BIDAIAK

«« Itzuli

Ibilbideak Euskal Herrian

Muxikako bazterretan barrena (I)

Muxikako bazterretan barrena (I)
Muxikako bazterretan barrena (I)
Muxikako bazterretan barrena (I)
Muxikako bazterretan barrena (I)
Muxikako bazterretan barrena (I)
Muxikako bazterretan barrena (I)

Bizkaiko Muxika udalerria Oiz eta Bizkargi mendiguneen artean aurkitzen da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan. 1965era arte independenteak izan ziren Ibarruri, Muxika eta Gorozika elizateen elkarketatik jaio zen herria. Gaur egun, Busturialdeko eskualde osoko udalerririk handiena da; 50 km2 inguruko azalera dauka. Bere inguruan eta hartzen duen lur-eremuaren tamaina dela medio, hamar herrik baino gehiagok daukate muga zuzena Muxikarekin. Hauetako hainbat garrantzi handikoak dira eskualde mailan. Adibidez, Muxikak Gernika-Lumo dauka iparraldean, Amorebieta-Etxano mendebaldean eta hegoalde eta ekialdean Durango eta Ajangiz daude hurrenez hurren.

2008/08/01

Herriko paisaia sakabanatuta dauden hainbat auzok osatzen dute. Asko eta asko dira Muxikan ikusteke utzi ezin daitezkeen eta auzo hauek ikuspuntu historiko eta kultural aldetik eskaintzen dituzten altxorrak. Hiru ibilbide ezberdinek lagunduko digute udalerri handi bezain berezi honek gordeta dituen sekretuez jabetzen. Ibilaldi bakoitzean Muxikaren ikuspuntu ezberdin eta berezkoa igorriko zaigu. Izan ere, bere lurrak zeruertzetik haratago galtzen diren herri honen xarma osoa ezin da begirada soilaz jaso. Horregatik, bere edertasun osoaz jabetzeko aukerarik onena txokoz txoko arakatzea da. Oraingoan proposamen hirukoitza luzatu nahi dizuegu aste honetan eta hurrengoan zehar zuen eskura jarriko ditugun eta Muxika sakon ezagutzera eramango gaituzten hiru ibilbideen laguntzaz. Jarraian hauetako lehena gurekin batera burutzera animatzen zaituztegu.

Ibarruri - Unda - Maume

Ibarruri, Muxika osatzen duen eta bere garaian independentea zen elizateetako bat (hegoaldean dagoena) dugu. Aste honetan bere paisaiak ezagutuko ditugu bere auzo eta bidezidorretan zehar galtzen garen heinean.

Elexalde auzoan hasiko dugu ibilbidea. Hemen, arkitektura erlijiosoaren adibide bi aurkituko ditugu; Barroko garaiko gurutze-bidea mantentzen duen bide batek batzen ditu eraikin biak. Andra Mari eliza Erdi Aroan dago oinarrituta, 1930ean eraikia izan bazen ere. San Pedro eta San Pablo ermita gotikoa (XV-XVI. mendeak) Bizkaiko landa-giroko gotikoaren eliza interesgarrienetako bat dela diote. Nabarmentzekoa da halaber, arku zorrotzeko aurrealdea, hainbat motibo eta gerlariren irudiek apainduta.

Pilotalekua ere badu; erre zen eliza zaharraren gainean eraiki zuten. Nabarmentzekoa da, baita ere, Ormaza jauregi barrokoa, fatxadan Ormaetxe armarria daukana.

Guzti hau ikusi ostean, eskuinera begira dagoen bidea hartuko dugu eta Unda auzora heltzeko. XVIII. mendeko San Marcos ermitaz gozatu ostean eta bidezidor batean barrena kilometro bat egin orduko Undabeitia auzora helduko gara. Bertan Erregena eta Aurtenetxe baserriak nabarmentzen dira. Kontutan hartu behar da Muxikaren altxor berezienetakoa bertako baserrien arkitekturan (Erdi Aro bukaera aldekoak) oinarritzen dela. Gure bideari jarraiki, Unda auzora helduko gara eta bertan Bizkaiako bi baserri interesgarrienetakoekin egingo dugu topo: Undajauregi eta Undagoitia. Ostean bideari berriz ekin eta Muniketako bidera arte jarraituko dugu. Antzina, hau zen hegoaldearekin komunikatzeko bide nagusia, Durangotik, 1948an Autzaganeko errepidea hobetu zen arte. Hemen dago Astei nekazaritza turismoa. Eraberritutako baserri jatetxe zerbitzua dauka eta Oiz mendiaren hegala eta Goraño ikusteko aukera ematen duen ikuspegi paregabea eskaintzen du.

Bertatik 500 metro ingurura, ezkerretara dagoen bidea hartuko dugu Maume auzo bitxira joateko. Gehienbat nekazal auzoa bada ere, hainbat elementu garrantzitsu ditu historia, kultura, etnografia eta gastronomia alorretan; besteak beste, aipatzekoa da San Lorentzo ermita. Ermita barrokoa da, bere inguruan auzo osoa biltzen duen egurrezko koru bat daukana.

Oleako Burdinola ere ikusi daiteke auzo honetan eta bertatik hurbil Astogana Galtzada arukituko dugu. Bide hau XIV. mendetik XVI.era bitartean erabiltzen zuten barnealdeko eta kostaldeko herrien artean produktuak garraiatzeko. Maumetik Oiz Mendira igotzeko aukera daukagu. Oiz tontorreko bista paregabeez gozatuz bukatuko dugu Muxikatik aste honetan egingo dugun ibilbidea.

(Argazkiak: www.muxikakoudala.com )