BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Buenos Aires, Argentinako aterik unibertsalena

Buenos Aires, Argentinako aterik unibertsalena
Buenos Aires, Argentinako aterik unibertsalena
Buenos Aires, Argentinako aterik unibertsalena
Buenos Aires, Argentinako aterik unibertsalena
Buenos Aires, Argentinako aterik unibertsalena

Rio de la Plataren ertzetan, Argentinako hiriburua eta Latinoamerikako hiri garrantzitsuenetakoa goratzen da tangoaren grina berberarekin. Eraikin kosmopolitenek, alde batetik, eta kolonoen etxetzar zaharrek, museoek, antzokiek eta kafetegiek, bestetik, osatzen dute Buenos Aires.

2006/02/24

Munduko hirigune jendetsuenetakoa da Buenos Aires, izan ere hamabi milioi biztanle baino gehiago bizi dira bertan. Rio de la Plataren eskuinaldean, lurralde lau batean hedatzen da tangoaren eta futbolaren hiriburua. Nabarmentzekoa da bertako arkitektura, espainiarren, frantsesen, eta italiarren eraginekoa. Etorbide zabalak, luxuzko etxeak, eraikinak, berdegune handiak, ehunka eskultura eta eliza ugari batzen dira hirian.

Buenos Aireseko leku bereizgarrienetako bat Palermoko basoak dira. Hiriaren barruan paradisua osatzen du 25 hektareako basoen talde horrek. Argentinako hiriburuko 48 auzunetatik, Palermo zabalenetakoa da eta hiru aldetan banatuta dago. Alde batetik, Lorategi Botanikoak, Lorategi Zoologikoak eta Arrosadiak hiriko birika osatzen dute; bestalde, Palermo Chico izeneko aldean, luxuzko etxeak eta egoitza diplomatikoak daude; eta, azkenik, "Palermo Hollywood" delakoak izen hori hartu du bertan zinemako eta telebistako zenbait estudio daudelako.

Auzo zaharrenari, San Telmori, dagokionez, antigoaleko gauzen galeria onenetakoak eta tangoarekin zerikusia duten denda entzutetsuenak daude bertan. Hiriko txoko horretan, Dorrego plaza bisitatu, eta igandero ospatzen duten Antigoaleko Gauzen Feriara joan gaitezke.

La Boca barruti ospetsua bitxia ere bada. Hainbat tangoren inspirazio izandako auzo horretan arkitektura berezia kontserbatzen da, eta horren adibide argiena Caminito kalea da. Oinezkoentzako kale ezaguna da, eta bertan leiho eta balkoi ugari dituzten kolore bizietako etxeak daude.

Hiria bera bezain zaharra da Maiatzako Plaza, herrialdeko gune politikoa, izan ere, enparantza horren inguruan hasi zen sortzen Buenos Aires. Plazaren ekialdean, Etxe Arrosa dago, Argentinako botere exekutiboaren egoitza, hain zuzen. Iparraldean, Metropoliko Katedrala dago, eta, mendebaldean, aldiz, beste instituzio garrantzitsu bat, Kabildoa.

Retiro auzoan, berriz, hiriko monumentu eta eraikin ezagunak bisitatzeko aukera dago, horien artean, Ingelesen Dorrea. Maiatzako Iraultzaren Mendeurrenaren omenez eraiki zuten bertako ingelesek hiriko punturik garaienetakoa den dorrea.

Handik metro batzuetara, La Recoleta auzunean, Buenos Aireseko eraikin eta toki erakargarrienetakoak ditugu bata bestearengandik oso hurbil, Pilarreko Andre Mariaren Basilika, Pilarreko plaza, Askatzaileari monumentua, Kultur etxea eta Recoletako hilerria, esaterako. Hain kanposantu ederra denez, panteoi gehienak ondare nazional izendatu dituzte. Gainera, Argentinako zenbait pertsonaia garrantzitsuen hilobiak daude bertan, horien artean, Eva Duarte de Peronena.

Buenos Airesen kale komertzialak (Santa Fe etorbidea eta Florida oinezkoentzako bidea, beste batzuen artean), lorik egiten ez duten beste batzuk (Corrientes etorbidea, adibidez), Lavalle zinema-aretoen kalea eta Uztailaren 9ko etorbidea, munduko zabalena, nabarmentzen dira. Etorbide handi horrek 120 metroko zabalera eta 2.600 metroko luzera ditu eta, bertan, hiriko sinboloa eraiki zuten, Obeliskoa, hain zuzen.