BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Salta, hiri koloniala

Salta, hiri koloniala
Salta, hiri koloniala
Salta, hiri koloniala
Salta, hiri koloniala
Salta, hiri koloniala
Salta, hiri koloniala
Salta, hiri koloniala

Izen bereko probintziako hiriburua, Lerma haranaren iparraldean kokatzen da Salta, Andeetako mendikatearen ekialdean, Argentinako ipar-mendebaldean. Itsas mailatik 1.200 metro ingurura altxatzen da, eta azken hamarkadetan hazkunde handia izan du. Gaur egun, 500.000 biztanlerekin baino gehiagorekin Argentinako hiririk populatuenen artean dago.

2008/09/19

Hernando de Lerma espainiarrak 1582. urtean sortua, kolonialismoaren garaiko ondare arkitektonikoa ondoen zaintzen duen herrialde osoko hiria da. Kabildoa da Saltan dagoen arkitektura mota horretako adibiderik garrantzitsuena. Hiriko eraikin kolonial zaharrena izateaz gain, Argentinan dauden kabildo guztietatik ondoen zainduta dagoena da. 9 de Julio Plazaren (hiriaren bihotza) aurrean kokatua, egun ikusten dugun eraikina 1780. urtean altxatzen hasi ziren teknika errazen bidez eta zonalde horretako materialak erabilita. Ondoren, eraikinaren zati batzuk eraitsi zituzten eta 1945ean kabildoa zaharberritua izan zen. Eraikina Monumentu Historiko Nazionala izendatu zuten, eta gaur egun bi museo hartzen ditu: Iparraldeko Museo Historikoa (beheko solairuan) eta Arte Ederren eta Kolonialismoaren Museoa (goiko solairuan).

Saltako Katedrala hirian dagoen beste eraikin historiko bat da. Eraikitze lanak XIX. mendearen bigarren erdian hasi ziren (1856. urte aldera) eta 1882an amaitu. Tenpluak oinplano angeluzuzena du eta hiru habeartetan zatituta dago. Barrualdean okre, urdin, berde eta urre koloreko apainketa da nagusi. Absidea erdizirkularra da, eta aldare nagusi ikusgarri bat hartzen du. Sarreraren ezkerraldean Errepublika Iparraldeko Pertsonaia Ospetsuen Panteoia dago eta, bertan, hirian jaiotako pertsonaia entzutetsu batzuen hilobiak gordetzen dira.

San Frantzisko Eliza eta Komentua Saltako erakargarritasun turistiko nagusitzat jotzen da. Caseros eta Cordoba kaleen artean kokatuta, XVIII. mendearen bigarren erdian hasi ziren eraikitzen. Elizak oinplano basilikala du eta sarrera iztukuz sortutako errezel faltsuekin apainduta dauden hiru arkuz osatuta dago. Aurrealdean tenpluak duen eragin italiarra agerian geratzen da (Italiako hainbat arkitektok eta eraikitzailek parte hartu zuten bere eraikuntzan). Bertan, erdiko gorputzaren apaindura zoragarria nabarmentzen da. Tenplua Monumentu Historiko Nazionala izendatu zuten 1941ean.

Bere dorre ikusgarria da San Frantzisko Elizako eta Komentuko elementurik bereizgarriena da. 1882an altxatua, lau gorputzetan zatitzen da, eta bere 70 metroko altuerari esker Hego Amerikako garaiena izateaz gain, Argentinako monumenturik garrantzitsuenatakoa ere bada.

Hirian dauden museoek beste erakargarritasun turistiko bat osatzen dute. Horietatik Goi-mendiko Arkeologia Museoa (MAAM) da azpimarratzekoa. Hiriaren erdialdean kokatuta dago (Mitre Kalea, 77) eta inken kultura du oinarri. Bertan, aurkikuntza benetan ikusgarri bat ikus daiteke: "Llullaillacoko Momiak" . Ikertzaile-talde batek 1999. urtean inkak ziren hiru haurren gorpu izoztuak eta momifikatuak aurkitu ostean, Saltako Probintziako Gobernuak museo hori sortzea erabaki zuen. Gorpuak orain dela 500 urte ingurukoak dira, eta oraindik gorpuzkera muskularra eta barneko organoak mantentzen dituzte. Ikerketei esker jakin ahal izan denez, 15 eta 6 urteko bi neskatilaren eta 7 urteko mutiko baten gorpuak dira.

Amaitzeko, San Bernardo Muinoa bisita dezakegu. Hiritik 200 metroko altueran kokatuta (guztira 1.500 metrora), Saltako eta Lerma haraneko bista ederrak eskainiko dizkigu. Hiriko begiratokia da, eta Udal Natur Erreserba izendatuta dago. 100 hektareako azaleran hedatzen den erreserban barietate eta interes handiko floraz eta faunaz gozatzeko aukera dago. Muinoaren beheko aldean Martin de Güemes Jeneralaren monumentua dago; San Bernardotik ateratako harriekin sortuta dagoen hiriko monumenturik esanguratsuenetakoa.

(Argazkiak: 1, 2, 3, 4, 5: Wikipedia ; 6: Maam.org.ar; 7: Salta.gov.ar )