BIDAIAK

«« Itzuli

Ibilbideak Euskal Herrian

Errege Bardeak, ibilbidea basamortutik

Errege Bardeak, ibilbidea basamortutik
Errege Bardeak, ibilbidea basamortutik
Errege Bardeak, ibilbidea basamortutik
Errege Bardeak, ibilbidea basamortutik
Errege Bardeak, ibilbidea basamortutik
Errege Bardeak, ibilbidea basamortutik
Errege Bardeak, ibilbidea basamortutik

Errege Bardeako Natur Parkea Nafarroako hego-ekialdean kokatuta dagoen 42.500 hektareako paisaia ia basamortukoa da. Itxuraz toki latza eta ezatsegina da, baina naturari dagokionez oso leku garrantzitsuak ditu. Alde horretatik, parkean hiru erreserba natural daude.

2008/07/04

Milioika urteren buruan, urak, kareharriak eta buztinak, forma ikusgarriak zizelkatu dituzte sakanez, goi-ordoki lauez eta muino bakartiz betetako paisaian. Paisaia idor-idorra da, ia esteparioa, eta penintsulako iparraldean egonik ere, Bardeako landareak eta animaliak Afrikako basamortuari dagozkio. Horrela, arranoak, saiak, hontzak, azeriak eta basakatuak aurkituko ditugu, sasiz, sisalloz, gatz lautadez eta espartzudiz beteriko bazterretan.

Parke naturalean hiru eremu nagusi daude. Iparraldean El Plano dago, nekazaritza lurrak eta muino leunak dituen gunea. Beste alde batetik, Bardea Zuria dago, guztietan famatuena, argazkietan gehien ateratzen dena; estepa itxura du eta edozein lekutan daude muino higatuak nahiz erreka zulo higatuak. Azkenik, Bardea Beltza dugu; bertan lurraldea ilunagoa da, izan ere, inguruko baso bakarrak bertan daude, pinuz eta sasiz beteta.

Aurretik esan bezala, Bardeetan hiru erreserba natural daude. Eguarasko Barrutia parkearen iparraldean kokatutako oasia da eta bertan Peñaflor Gazteluaren aurriak ikus daitezke. Beste erreserba natural bat Rincon del Bu izeneko parajea da. Bardea Zurian kokatuta dago, 460 hektarea ditu eta bere haitzebakietan hontz handia hazten da. Azkenik, Bardea Beltzean, Caidas de la Negra Erreserba Naturala dago; 1.926 hektarea ditu eta 270 metroko desnibelak ere.

Parkean oinezkoentzat ibilbideak daude, baita bizikletan eta motorra daramatzaten ibilgailuetan dabiltzanentzat ere. Kasu hauetan oinezkoentzat prestatuta dauden bideak zeintzuk diren ikusiko dugu. Lau dira nagusiak, Marin Kobazulora daraman bidea, Cortinas Sakaneko ibilbidea, Cortinillas tontorrekoa eta Fraile gainekoa.

Marin Kobako ibilbideak 2 kilometro ditu, eta ia ez du maldarik. El Ferial urtegitik abiatuko gara eta Nuestra Señora del Yugo Ermita alderantz daraman pista hartuko dugu. Hau Agua Salada Sakanak osatzen duen ibar txikiaren ezker aldetik pasatzen da. Aurrerago lurrezko bide bat aurkituko dugu eta honek, igoera txiki bat egin ostean, Marin kobazulora eramango gaitu.

Cortinas Sakaneko ibilbidea aurrekoa baino laburragoa da, izan ere, kilometro bateko luzera du. Ibilbide erraza da, eta Bardeetako ezaugarri diren sakanetako batetik eramango gaitu. Castildetierrako aparkalekutik abiatuko gara eta mendebaldera daraman bidea hartuko dugu. Ondoren, Cortinaseko Sakana jaitsiko dugu eta tamariz artetik jarraituko dugu. Ondoren, aldapa bat hartuko dugu trokatik ateratzeko. Sakanaren ertzetik joanez itzuliko gara hasierako puntura.

Hurrengo ibilbidea Bardea Zuritik egingo dugu eta Cortinillas tontorra bisitatuko dugu. Bertan, muinoaren tontor laura eramango gaituzten hormigoizko 219 eskailera aurkituko ditugu.

Azkenik, El Fraile gaina ezagutuko dugu. Bardeen hegoaldean dago eta inguruko paisaia guztietan basamortu itxura handienetakoa duena da. El Fraile gainetik izugarrizko ikuspegi panoramikoz gozatzeko aukera izango dugo. Bea eskortaren alboan dagoen zabaldegitik mendebal abiatuko gara, soroen ertzetik joanez. Muinoetatik eta sakanetatik pasatu ondoren, oso kaltetuta dagoen pista zahar batera iritsiko gara. Horrek antzinako laborantzarako landa batera eramango gaitu, eta aldapa handi bat igoz El Fraile tontorrera iritsiko gara.

(Argazkiak: 1, 2 eta 3: www.lasbardenas.com; 4, 5, 6 eta 7: www.turismo.navarra.es)