BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Bratislava, Eslovakiako hiriburua

Bratislava, Eslovakiako hiriburua
Bratislava, Eslovakiako hiriburua
Bratislava, Eslovakiako hiriburua
Bratislava, Eslovakiako hiriburua
Bratislava, Eslovakiako hiriburua
Bratislava, Eslovakiako hiriburua
Bratislava, Eslovakiako hiriburua

Europa erdialdean kokatuta, Eslovakiako hiriburua eta bigarren hiririk handiena da Bratislava. Errepublikaren hego-mendebaldean dago, oso toki berezian, izan ere, mendebaldean Austriako mugatik eta ekialdean Hungariako mugatik gertu kokatzen da. Danubio ibaiak zeharkatuta, hiri honek ia milioi erdi biztanle hartzen ditu bere 367 kilometro koadroko azaleran, biztanle dentsitaterik handiena duen Erdialdeko Europako hiria delarik.

2008/10/24

Bratislavan interes handiko toki asko daude. Erdialdean dagoen Hiri Zaharra da, zalantzarik gabe, Bratislavak dituen bost barrutietatik ederrena eta hiriburuko txokorik turistikoena. Bertan hiriak gordetzen duen ondare arkitektoniko gehiena dago.

Primatuaren Plazan, hiriaren erdigunean, Primatuaren Jauregia dago. 1778 eta 1781. urteen artean altxatutako arrosa koloreko jauregi klasizista bat da. Luxu handiko hainbat gauza gordetzen ditu jauregiak, eta guztietan aipagarriena XVII. mende hasierako Ingalaterrako mihise bilduma bat da. Gaur egun Udalaren egoitza hartzen du jauregiak.

Egungo udaletxetik gertu Udaletxe Zaharra dago. Hiri historikoaren bihotzean kokatuta, Plaza Nagusian, XIV. eta XV. mendeen artean altxatutako hiru eraikinez osatuta dago. Bere dorre ikusgarriari esker hiriko eraikinik berezienetakoa da. 500 urtez Udalaren egoitza izan zen, baina gaur egun Bratislava Hiriko Museoa hartzen du.

Modu berean, beste jauregi asko bisita daitezke Bratislavan. Grassalkovich Jauregia, adibidez, XVIII. mende amaieran eraikitako jauregi barroko bat da, eta gaur egun Eslovakiar Errepublikako Presidentearen egoitza da. Jauregi ikusgarri horren atzealdean, hiriko parkerik ederrena ezkutatzen da. Grassalkovich Lorategian mota guztietako sorkuntza artistikoak ikusteko aukera dago.

Alabaina, Bratislavako Gaztelua da, zalantzarik gabe, Bratislavako eraikin historikoena eta baliotsuena. Danubio ibaitik 85 metrora altxatzen den mendixka baten gainean kokatuta, gaztelu ikusgarri hori hiriko txoko guztietatik ikusten da. Eraikinak eta bere lau dorreek osatzen duten silueta Bratislavako sinboloetako bat da. Jatorrizko eraikina X. mendekoa da, baina hainbat zaharberritze izan ditu, garrantzitsuenetakoa XX. mende erdialdera jasandakoa. Gaur egun Eslovakiako Museo Nazioanalaren erakusketak hartzen ditu.

Mendixka horren azpian ostenduta, Hiri Zaharraren kanpoaldean, San Martin Katedrala dago. Katedral gotiko hori XIII. eta XVI. mendeen artean altxatu zuten, eta 200 urtez baino gehiagoz Hungariako monarken koroatze zeremoniak hartu zituen. 85 metroko altuera duen dorre bat dauka eta dorrearen gainean 300 kilogramoko koroa baten erreplika bat dago.

Frantziskotarren Eliza Bratislavako beste eraikin erlijioso aipagarri bat da. Frantziskotarren Plazan, Primatuaren Jauregitik gertu, kokatzen den tenplua XIII. mendean altxatu zuten eta hiriburuko eraikin erlijiosorik zaharrena da.

Elizaren aurrean Mirbach Jauregia dago. Rococo estiloan altxatutako eraikin eder horrek arte erakusketa ikusgarriak hartzen ditu, guztietan nagusiena eskultura eta pintura barrokoari buruz ikus daitekeena da.

Mirbach Jauregitik gertu San Migel Atea dago. Erdi Aroko hiri harresituak zeuzkan lau ateetatik mantentzen den bakarra da. 53 metroko altuera duen dorre gotiko horrek aldaketa anitz izan ditu, eta gaur egun Armen Museoa hartzen du.

Azkenik, San Migel Atearen aldamenean dagoen Michalska kalea bisitatzea nahitaezko da. Bratislavako kalerik zaharrena da, eta bere ibilbidean lau jauregi daude horien artetik XVIII. mendean altxatutako Palffy Jauregi barrokoa izanik aipagarriena.

(Argazkiak: 4, 6: Guiarte.com ; 1, 2, 3, 5, 7 Wikipedia)