«« Itzuli
Erreportajeak
Veneziako uretan zehar







Venezia (Italia) hiriko kale eta auzoetako bakoitza benetako erakargarri turistikoa dugu. Bisitariak ibilaldi lasai eta luzea egin dezake hiri osoan zehar auto, moto edo bizikletak bezalako oztopoez kezkatu gabe, ez du eta bat bera ere bidean aurkituko. Veneziako erdigune historikoa 118 irla txikik osatzen dute eta 400 zubi inguru dira guztiak bata bestearekin lotzen dituztenak. Hiria sei "sestierre" edo auzo handitan banatuta dago, Ubide Handiaren (Veneziako kale nagusia) alde bakoitzean hiru egonik. Ubidea zeharkatzeko ibilgailurik gomendagarriena gondola da ezbairik gabe, era honetan, gozatuko baitugu hobekien bi bazterretan ikusgai ditugun eliza eta jauregi anitzez.
2008/10/03
San Marcos auzoa, hego-ekialdean kokatua, hiriaren oinarri izan da bere sorkuntzatik hona. Hemen aurkituko ditugu Veneziako tokirik garrantzitsu eta famatuenak. San Marcoseko basilika, esaterako, Europa osoko katedralik ederrenetakoa da. Barruan gaudela ezin dezakegu ikusi gabe utzi "altxorra" izena hartzen duen gela, oso txikia, baina balio ekonomiko eta historiko izugarria duten erlikiak gordetzen dituena. Ikusgarriak dira era berean, katedraleko kupula eta urre trinkoz eginiko erretaula ederra. Esangura handiko beste eraikuntza bat Dukeen jauregia dugu. XI. mende aldera eraikitakoa da, bere garaiko jauregien artean Europako dotoreenetakoa da hauxe. Kanpoaldeko estilo gotikoa eta barnealde klasikoa bikain konbinatzen ditu eraikuntza honek. Inguruetan dagoen San Marcos plaza, hainbat mendeetan zehar hiriaren ikur historikoa izan da mundu osoan zehar. Venezia hiri bihurtu zen une beretik, plaza honetan era ezberdinetako festa eta ospakizunak antolatu izan dituzte hiritarrak elkartu eta beren parte-hartzea sustatuz, aipagarrienak, merkatuak, antzerkiarekin zerikusia duten ospakizunak, prozesioak edota horren famatuak bilakatu diren hiriko inauteri festak. Plazatik iparraldera joaz, Mercerias kalera (hiriko erosketa kalerik garrantzitsuena) garamatzan arku itxurako pasabide bera igaro ostean, Erlojuaren Dorrera iritsiko gara. 1496 eta 1506 artean eraiki zuten eta arkuaren gainean urdin eta urre koloreko erloju dotorea erakusten du. Erloju honek, orduaz gain, ilargiaren faseak eta zodiakoa seinalatzen ditu.
San Polo bizitzarik gehien duen auzoetako bat da. Hainbat denda, taberna... ditu elkarren artean gurutzatzen diren kale eta kale zidor anitzetan. Hemengo erakargarri turistiko nagusiak Madonna dell'Orto Eliza, Rialto zubia (geografikoki hiriko erdigunea) eta auzoko merkatuak lirateke. Azken hauen artean esanguratsuenak Erbaria merkatua eta Campo della Pescaria dira, baratzeko produktuak eta frutak eta arraina saltzen dituzte hurrenez hurren.
Hiriko museorik esanguratsuena Academia dugu, bertan daude hainbat margolari veneziar ospetsuren obrarik onenak. Zentzu honetan, garrantzia dute baita Correr museoak eta Veneziako "Settecento" delakoaren museoak. Azken hau Ca'Rezzonico Jauregian dago. San Rocco eta San Giorgio Degli Schiavoni eskoletan Errenazimentuko hainbat obra ikus daitezke. Gaur egun Veneziako Historia Naturaleko Museoa hartzen duen eraikuntzak historia luze eta interesgarria dauka, hainbat familiaren eskuetatik pasatu delako. Bere jatorria XIII. mendean dago. Giacomo Calmeni, Perugia hiriko kontsulak, agindu zuen bere eraikuntza Veneziara babes bila heldu zenean. Kanal Handiko jauregirik ospetsuenetakoa dugu hauxe, eta are garrantzitsuagoa bilakatu zen estatuak erosi eta Ferrarako dukeei eskaini zienean.
Egin berri duguna bezalako ibilbide luze eta interesgarriaren ondoren, atsedenalditxoa merezia daukagu. Venezian horretarako apartak diren hainbat kafetegi eta terraza daude; inguratzen gaituzten bista paregabeez edota kalean dabilen jendeak hiriari ematen dion bizitasunaz gozatzeko parada ederra izango dugu.
(Argazkiak: www.disfrutavenecia.com/)
