BIDAIAK

«« Itzuli

Ibilbideak Euskal Herrian

Lanestosa, Bizkaiko udalerririk txikiena

Lanestosa, Bizkaiko udalerririk txikiena
Lanestosa, Bizkaiko udalerririk txikiena
Lanestosa, Bizkaiko udalerririk txikiena
Lanestosa, Bizkaiko udalerririk txikiena
Lanestosa, Bizkaiko udalerririk txikiena
Lanestosa, Bizkaiko udalerririk txikiena
Lanestosa, Bizkaiko udalerririk txikiena

Lanestosa mendebaldeko muturrean kokatzen da Enkarterriko eskualdean, Bizkaian. Nahiz eta probintzian sortu zen lehenengo hiribilduetako bat izan, 1,2 kilometro koadrorekin soilik, hedadura txikiena duen Bizkaiko udalerria da.

2008/07/18

Diego Lopez Diaz de Harok, Bizkaiko zortzigarren Jaunak (1254 eta 1288 urteen artean), Lanestosa sortu zuen 1287an bere kokapen estrategikoa aprobetxatzeko; Bizkaiko mendebaldeko muturrean, Kantabriatik gertu, Gaztelatik itsasorako bidean. Lanestosako kaleetan barrena ibiltzerakoan udalerriak duen Erdi Aroko iraganak utzitako aztarnak ikusiko ditugu.

Erdi Aroko herrigunean, hain zuzen, emango diogu hasiera gure ibilaldiari. Denboraren joan-etorriak ez du ia eraldaketarik eragin udalerriko eremu honetan. Lanestosako bihotza da eta harriztatutako kale estu eta zuzenez osatuta dago. Funtsean hiribildua bost kaletan banatzen da (ibaiarekiko paralelo dauden hiru kale eta hauek gurutzatzen dituzten beste bi). Kale estuotan eremu honetan ohikoak diren etxeen artean XVII eta XVII. mendeetako hainbat jauregi ikusgarri ezkutatzen direla ohartuko gara.

Colina Jauregia da altxor horietako bat. 1761ean altxatua, eraikin barrokoa hau Calle Real kalean kokatzen da. Bi solairu eta ganbara ditu, ustez azken solairu hau lursail berean kokatzen zen ortuko produktuak gordetzeko erabiltzen zen. Sarrera atea atari bat sortzen duten bi arkuz osatzen da.

Hurrengo geldiunea Indianoen Etxeetan egingo dugu. Etxe berezi hauek Ameriketara emigratu zutenek atzerritik ekarritako diruarekin altxatutako eraikin zoragarriak dira. Diru indianoak (Kubatik, Ameriketatik, Argentinatik? ekarritakoa) etxe ikusgarri anitz eraikitzea ahalbidetu zuen. Hauetako batzuk ikustea nahitaezkoa da Lanestosa bisitatzen badugu; adibidez, Gaspar Sainz de la Callejaren Etxea (1892an altxatutakoa eta 1912an berreraiki zutena), Casona (ederretako bat), Vizcaya Etxea edota Sobera Familiaren Etxea.

Udalerriko eraikinik garrantzitsuenetakoa bisitatuko dugu orain. San Pedro Eliza. Tenplu errenazentista hau harlangaitzez eraiki zuten XVI. eta XVII. mendeen artean. Habearte bakarra du, pilastretan eusten diren erdi puntuko arkuek banatzen dituzten hiru tartetan zatituta dago. Erretaula nagusia hiru gorputzetan eta beste hiru kaletan zatitzen da.

Karobia eta Zubi Zaharra Lanestosan dauden tokirik historikoenetakoak dira. Lehenengoa udalerriko hilerritik gertu kokatzen da. Kareharria bertan errez karea ekoizteko erabiltzen zen labe zaharberritua da. Lehendakari Agirre kaletik jaisten Zubi Zaharra aurkituko dugu. XVIII. mende erdialdearen eta amaieraren artean altxatu zen Laredo eta Burgosen arteko komunikazioak hobetzeko. 11 metro baino gehiagoko argia duen erdi puntuko arkua da zubia. Hainbat zaharberritze egin behar izan dira eraikin honetan; garrantzitsuenetako bat 1830.ean jazotako ur-goraldiak eragindako kalteen ondorioz.

Lanestosan bi plaza daude. Plaza Zaharrak udalerriko bihotza izaten segitzen du. Lanestosa erdialdean kokatzen den eremu angeluzuzen hau mugimendu handiko tokia da. Merkatua eta udalerriko hainbat zerbitzu (tabernak, aurrezki kutxak?) hartzen ditu. Nabarmentzekoak dira Plaza Zaharrean ikusten diren etxeak; Erdia Aroko itxurarekin eta balkoi handi eta ederrekin.

Plaza Berria ibaia, eliza eta errepidearen artean kokatzen da. Plaza Zaharra zeharkatzen zuen errepidean izandako zirkulazioa handitu izanak udalerriko jaien eta ekimen publikoen ospakizunak arriskuan jartzen zituelako altxatu zuten plaza moderno hau. Nahiz eta aurrekoa baino aldenduago egon, erdialdetik gertu dago.

(Argazkiak: 1, 4, 5, 6, 7: www.lanestosa.org; 2, 3: www.guiabizkaia.com)