«« Itzuli
Ibilbideak Euskal Herrian
Zestoa, arkeologiaren eredu







Gipuzkoako iparraldean dagoen herri hau auzo ugarik osatzen dute. Biztanle gehienak herriaren erdialdean bizi dira, baina beste hainbatek inguruetako auzoetan dute bizitokia. Oso paisaia ederrak ditu Zestoak eta interes historikoa eta artistikoa duten zenbait gune aurkituko ditugu bertan.
2008/05/16
Zestoak historia luzea dauka; milaka urtetan zehar bizi izan da jendea bertan baina, herri gisa, 1383 urtea aldera sortu zen edo, behintzat, urte horietakoak dira lehen froga idatziak. Zestoako hiribildua XIV. mendearen bukaera aldera sortu zuten. Gaur egun, oraindik ere gorde dira orduko harresiaren zati batzuk.
Zestoa ezaguna egiten duen ikurretako bat Bainuetxeak dira. 1792. urtean, Ur Edangarri izendatu zituzten bertako urak eta, ordutik, hainbat sari jaso dituzte nazioarteko zenbait hiritan: Madril, Niza, Paris, Bordele, Amsterdam... XIX. mendetik aurrera, gero eta ospetsuagoak bihurtu ziren Zestoako urak eta milaka turista erakartzen zituzten. 1830 urtean, Fernando VII.aren anaia ere etorri zen urak hartzera. Bainuetxearen eraikinak aukera ugari luzatzen dizkigu: edateko ur sendagarriak, presiopeko urezko tratamenduak, igerilekuak, burbuila bainuak, saunak... era guztietako tratamenduak, alegia. Askotariko arkitektura estiloak uztartzen ditu, neoklasizismoa eta neo-mozarabiarra, besteak beste.
Bainuetxeko Hotel Nagusiko jangela, hain zuzen ere, arabiarra da. Hotela XIX. mendean eraiki zuten eta bertako jangelek eta egongelek oso kutsu berezia gorde dute. Horietan ikusgarriena jangela arabiarra da; mozarabiar berriko estilokoa da eta luxu handia dauka. Barruko aldean, hain esanguratsuak diren arku arabiarrak dauzka apaingarri gisa. Hotela, gainera, Manuel Gutierrez Aragonek zuzendutako Visionarios pelikularen eszenatoki ere izan zen.
Arkeologia gune oso garrantzitsua
Idiakaitzeko arkeologi aztarnategia Euskal Herrian mota horretako aztarnategi bakanetakoa da. Bertan, hainbat garaitako aztarnak aurkitu dituzte hala nola, goi paleolitokoak eta behe paleolitokoak. Han aurkitu dituzten materialak garai batean utzi zituzten leku edo maila berean daude, ibaiak ez ditu terrazetan nahastu, eta orduko ohitura, egoera eta inguruneari buruz informazio asko ematen dute; horregatik da hain aurkikuntza garrantzitsua. Penintsula kontuan hartuta, gero eta ospetsuagoa da Idiakaitzeko aztarnategia, izan ere, ezaugarri horiek guztiak dituzten aztarnategi gutxi daude.
Beste gune esanguratsua Ekaingo haitzuloa da. Barruan, irudi bilduma handia topatuko dugu; 70 irudi daude, 64 pintatuta eta 6 grabatuta. Irudi gehienak beltzak dira eta okre kolorea ere nabarmentzen da. Hainbat animalia irudikatzen dituzte: zaldiak, bisonteak, oreinak, basahuntzak, izokinak, hartzak... Irudiak aztertu ondoren, Erdi-goi Madeleine aldikoak (duela 12.000-14.000) direla uste dute. Aranzadi elkarteko historiaurreko sailak dauka haitzuloa zaintzeko ardura. Itxita dago jendearentzat eta bisita baimenduak soilik egin daitezke. Dena den, haitzuloaren erreplika bat eraikitzen ari dira, jatorrizkoa hobeto gorde ahal izateko.
Horrez gain, aipatzekoak dira beste hainbat leku Zestoan: Lili izeneko ondare historiko eta artistiko multzoa, Akoa eta Aizarna bailarak, Santa Engratzia baseliza, Altzolaratseko harana, Iraeta auzoa, Arroa auzoa, San Lorentzo ermita...
(Argazkiak: Zestoa.net)
