BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Conil, Cadizko herri turistiko bat

Conil, Cadizko herri turistiko bat
Conil, Cadizko herri turistiko bat
Conil, Cadizko herri turistiko bat
Conil, Cadizko herri turistiko bat
Conil, Cadizko herri turistiko bat
Conil, Cadizko herri turistiko bat
Conil, Cadizko herri turistiko bat

Conil de la Frontera Costa de la Luzen, Cadizko probintzian, kokatutako Andaluziako herri bat da. Etxe zuriz betetako udalerri horretan Ozeano Atlantikoaren olatuek bustitzen dituzten hainbat hondartza bikain daude. 87 kilometro karratuko azaleran 20.000 lagun bizi dira Conilen, baina udan kopuru hau asko igotzen da turismoagatik.

2008/09/12

Conil de la Frontera Jandako eskualdearen baitan dago, besteak beste, Barbate, Vejer de la Frontera eta Medina Sidonia udalerriekin batera. Xarma handia du inguru horrek, eta turismo eta aisi eskaintza bikaina dago bertan. Hainbat hotel, alokatzeko apartamentu, taberna eta hondartza daude, bertara inguratzen diren bisitariak hartzeko.

Baina, Conilera hurbiltzen diren turista gehienak aisiak eta hondartzak erakartzen dituen arren, Cadizko herri horretan interes historiko-artistikodun monumentu eta eraikuntzak ere badaude. Gehienak Erdi Aroko egitura duen erdigunean daude kokatuta.

Interesguneak

Conilek hainbat erlijio-eraikuntza interesgarri ditu bere kaleetan bisitatzeko. Santa Catalina Parrokia, Victoria Komentua bezala ere ezaguna da eta XVI. mendekoa da; bertan aipagarria da Nuestra Señora de las Virtudesen irudia. Misericordia Eliza, XVIII. mendeko eraikin ederra, adinekoentzako hospizioa izan zen antzina. Santa Catalina Eliza XVI. mendekoa da eta XIX. mendean berreraiki zuten; ondorioz estilo uztarketa bitxia dauka.

Conileko beste interesguneetako bat Guzman Dorrea da, herriaren sinboloa. XIV. mendeko dorre hori herri erdian dago kokatuta, eta D. Alonso Perez Guzmanek ("Guzmán el Bueno" delakoak) agindu zuen hori eraikitzea.

Dorre zelatariak dira herrian bisitatu beharreko beste eraikinetako batzuk. Errekonkista garaian Conil mugako tokia zen, eta, kostaldearen zainketa ezinbestekoa zenez, hainbat dorre zelatari eraiki zituzten: Castilnovo, Guzman, Atalaya, Roche eta El Puerco.

Hiribilduko Atea antzinako herrian zegoen harresiaren atea da, eta gaur egun erdigunera sartzeko balio du. Antzina Vejer atea bezala ere ezagutzen zen, izan ere, aipatutako herrira zeraman bidea bertatik abiatzen zen.

Hondartzak, Conilen erakarpen nagusia

Herri turistiko horretara doazen turista gehienak 14 kilometroko kostaldean zehar dauden hondartzetakoren batera joaten dira. Bisitariek tamaina eta giro ezberdinetako hondartzak eta kalak aurkituko dituzte bertan.

Egoera erdibasatian dagoen Batelen hondartza itsas pasealekuaren aldamenean dago kokatuta. Zabala da eta ia kilometro bateko luzera dauka. Haizeen eraginpean dago eta olatu handiak ditu. Fontanillako hondartza Conileko hirigunearen parez pare dagoen izugarrizko hondartza da, eta familia giro nabaria dauka. Oso ondo hornituta dago, eta ezinduentzako sarbidea eta hamakak alokatzeko zerbitzua duen bakarra da. Horrez gain, dutxak, komunak eta zenbait hondartzako txosna ere baditu.

Rocheko hondartzari dagokionez, berriz, 2 kilometro baino gehiagoko luzera dauka eta neurrizko olatuak ditu; ondorioz, familia guztiarentzako hondartza egokia da. Fuente del Gallo Coniletik at dagoen hondartza estua da, marea gorarekin ia desagertu egiten den arren, oso estimatua da Conileko biztanleen eta bisitarien artean. Bukatzeko, Castilnovoko hondartza bakartasuna eta hondartza birjinak maite dituztenen paradisua da.

Conilek baditu ere hainbat kala eta horiek levante haizea dagoenean babes ona emateagatik dira ezagunak. Conileko portuaren eta Roche urbanizazioaren artean kokatuta dauden bost hondartza txikik eta zoragarrik osatzen dituzte Roche kalak. Azkenik, Aceite kalak itsaslabarrez inguratutako orografia erdizirkularra du, eta, horregatik, babes ziurra da levante haizea dagoenean. Horretan urre koloreko harea, ur gardena eta itsaslabarren kolore gorrixka dira nabarmentzekoak.

(Argazkiak: www.turismo.conil.org)