«« Itzuli
Ibilbideak Euskal Herrian
Ibilaldia Etxebarrin barrena







Aste honetan Etxebarri ezagutuko dugu, Bilbo Handia (Bizkaia) eskualdeko udalerria. Lurraldeko hiriburutik 1,5 kilometrora kokatuta, 3.26 kilometro koadroko azaleran hedatzen da. Iparraldean Bilbo, Zamudio eta Galdakao, hegoaldean Basauri, ekialdean Galdakao eta mendebaldean Bilbo ditu mugakide Etxebarrik.
2008/08/14
Nerbioi ibaiaren erriberan kokatzen da Etxebarri. Ibaia Baskonia zubitik sartzen da udalerrian eta herriaren parte bat zeharkatu ostean, beste zubi batetik barrena, Etxebarri eta Bilbo arteko mugan kokatzen den Santa Ana zubitik, aldentzen da Etxebarritik.
Bilakaera ikusgarria izan du Etxebarrik azken hamarkadetan. Landa izaerako eta populazio gutxiko herrixka bat izatetik azken urteotan gehien hedatu den udalerrietako bat izatera pasatu da. Egun 8.000 biztanle baino gehiago bizi dira Etxebarrin eta datozen urteetan kopurua biderkatzea aurreikusi dute. Hedapen hori Etxebarri eta Bizkaiko hiriburuaren arteko gertutasunak eta metro zerbitzua udalerrian martxan jartzeak (2005. urtean) eragin dute. Gaur egun Etxebarri bi metro-linearen helmugako geltokia da eta 2012. urterako hirugarren batena ere izatea aurreikusita dago.
Doneztebeko Eliza udalerriko eraikinik historikoenetako bat da. Halere, gaur egun ikusten dugun eraikina ez da jatorrizko tenplua. 1907an Manuel Maria Smith-ek zuzendu zuen berreraikitze historizista baten emaitza da. Elementu erromantikoak eta gotikoak uztartzen ditu tenpluak, eraikinari eklektizismo kutsu bat emanda. Albo batean altxatzen den almenadun dorreak babeserako izaera ematen dio eraikuntzari. Gurutze latinozko oinplanoa du eta sarreraren gainean arrosa-leiho gotiko bat ikus daiteke. Elizak Amezola eta Lezama-Legizamon familien hilobi-kriptak hartzen ditu, berreraikitzea diruz laguntzeagatik izan zuten saria.
Santa Ana baseliza Etxebarriko eraikin erlijioso aipagarrietako bat da. 1740an sortua, Doneztebeko Elizarena da. Gaur egungo eraikina baseliza zaharraren erreprodukzio bat da. Jatorrizko eraikina udaletxearen aldamenean dagoen plazan altxatzen zen eta 1960.ean lurrera bota zuten. 27 urte geroago berria eraiki zuten erdialdearen eta Legizamon industrialdearen artean dagoen zubitik gertu. Santutxo motako tenplu txiki hori Santa Anaren omenez altxatu zuten eta oinplano karratuko arkupe zabala du. Barrualdean Santa Ana, San Antonio Abadea eta San Ignacio Loiolakoaren irudiak gurtzen dituzte.
San Antonio auzoan Paduako San Antonio eliza aurkituko dugu. XX. mende erdialdean (60. hamarkadan) altxatu zuten udalerriko biztanleriaren etengabeko hazkundea zela-eta. Soiltasuna da angeluzuzen itxurako eraikin garaikide horren ezaugarri nagusia.
Bisitatzea merezi duten bi jauregi daude Etxebarrin. Leguizamon Jauregia, izen bereko auzoan kokatuta, XVIII. mendean altxatu zuten eta Lezama-Leguizamon familiarena da. Apainduratan urria den jauregitxo barrokoa, harlangaitzez eraikita dago eta T itxurako oinplanoa du. Erdiko gorputza beste biak baino altuagoa da eta familiaren ezkutuarekin apainduta dago. Amezola Jauregia 1905ean eraiki zuten. Bolumen kubikoa duten bi eraikinez osatzen da jauregia. Fatxadetako baoek leihoburuak dituzte eta goiko gorputzak bistako adreilua du. Jauregiaren izenarekin sinatuta dagoen arku handi bat dago sarrera nagusian.
Ibilaldiari amaiera emateko, Etxebarriko parkeak eta berdeguneak bisita ditzakegu. Hala, Montikulo Parkea atseden hartzeko leku aproposa da. Doneztebeko Elizaren aldamenetako mendixka batean kokatuta, bere garaian udal-hilerria zegoen bertan eta oraindik kanposantua osatzen zuten hainbat elementu agerian daude; ataria edo burdinazko atea, besteak beste. Bekosolo parkea Etxebarriko berdegunerik ezagunetako bat da eta bertan mota askotako instalazioak aurki ditzakegu. Modu berean, Kukullaga Parkeak berdegune zabalak eta kirol-instalazioak eskaintzen ditu.
(Argazkiak: Etxebarri.net)
