BIDAIAK

«« Itzuli

Ibilbideak Euskal Herrian

Ibilbidea Amorototik

Ibilbidea Amorototik
Ibilbidea Amorototik
Ibilbidea Amorototik
Ibilbidea Amorototik
Ibilbidea Amorototik
Ibilbidea Amorototik
Ibilbidea Amorototik

Amoroto Lea Artibai eskualdean, Lea Ibarrean kokatuta dagoen Bizkaiko herri bat da. Iparraldean Lekeitio kostaldeko herriarekin egiten du muga, mendebaldean Gizaburuagarekin, hegoaldean Markinarekin eta ekialdean Berriatuarekin. Aste honetan 14,3 kilometro karratuko azaleran 400 biztanle dituen elizate honen auzoak, kaleak eta eraikin interesgarrienak ezagutuko ditugu.

2008/08/21

Amoroto lau auzotan banatuta dago: Elexalde auzoa, Urrutia, Ugaran eta Odiaga. Herritar gehienak lehenengoan bizi dira, eta hori da udalerriaren erdigunea. Bertan daude Udaletxea, eskola, plaza eta frontoia. Ugaran auzoan Oleta dago, arras ezaguna inguruan bertako hiru jatetxeetan oso ongi jaten baita. Urrutia auzoan oso baserri ederrak daude, baita Odiaga auzoan ere. Azken hori gune menditsu batean dago, eta toki aparta da ibilbideak egiteko.

Amorotoko kultur ondarea oso garrantzitsua da eta bertan azpimarragarriak dira baserriak. Asko eta asko oso dotoreak dira eta orokorrean ederki zainduta daude. Gehienak ez dira zaharregiak, XVIII. eta XIX. mendeetakoak baitira.

Erlijio ondareari dagokionez, Amorotok eliza bat, baseliza pare bat eta hainbat gurutze ditu. San Martin eliza gotiko-barrokoa herriko plaza txiki politaren inguruan dago kokatuta, Udaletxearen, tabernaren eta zenbait baserriren alboan. Aurretik baseliza bat zen, baina, 1519. urtean, garaiko Aita Santuak parrokia askatasuna eman zion.

XX. mendeko estilo herritarreko San Migel baseliza Elexalde auzoko sarreran dago. Atariko ate gainean "San Miguel Goiaingerua" testua dago erliebean idatzita, eta horren gainean harrizko gurutze bat. Santa Barbara baseliza izen bereko mendixkan dago kokatuta, eta bertatik ikuspegi paregabe batez goza daiteke. Zehaztu gabe dago noiz eraiki zuten baina estilo herritarra du.

Bestalde, Amorotok hainbat gurutze ditu bideetan. Horien helburua herriko lau auzoak harremanetan jartzea zen. Hau da, Elexalde, Urrutia, Ugaran eta Odiaga auzoko kideak elkarren artean komunikatzeko sinboloak ziren.

Elizaren atzeko aldean frontoia dago, eta horren alboan eskolarekin egingo dugu topo. Eraikin hori XX. mendekoa da, estilo herritarrekoa. Horren aldamenean haurrentzako jolasgune bat dago.

Errotak dira Amoroton ikusi beharreko beste eraikin batzuk. Arminerrota errota XVII. mendekoa da, barrokoa, eta Urrutia auzoan aurkituko dugu; gaizki zainduta dago. Bolo errota Oletan dago, Ugaran auzoan, eta bere ezaugarririk bereizgarriena sarrerako horma gaineko arkua da; erortzear dago. Azkenik, eta Ugaran auzoan bertan, Errotabarri errota dago. XIX. mendekoa da, estilo herritarra du eta oso ongi zainduta dago. Gaur egun baserri bezala erabiltzen dute, eta bere albotik Lea Ibilbidea pasatzen da, eskualdea ezagutzeko paseo bat egiteko bide aproposa.

Azkenik, azpimarratu behar dugu Amoroton kobazulo ugari dagoela, eta horietako batzuetan, gainera, aztarna garrantzitsuak aurkitu dituztela. Abitxako leizea Ugaran auzoan dago, Oletatik hurbil. 1929an eman zuten ezagutzera eta oso kobazulo garrantzitsua da, interes arkeologiko, historiko, biologiko eta espeleologiko handikoa. Bere galeria nagusiak 15 metroko altuera du, eta itxita dago segurtasun kontuengatik.

Errekas leizea 1882an aurkitu zuten eta bertan zeuden aztarnak zirela medio, antzina han gizakiak bizi izan zirela egiaztatu zuten. Herriko beste kobazuloetako bat Pepetxo leizea da. Balio historiko eta artistiko garrantzitsua du, eta Urrutia auzoan dago. Hura baino beheraxeago Pepetxo III leizearekin egingo dugu topo. Han ere gizakiak bertan bizi izan zirenaren zantzuak topatu zituzten. Amoroton dauden beste leizetako batzuk Pepetxo II, Pepetxo IV, Armiña, Goiogana I eta Asubitako koba dira.

(Argazkiak: www.amoroto.net)