BIDAIAK

«« Itzuli

Ibilbideak Euskal Herrian

Ibilbidea Urdulizen barrena

Ibilbidea Urdulizen barrena
Ibilbidea Urdulizen barrena
Ibilbidea Urdulizen barrena
Ibilbidea Urdulizen barrena
Ibilbidea Urdulizen barrena
Ibilbidea Urdulizen barrena
Ibilbidea Urdulizen barrena

Urduliz, Uribe Kosta eskualdean (Bizkaia) dagoen udalerria, ezagutuko dugu aste honetan. 7,51 kilometro koadroko azaleran hedatzen da, Butroi itsasadarraren haranean kokatuta. Munarrikolanda mendatea, 255 metro, udalerria zeharkatzen duten bi mendikateen artean nabarmentzen da.

2008/04/30

Balio arkitektoniko handiko eraikin ugariz eta, aldi berean, paisaia zoragarriez gozatzeko aukera eskainiko digu ibilaldi honek, hala nola, Santa Marina baseliza, eskualdeko begiratokitzat jotzen dena.

Herria landa esparrura errotuta egon den arren, gaur egun hiri paisaia da nagusi Urdulizen. Bere kokapen bikainak, itsasotik gertu eta lurzoru libre ugarikoa, garapen industriala eta udalerriaren hedapena bultzatu zuen. Hala ere, landa paisaia ederrak eskaintzen jarraitzen du Urdulizek, oraindik mantentzen dituen baserri eta nekazal ustiapen anitzei esker.

Bere ondare arkitektonikoaren aberastasuna du ezaugarri nagusi Urdulizek. Udalerriko eraikin garrantzitsuenetariko hiru bere garaian abereen azoka hartzen zuen zelaian aurkituko ditugu; Andra Mari Eliza eta Torrebarri eta Mentxakaena jauregiak.

Udalerriko eraikuntza ezagunetariko batetik emango diogu hasiera gure ibilalditxoari. Andra Mari eliza. Eraikin errenazentista hau XVI. mendean altxatu zuten, XVIII.aren erdialdera (1770ean) berreraikia izan zelarik. Jatorrizko elizaren harlanduzko hormak eta erdi-puntuko arkuko sarbidea mantentzen ditu. Habearte batez, hiru gangaz, hiru aldarez eta dorre batez osatzen den eraikin honek 1673. urteko kanpandorrea du.

Hurrengo geldiunea Torrebarri jauregian egingo dugu. XVII. mendeko eraikuntza ikusgarri hau Erdi Aroko dorre baten oinarriak aprobetxatuta altxatu zen. Bolumen kubikoa eta apaindura urriko estilo trinkoa du. Erlaitz, leiho eta fatxaden forma sinple eta zurrunetan nabaritzen da gehien edergarririk eza. Azpimarratzekoak dira baita mandioa eta Butroiko Echevarria familiaren armarria.

Eleiza auzoan barneratzean, Urdulizko beste altxor arkitektoniko bat bisitatzeko aukera izango dugu. Mentxakena jauregia. Barroko estilokoa, XVIII. mendeko eraikin honek oinplano angeluzuzena eta bi sarbide ezberdin ditu; erdi-puntuko arku barrokokoa bata, eta ateburukoa bestea. Lorategi dotorea du, eta bertara begira dagoen fatxadan Mentxakatorre familiaren armarria ikus daiteke, bere garaian Laukizen egon zen Mentxaka Dorreko ondorengoak.

Udalerriko eraikin interesgarrienetakoa bisitatuko dugu orain. Santa Marina baseliza. Kopapen maldatsu bezain ikusgarrian kokatzen da; Santa Marina haitzetan, garaiera handieneko puntuan. Bertara heltzeko harkaitzen artean luzatzen den bide aldapatsua zeharkatu beharko dugu. Kobazulo baten aldamenean kokatzen da XV. mendeko baseliza gotiko hau. Habearte bakarra eta oinplano irregularra du. Harlauza erraldoiz osatutako zoladura eta arku zorrotzeko sarbidea azpimarratzekoak dira. Bere kokapen bereziak, haitzen gainean, Urduliz eta Sopela arteko mugan, alboetara hedatzen diren haranen eta Bizkaiko itsasertzaren, Punta Lucerotik (Zierbena) Villano (Gorliz) lurmuturreraino, bista zoragarriez gozatzeko aukera eskainiko digu. Eremua oso ezaguna da eskalada zaleen artean, orografia maldatsu hau dela eta.

Ibilbideari amaiera emateko, udalerrian zehar banatzen diren zenbait baserri bisitatuko ditugu. Besteak beste, nabarmentzekoak dira Goikoetxe eta Urduliz Osteiko, sarbidea arku konopialean duten XVI. mendeko bi baserri. Añubarri eta Umarante, XVIII. mendekoak, eta Brinikete, XIX. mendekoa.

(Argazkiak: 1 eta 3: Uribetur; 2, 4, 5 eta 6: Lasonet; 7: Todoescalada)