«« Itzuli
Ibilbideak Euskal Herrian
Ibilaldia Galdakaon barrena






Galdakao Bilbo Handia (Bizkaia) eskualdeko herri bat da, Ibaizabal beheko ibarrean, Bilbotik 10 kilometro ingurura. 30.000 biztanle ingururekin, 31,66 kilometro koadroko azaleran hedatzen da. Zamudio, Lezama eta Larrabetzu iparraldean, Zaratamo eta Zeberio hegoaldean, Zornotza, Lemoa eta Bedia ekialdean eta Etxebarri eta Basauri mendebaldean ditu mugakide Galdakaok.
2008/08/22
Ganguren mendilerroaren behealdean kokatzen da Galdakao, itsas mailatik 60 metroko altueran. Erdialdean izan ezik, orografia oso maldatsua du udalerriak; iparraldean Arrezurriaga, Txispamendi eta Santa Maria mendi-tontorrak (329, 221 eta 476 metro hurrenez hurren) nabarmentzen dira eta, hegoaldean, Upo eta Mandoia (567 eta 637 metro hurrenez hurren).
Hainbat toki interesgarri bisita ditzakegu Galdakaon, udalerriak duen ondare arkitektoniko aberatsari esker. Andra Mari Eliza (edo Santa Maria Eliza) udalerriko eraikinik garrantzitsuenena eta lurraldeko garrantzitsuenetakoa da. Elexalde auzoan kokatua, XIII. mendean eraiki eta XVI. mendean berreraiki zuten tenplu hori Galdakaoko eraikin erlijiosorik zaharrena da. Elementu errenazentistak dituen gotikorako trantsizioko estilo erromanikoa du. Bere portada erromanikoa da eraikinak duen elementurik aipagarriena. Barrualdean erretaula plateresko bat eta hilobi erromaniko bat ikus daitezke. Eliza Monumentu izendapenarekin sailkatutako Ondasun Kultural izendatu zuten.
Kurtzea auzoan duela gutxiago eraiki zuten tenplu bat altxatzen da. Santa Maria Eliza. XIX. mende amaieran altxatuta, gurutze latinozko oinplanoa, nabe bakarra eta kanoi erdiko ganga ditu. Elizaren fatxadetako baten erdialdean altxatzen den eta hiru gorputzez osatzen den kanpandorrea nabarmentzen da. Beheko gorputza erdi puntuko hiru arku dituen atari txiki bat da. Erdiko zatian baoak eta erlojuak daude eta goiko gorputzean kanpandorrea eta burdinazko gurutze bat daukan kupula barroko bat dago.
Galdakaoko eraikin zibilen artean udaletxea da nagusienetakoa. Gurutzeko Plazan kokatuta, XVIII. mendeko eraikin kubiko hori hiru solairuz osatzen da. Burdinazko balkoi korritu bat dago solairu nagusian eta goiko pisuek leihoburuak dituzte.
Galdakaon bisitatzea merezi duten bi dorre daude, biak ere Usansolo auzoan. Isasi Goikoa Dorrea, muino txiki batean kokatzen da eta bertatik auzoaren zati handi bat ikusten da. Harlanduz altxatua eta bi solairutan zatitua, ohiko etxe-dorreen adibide ona da, nahiz eta altuera handirik ez izan. Eraikinak hiru leiho ditu soilik, bere babeserako izaeraren isla. Lekue Dorreak hamar metro inguruko altuera du eta gaur egun jauregi-egoitza da.
Galdakaon interes handiko hainbat zubi daude, guztietan hiru nabarmentzen direlarik. Merkadillo Zubia Bengoetxe auzoan kokatzen da eta erromaniko estiloko lau arku ditu. Torrezabal Zubia Plazakoetxe auzoan altxatzen den zubi errenazentista bat da eta, azkenik, Puentelatorre Zubia izen bereko auzoan kokatzen den zubi erromanikoa da.
Ibilaldiari amaiera emateko udalerriko monumenturik garrantzitsuenetako eta sinbolikoenetako bat bisitatuko dugu. Galdakaoko Oilarra. Urgoitin kokatuta (XIX. mendean aduanako igarobide bat zegoen bertan eta gaur egun Donostiara eta Gasteizera doazen errepideen bidegurutzea da), hainbatetan eraitsi dute monumentua. Egungoa 1994an altxatu zen eta goiko aldean burdinazko oilar bat duen 11 metroko dorre bat da.
(Argazkiak: Galdakao.net)
