«« Itzuli
Erreportajeak
Munich, garagardoaren hiriburua baino gehiago







Munich, München alemanez, Baviera estatuko hiriburua da eta Alemaniako hirugarren hiria, biztanle kopuruari dagokionez, Berlin eta Hanburgoren atzetik. 1158an eraiki zen merkataritzarako gune gisa Henrike Lehoiaren aginduz eta egun garagardozaleen erreferentzia bilakatu da. Isar ibaiak Alemaniako hegoaldeko hiri hau zeharkatzen du eta Alpeak ditu gertu.
2008/11/07
Munichen bide guztiak Marienplatzera iristen direla esaten da; hori dela eta, hortik hasten dute bisitari askok euren ibilbidea. Hiriko plaza nagusia da eta udaletxea, neogotiko estilokoa, bertan dago. Eraikuntza horretan, karilioiaren irudi liluragarriak ikusi ahal dira. Mundu osoko turistak biltzen dira han 11:00etan, 12:00etan, 17:00etan eta 21:00etan, irudiak mugitzen ikusteko.
Handik oso gertu Frauenkirche edo Ama Birjinaren Katedrala dago. 99 metro luzeko bi dorre biki ditu eta hainbat kilometrotatik ikus daiteke. Eliza gotiko honetako kupula erraboildun eta herdoilduak mota guztietako objektuetan irudikatu dira eta, ondorioz, katedrala hiriaren ikono bilakatu da.
Turistak jasotzen ohituta dagoen beste eraikuntza bat Alter Peter da, hiriko eliza zaharrena; hori ere Marienplatzetik gertu dago. Eraikuntza, erromanikoa hasieran, XI. mendekoa da. Lehendabiziko berreraikuntza gotikoa 1294. urtean egin zuten. Dorrearen gailurrera iristeko 302 eskailera igo ondoren, bisitariak hiriaren ikuspegi panoramiko ederra izango du begien aurrean eta, eguna argia izanez gero, Alpeak ere ikusi ahal izango ditu.
Hiria goitik behera zeharkatu ondoren, Englischer Gartena aukera aproposa izan daiteke naturaz gozatzeko. 1807an diseinatu zuten eta munduko lorategi handienetakoa da; 373 hektarea ditu. Parkearen erdigunean, Txinatar Dorrea dago, 1789ko eraikina; beraz, parkea baino lehenagotik dago hor. Horren alboan garagardotegi xarmagarriak daude kalean. Lehenengo lorategi publikoa izan zen, garai hartan ez baitzegoen herritarrentzat zerbitzurik. Karlos Teodoro Hautesleak, hau da, enperadorea aukeratu eta izendatzen zuten Alemaniako printzeetako batek, eman zion herriari Munichen agintean izan zenean.
Lorategiko albo batean Eisbach ibai deigarria da ibiltarientzat, bertan mundu osoko surf zaleak biltzen baitira; izan ere, Eisbacheko olatua zaleek eurek jarritako ohol batzuei esker sortzen da, eta ia metro bateko altuera izaten du.
Biergärten lorategia, garagardo lorategia, gutxi gorabehera, biltzeko eta aisiarako leku bihurtu da Bavierako hiriburuko herritarrentzat. Hofbräuhaus izenekoa, berriz, HB izenaz ere ezagutzen dute, hiriko garagardotegi zaharrena da eta munduko ezagunetarikoa.
Garagardoa oinarrizko edaria da Munichen. Helles da gehien edaten dena, hartzidura baxukoa, baina Weißbier garagardoa ere ezaguna da; honen hartzidura maila, ordea, altua da. Hiriko marka tradizionalak honako hauek dira: Löwenbräu, Paulaner, Spatenbräu, Augustiner, Hofbräu eta Hacker-Pschorr. Horiek dastatzeko aukera paregabea Oktoberfest izan daiteke, irailaren bukaeran eta urriaren hasieran ospatzen den garagardoaren jaialdi ezaguna.
Karpa formako teilatu zirraragarri baten azpian Olinpiar Estadioa dago, 3 kilometro karratuko azalera duen kirol instalazioa. 1972ko Udako Joko Olinpikoetarako eraiki zuten eta, bi urte geroago, Munduko Futbol Txapelketa hartu zuen.
Fröttmaning auzoan, Allianz Arena dugu; Olinpiar Estadiotik ere ikus daiteke. Eraikin moderno hau 2005ean egin zuten, 2006ko Munduko Futbol Txapelketarako, eta FC Bayern München taldearen estadioa da gaur egun.
(Argazkiak: www.wikipedia.org)
