BIDAIAK

«« Itzuli

Ibilbideak Euskal Herrian

Ibilaldia Erandion zehar

Ibilaldia Erandion zehar
Ibilaldia Erandion zehar
Ibilaldia Erandion zehar
Ibilaldia Erandion zehar
Ibilaldia Erandion zehar
Ibilaldia Erandion zehar
Ibilaldia Erandion zehar

Aste honetan Erandio ezagutuko dugu, Bilbo Handia (Bizkaia) eskualdeko udalerria. Bilboko itsasadarraren ezkerreko ertzean kokatuta, 17,56 metro koadroko azaleran hedatzen da. Urduliz, Laukiz eta Berango iparraldean, Bilbo hegoaldean, Loiu eta Sondika ekialdean eta Leioa, Getxo eta itsasadarra mendebaldean ditu mugakide.

2008/06/27

Erandioko biztanleria (20.000 lagun baino gehiago) oso ondo zehaztutako auzoetan banatzen da. Horrela, Altzaga eta Astrabudua auzoak nabarmentzen dira; bakoitzak 10.000 lagunetik gorako biztanleriarekin. Bizilagun gutxiago baina iragan garrantzitsuagoa du Erandio Goikoa auzoak. XIX. mendera arte, industrializazioak udalerrian eragindako eraldaketa baino lehen, auzo hau landa izaera zuen udalerri honen ardatza zen. Baina industrializazioarekin batera, Erandiok duen kokapen estrategiakori esker (itsasadarraren ertzean) indar handia izan zuena, udalerriaren eraldaketa etorri zen; Altzaga eta Astrabudua auzoak sortu ziren orduan.

Ibilaldiari hasiera emateko, Erandioko arkitektura erlijiosoa ezagutuko dugu. Lehenengo geldiunea Andra Maria elizan egingo dugu. Erandio Goikoa auzoan kokatuta, tenplu honen jatorria XII. mendean zehazten dute, nahiz eta XV. eta XVI. mendeen artean erabateko zaharberritzeak izan zituen. Eliza gotiko honek gurutze latinozko oinplanoa, hiru habearte eta dorrea ditu. Dorre hau geroagokoa (XV. mendekoa) eta oinplano karratukoa da. Bi gorputzez osatuta, gotorleku baten itxura hartzen du. Kanpaia, Bizkaian dagoen zaharrenetakoa, bigarren gorputzean kokatzen da.

Ildo beretik, Erandion dauden baseliza ugariak bisitatuko ditugu. Horietako bat San Kristobal baseliza da. XVII. mendeko baseliza barroko honek oinplano angeluzuzena du. Auzo berean, Paduako Antonio baseliza ezagutuko dugu. Barroko estilokoa, oinplano angeluzuzena du baita ere eta harri-hormaz altxatuta dago.

Eraikin erlijiosoekin bukatzeko, San Mames baseliza ezagutuko dugu. XVII. mendeko tenplu barroko hau hainbatetan zaharberritua izan da. Aurreko kasuetan bezala, oinplano angeluzuzenekoa da eta harri-hormaz altxatuta dago.

Erandioko arkitektura zibila ezagutzeko udalerriko altxor nagusiena bisitatzea nahitaezkoa da. Martiartu Dorrea. Izen bereko auzoan kokatuta, XVI. mendeko dorretxe hau udalerriko erakargarritasun turistiko nagusienetako da zalantzarik gabe. XIV. mendean altxatu zen arren, gaur egun ikusten dugun estilo errenazentistako eraikin hau bi mende geroago egindako zaharberritzeen ondorioa da. 18 metroko altuera eta 25 metroko zabalerarekin, hiru mailatan zatituta dago. Harlanduzko harriz altxatuta, dorre hau Monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun gisa izendatuta dago.

Martiartu Dorrea bezain ezagunak ez diren arren, beste dorre interesgarri batzuk daude Erandion. Horietako bat Asua Dorrea da; Asua-Lauroeta auzoan kokatzen den XV. mendeko dorre gotikoa. Modu berean, Goiko Dorrea (XV. mendekoa) eta Beko Dorrea (XVI.ekoa) bisitatu ahal izango ditugu; Ugarte auzoan biak.

Gure hurrengo geldiunea Erandioko udaletxean egingo dugu. Eraikin simetriko hau XIX. mendean altxatu zen. Azpimarratzekoa da etxabeko arkupe luzea. Modu berean, Guresamendi Jauregia bisitatuko dugu Asua-Lauroeta auzoan. Oinplano angeluzuzena duen eta horma-harriz altxatuta dagoen eraikin honek bi solairu (eta ganbara) eta lorategia ditu.

Azkenik, udalerrian zehar dauden baserri ugarietako batzuk ezagutuko ditugu. Hala, Pipatunes Baserria (Erandio Goikoa auzoan), Boskoetxe Baserria (Asua-Lauroetan) edo Arteafa, Bidebitarte eta Arestizarra baserriak bisita ditzakegu.

(Argazkiak: 1, 2, 3: es.wikipedia.org; 4, 5, 6, 7: www.erandioko-udala.org)