Parke Naturala, hondartzako pasealekuarekin hegoaldean muga egiten duen padura ederra. Balio ekologiko handia du eta bertara hurbiltzen dira urtero hainbat espezietako hegazti migratzaileak. Paduran errepide txiki bat, pasabideak eta dorretxoak daude, dena hurbiletik gozatu eta ikusteko prestatuta.
Oraindik ere ibilalditxo bat gehiago egin dezakegu hasieran gurutzatu dugun zubiaren bestaldera jotzen badugu. Hemen, hirigunerantz joko dugu Sellako garaileen pasealekura iritsi arte. Hau ibaiaren ondotik doa Cobayuko auzoa igaro eta haratago ere jarraitzen du. Ibilbide honek Erdibideko Inguru Naturala erakusten digu: lurralde laua, baina, ibaiko altxor emankorra, ederra. Orain gutxi eremu babestua izendatu dute.
(Argazkiak: www.ribadesella.com)
