«« Itzuli
Erreportajeak
Venezia, erromantizismoak hartutako kanalak





Venezia, Veneto Italiako probintziako hiriburua, itsasoan urgaineratzen da mirari bat bailitzan. Hondar-bankuen bidez itsasotik babestuta dauden 118 uhartek osatzen dute nostalgikoen eta erromantikoen helmuga den hiria. Urtero apur bat gehiago -23 zentimetro azken hamarkadan, adituen arabera- hondoratzen da; beraz, heriotza iragarrita du Veneziak, eta horrek xarma berezia ematen dio.
2005/11/17
Barbaroek Alpeetatik egiten zituzten erasoetatik babesteko biztanleek izan zuten beharrizanetik jaio zen Venezia, serenissima (bikaina) izenez ezaguna. Po eta Tagliamento ibaietako bokaleen artean dauden urmaelak aukeratu zituzten hiria sortzeko. Leku horri esker, lurretik eta itsasotik etor zitezkeen erasoetatik babestuta zeuden.
Etxebizitza, jauregi, eta eraikuntzak oso gertu dauden 118 uhartek osatzen duten artxipelagoan eraiki zituzten. Egun, 160 kanalek eta 400 zubi inguruk lotzen dituzte irlok. Kanal Nagusiak, Veneziako kanal garrantzitsuenak, hiria zeharkatzen du S forman. XXI. mendean bete betean sartuta gaude, eta oraindik ere, mota guztietako itsasontziek Veneziako garraiobide nagusia izaten jarraitzen dute. Ontzi ezagunenak gondolak dira, baina hiribus funtzioa duten txalupa handietan (Vaporetto) eta uretatik doazen taxietan ere bidaiatu daiteke.
Kanal Nagusiaren ertzetan, antzinako jauregi gotiko, errenazentista eta barroko ugari eta patriarka-familien egoitzak daude, eta hainbat zubik zeharkatzen dute, Rialto, hiriko ezagunena, eta Accademiakoa, esaterako.
Veneziako eraikin garrantzitsuenetakoa Ducale Jauregia da, XIV-XV mendeetan eraikitakoa. Veneziako Errepublikako kolonietatik ekarritako materialekin egin zuten Jauregi gotikoa eta, besteak beste, Tintoretto, Tiziano eta Veronese artisten maisulan ugari daude gordeta bere geletan.
Jauregiak duen erakargarritasunetako bat Ponte dei Sospiri zubitik pasatzea da. Jauregia eta Piombi kartzela lotzen ditu. Kondairak dioenez, presoek hasperen egiten zuten zubi horretatik igarotzean eta azken argia ikusten zuten hirian, zigorra betetzerako bidean.
Korrosio geldigaitzak desgastatu dituen etxebizitzak eta San Marko Plaza oso bestelakoak dira. Kanal Nagusiari irekita, enparantzaren ertzetan atari ederrak daude, eta bertan eraikinak eta kafetegiak barra-barra daude. XII. mende amaieran sortu zuten, zeharkatzen zuen kanala urez bete eta gero. XV. mendean birmoldatu eta Erlojuaren dorrea eraiki zuten. Entzutetsuak dira brontzezko figurak, zirkulu zodiakala eta lehoi hegoduna (Veneziako sinboloa), Campanilea (1902an desagertutakoaren erreplika) eta biblioteka.
Izugarrizko basilika zaintzen du San Marco Plazak. 1063 eta 1073 urteen artean eraikita, arte grekoaren, bizantziarraren, toskanarraren, lonbardiarraren eta veneziarraren sinbiosi perfektua da. Fatxadak marmolez, mosaikoez eta eskulturez apainduta dauden bost atari ditu. Basilikaren barruan XII. eta XIII. mendeetako mosaikoak nabarmentzen dira. Irudi horiek XVI. eta XVII. mendeen artean konpondu zituzten.
Eraikin bikainetan dauden museo garrantzitsuak ere badaude Venezian. Galleria de Accademian XIV. mendetik XVIII.era arteko pintura veneziarra dago erakusgai. Museo del Settecento Veneziano di Ca Rezzonicon, aldiz, beste batzuen artean, Guardiren eta Canalettoren maisulanez goza daiteke. Bestalde, Venier dei Leoni Jauregiak abangoardia historikoetako lanak hartzen ditu, eta, azkenik, Palacio Grassi Jauregiak urte osoan zehar erakusketa ugari eskaintzen ditu.
Berezko edertasunaz gain, Venezia bisitatzeko pisuzko arrazoi bat Inauteriak dira. Tradizio handiko ospakizuna da, izan ere, XI. mendean du jatorria. Halere, XIII.era arte ez zuten hartu jaialdi publikotzat. Hainbat herrialdetako aristokratak joaten ziren Inauterietara eta jai honetan tipikoa da izurriaren doktorearen maskara sudurluzea.
Gondolierak, jantzi tipikoarekin (alkandora marraduna, lastozko txapela eta zintak airean) eta arraun batekin, hiria bisitatzen duten milaka turista eramaten dituzte kanaletatik. Bitartean, musikariek eta canzoniere delakoak tarantella abesti herrikoiak interpretatzen dituzte. Veneziako uretan barneko bidaia erromantikoaz ari gara.
