«« Itzuli
Erreportajeak
Austria aintziraz aintzira






Austria bazter ezin ederragoak dituen herrialdea da, paisaia menditsuak aintzira itxura hartzen duten urez betetako lautada ederrekin ezin hobeki uztartzen ditu. Azken horiek, ilunabar bakoitzarekin urdin eta berde kutsuzko distira hartzen dute harri bitxiak balira bezala. Edertasun horrek hainbat eta hainbat artista inspiratu ditu denboran zehar beren obra esanguratsuenak burutzeko orduan. Hala ere, ez da artista sena eduki behar Austriako aintziren edertasunaz gozatzeko. Aintzira horien bazterrak benetako paradisu naturalak dira, hainbat eratako kirolak praktikatzeko perfektuak.
2008/09/26
Mendi erdian haitzez inguratuta dagoen aintzira bakarti eta garbienetik hasi eta ihi erraldoien erdian dauden aintzira dotoreenetaraino, Austria osoko aintziretako bakoitzak beren uretan murgiltzeko edota inguruetan zehar ibilaldi ahaztezinak egiteko gonbidapena luzatzen die bisitari guztiei. Herrialde osoan zehar ehunka aintzira dauden estatu ezberdinetan banatuta. Guztien artean aukeraketa txiki bat baino ez dugu egin hemen, gure aburuz derrigorrezko ikustalditxoa merezi dutenak aipatzeko.
Neusiedlersee aintzira, Burgenlandgo estatuan dagoena, ezagunetakoa da eta "vienarren itsasoa" ere esaten diote. Gatz ukitua duen urez betetako aintzira da, herrialde osoko urik beroenak ditu, urtean zehar izaten dituen 300 egun eguzkitsu ingururi esker, eta bere sakonera gehienez 1,8 metrokoa da. Bertan, baliabide egokiak biltzen dira hainbat txori espezieren hazkuntzarako. Aintziraren inguru osoak (45 urmael gazik) Neusiedlersee parke nazionala osatzen dute, eta UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zuen orain gutxi.
Carintia, Austriako iparraldean dagoen estatua, ura maite duen edonorentzat benetako paradisua dugu. Izan ere, Carintiak berak bakarrik 200 aintziratik gora biltzen ditu bere mugen barruan. Guztien artean batzuek benetako ezaugarri bereziak dituzte. Wörthersee aintzira, esaterako, estatuko handiena (50 km2) eta ezagunena da, bere bazterretan daude inguruko hotelik dotoreenak; Millstättersee aintzira denetan sakonena da; Ossiachersee aintziraren bazter gehienak birjinak dira eta Weissensee aintzira itsasoaren mailatik 930 metrora dago. Carintia osoko aintzirak paisaia paregabez eta mendi garaiz inguratuta daude, eta urtean zehar hainbat egun eguzkitsu izaten dituzte. Benetako altxorrak dira zentzu honetan bai Faakersee aintzira, erdian duen irla zoragarriari esker, baita Presseggersee aintzira ere, inguruan dituen mendi tontor harrigarriak direla-eta.
Estiriako estatuan, Salzkammergut probintzian dauden aintzirak lirateke denetan ederrenak. Pare bat aipatzearren, Altausseersee eta Grundlsee ("Estiriako itsasoa") lakuak datozkigu burura. Baina, aldi berean, ur garbiaren distiraz eta mendi tontor garaiez sakonki gozatzeko Tirol estatura hurbiltzea baino aukera hoberik ez dago. Bertan, Achensee aintzira (Heiterwangersee eta Plansee aintziretan dagoen glaziar bateko zulo batean eratu den aintzira bitxia) bisitatu dezakegu, baita Tristachersee aintzira ere, Alpeetako Dolomitak mendikatearen oinetan kokaturiko aintzira zoragarria.
Bukatzeko, ezin dugu ahaztu Constanza aintzira, Europako hirugarren aintzirarik handiena eta hiru herrialderen mugakide dena: Austria, Alemania eta Suitza. Bregenz hirian dagoen Pfänder mendiak laku horren bista ezin hobeak eskaintzen ditu. Aurrekoa baino dezente txikiagoa, baina ingurune xarmangarria duena dugu Seewaldsee aintzira. Berde koloreko ur garbi, sakon (1.200 metroraino) eta beroek edozein unetan bainu bat hartzera gonbidatzen dute bisitaria.
(Argazkiak: www.austria.info)
