BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Sibiu, Erdi Aroko hiri bat Errumanian

Sibiu, Erdi Aroko hiri bat Errumanian
Sibiu, Erdi Aroko hiri bat Errumanian
Sibiu, Erdi Aroko hiri bat Errumanian
Sibiu, Erdi Aroko hiri bat Errumanian
Sibiu, Erdi Aroko hiri bat Errumanian
Sibiu, Erdi Aroko hiri bat Errumanian

Transilvaniako eskualdeko hiri garrantzitsuenetako bat dugu Sibiu; Bukarestetik, ipar-mendebaldean, 210 kilometrotara dago. Izatez hiria erromatarren kolonia bezala sortu zen baina, alemaniarrek kolonizatu ostean, izena aldatu zioten eta Hermannstadt bezala bataiatu zuten XII. mendean. Gaur egun, Sibiu eta bere inguruak, Errumaniako tokirik bisitatuenak dira. Hiria bi zati nagusitan banatzen da. Goiko aldean, Hermann dago eta saxoniarrak hirira iristean sortu zuten gunea da. Sibiu bera dugu bestea, beheko aldean dagoena, Cibin ibaiaren bazterrean, erromatarren garaitik hona bere horretan mantendu dena.

2008/11/21

Herrialdeko hobeki zaindutako ondare historikoak biltzen dira Siibun. Izan ere, bertan aurkitzen diren Erdi Aroko hainbat gotorleku egoera ezin hobean mantentzen dira oraindik ere. Hau dela medio, hiriko alde zaharra UNESCOren Gizadiaren Ondare bilakatzeko prozesuari ekin zioten 2004. urtean. Hiri horrek beraz, Errumaniako arkitektura ondasunik ikusgarrienak gordetzen ditu. Bere horretan mantentzen dira esaterako, inguruako plaza txikiak eta txapitula-formako leihoz eta teilatu gorriz apainduta dauden etxeak dituzten hainbat harresi eta gotorleku.

Sibiun bi plaza dira hiriaren oinarriak. Lehenengoa Piata Mare (Plaza Handia) izenekoa da. Oso inpresio bitxia sortzen duen tokia da hauxe, pastel koloreko horma eta txapitula erako leihoak eta tamaina handiko teilatuak dituzten etxeek inguratzen baitute. Horrenbestez, bisitariek haurrentzako ipuin baten erdian egoteko sentsazio dute: dena kolore biziz margoztuta eta leihoak zuri begira dauden begiak balira bezala. Enparantza honetako eraikin esanguratsuenak Eliza Erreformista, hiriko zaharrenetako den Haller Etxea eta Udaletxeko Dorrea. Azken honek, gainera, museo txiki bat hartzen du bere baitan baina, ezbairik gabe, bertaratzeko arrazoi nagusia azken solairutik ikus daitezkeen bista ikaragarriak dira.

Azkenik, Bruckenthal Arte Galeria daukagu, Plaza honetako altxorra eta hirira hurbiltzen den edonork derrigor egin beharreko bisita. Errumaniako bigarren museorik garrantzitsuena da eta 1.100 arte anetatik gora ditu erakusgai, ia denak italiar eta Flandesko barrokokoak eta Berpizkunde garaietakoak. Samuel Von Bruckenthal baroiaren (Transilvaniako gobernadorea XVIII. mendean) omenez eraiki zen. Pertsonaia hau oso miretsia da hirian eta hainbat lekuk daramate bere izena.

Sibiun eta inguruetan museo andana aurki ditzakegu. Horien artean 12 erakunde daude, guztiak ere arte bildumei eskainiak eta hainbat gai ezberdinen harira erakusketak antolatzen dituztenak, esaterako, dekorazio arteak, arkeologia, antropologia, historia? bezalako gaiak jorratzen dituzte. Hiriaren kokapen ezin hobeak inguruko mendietara eta Sibiel bezalako udalerri txikietara ibilbideak antolatzeko aukera ematen du. Bertan, ikonoei eskainitako museo handi bat ikusteko aukera dago.Deva herritik hurbil, Hunyadi Gaztelua dago, gotiko estilokoa eta XV. mendean Iancu de Hunedoara printzearen aginduz eraikitakoa.

Hirian zehar bisitaldi alde batera utzi gabe, plaza handitik atera eta Udaletxeko Dorrearen ondotik abiatuta, Piata Micara helduko gara, lasaitasunez betetako txoko eroso bat. Bertan dagoen kafetegiren batean eseri eta inguruan dauden XV. eta XVI. mendeetako etxeak mirestu edo garai batean artisauenak izandako dendak bisitatu daitezke. Plazaren atzean, Pasajul Scariol igaro eta gotorlekuen ondoan dagoen eskailera zahar batetik, ibairantz jaitsiko gara eta bidean, bizitzaz beteriko azoka moderno batekin egingo dugu topo. Hemen hiritarren benetako izaera eta bizimodua ezagutzeko parada izango du bisitariak.

(Argazkiak: www.wikipedia.org)