«« Itzuli
Ibilbideak Euskal Herrian
Muxikako bazterretan barrena (II)







Joan den astean aurkeztu genizuen proposamenari jarraiki, gaurkoan beste ibilbide pare bat dakartzagu Bizkaiko Muxikako udalerriak ezkutatzen dituen bazterretako bat bera ere aztertu gabe utzi ez dezazuen.
2008/08/08
Zugastieta - Bizkargi - San Roman
Bi ibilbideetatik lehena Zugastietan hasiko dugu. Inguruko jauregi berezienetako bat dago hemen, Etxezarreta jauregia. Bertako fatxadan XVII. mendeko eraikin noble honi izena ematen dion familiaren armarria dago esekita. Bere ondoan, Olabarri errota dago, gaur egun ere martxan dirauen errota batekin. Handik hurbil, gaur egun eskualdeko turismo bulegoa hartzen duen neoklasiko berantiar estiloko tren-geltokia dago. Hortik bidea gurutzatu eta Gorozikako Eleizalde auzora abiatuko gara. Gorozikako elizara heltzerakoan hareharrizko harrobirantz doan bidea hartu eta Bizkargi mendirako igoera hasiko dugu. Arburura heltzerakoan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren mugetatik ibiliko gara Bizkargi mendi tontorrera iritsi arte. Guda zibilean Burdin Gerrikoa izandako gotorleku honetatik Muxika inguratzen duen paisaia ikusi daiteke. Errekaren bidexkari jarraituta, San Roman auzora helduko gara. Auzo hau Oka ibaiaren ezkerreko ertzean dago, muino txiki baten gainean. Bertan San Roman ermita eta Muxikako Dorreaaurki ditzakegu.
Muxikako Dorretxeak erraz bereizteko moduko zati bi dauzka: Horma altu eta zabalez inguratutako patio zabala eta etxebizitza, gotorlekua bera. Bizkaiko Ermandadeak erre egin zuen 1451an, dorrea txikiagotuz; ostean, XV. mendearen amaieran eraiki zuten berriz ere. Dorretik hurbil, San Roman ermita dago, XII. mendearen amaierakoa. Ermitaren atalik azpimarragarrienak abside-leihoak dira; hauek elementu bitxiak dira Euskadiko arte-geografian eta Erromanikoan kokatzen dira. Auzo honi dagokionez, Urkietako artea nabarmendu behar da, Quercus ilex ilex espezieko artea, zuhaitz berezia dela aitortu baitu Eusko Jaurlaritzak. Paisaiaren erliebea moteltzen joango da Astelarra auzora heltzen garen heinean. Tren geltokiaren aurrean amaitzen da gaurko lehen ibilbidea.
Oka - Berroja - Ajuria
Hona hemen hirugarren ibilbide bat oraindik ere Muxikako paisaien sekretu guztiak ezagutu nahi dituzten horientzat. Oka auzoan emango diogu hasiera oraingoan. Oka auzoak eskualdeko ibairik garrantzitsuenari ematen dio izena; Mundakako itsasadarraren ardatz nagusia da eta Euskal Herriko padura garrantzitsuenak sortu ostean itsasoratzen da. Bertan dago Okako Dorrea, errota eta burdinolez inguratua. Kubo itxurako eraikin handia da, eta lau isuriko estalkia eta hegal zabala ditu. Elurretako Andra Mariaren Ermita ere hemen aurki dezakegu, dorretxearen jabe berberek eraikitakoa.
Bekoerrotatik aurrera egingo dugu, Oka eta Berroja auzoak lotzen dituen bidetik. Bide ertzean Oka errekaren errekastoa aurkituko dugu. Bere alboko urbazterreko basoan haltzek, hurritzek, lizarrek eta xumetzek errekaren bidea zaintzen dute. Ibilbideari jarraitu eta Irazabal auzora helduko gara. Bertan, Biskoa eta Aurtenetxe baserriak aurkituko ditugu. Askorik ibili gabe, Berroja auzora helduko gara. Muino baten gainean dago eta Urdaibaiko lau puntu kardinalak ikusi daitezke bertatik. BerrojaArandia baserriaren inguruak Urdaibaiko ikuspegi panoramiko ederrenak eskaintzen ditu. Hemen, gainera, Urdaibaiko mahastirik handiena aurkituko dugu. Horretaz gozatu ostean, Ajuria auzora doan bideari ekingo diogu. San Juan Bataiatzailearen Ermitaren inguruan taldekatutako baserrien gunea da Ajuria auzoa eta azpimarratzekoak dira Otxategi Goikoa eta Otxategi Behekoa baserriak, duten tamaina dela medio. Gure ibilaldia bukatutzat emateko aukera anitz ditugu: auzoko jolas-lokalean dibertitu gaitezke edota bertako sukaldaritzaz gozatu eta indarrak berritu txokoa bisitatuz.
(Argazkiak: www.muxikakoudala.com )
