«« Itzuli
Ibilbideak Euskal Herrian
Dulantzi, egun pasa erlijio giroan







Arabako Lautadaren baitan, Gasteiztik 14 km-ra, Dulantzi udalerriarekin topo egingo dugu. 2000 biztanle inguru dituen herri honetan bere horretan mantentzen dira oraindik ere egungo eraikin modernoekin bizirauten duten antzinako hainbat eraikuntza. Aste honetan denboran atzera egingo dugu eta antzinaro hartako historia eta arkitekturaren edertasunaz gozatzeko aukera izango dugu herri eder honetan barrena.
2008/08/29
Dulantzi udalerria, Gaztelako Alfontso XI.ak eraiki zuen 1337. urtean Dulantziko Aranaren erdian. Herriaren sorrera inguruko herrixka batzuen eskaeraren ondorioa izan zen, hainbat biztanle egungo herrira bertaratu eta gero.
Hirigunearen egiturak itxura obalatua hartzen du eta erdi aroa gogorarazten du: antzeko egitura duten beste herri batzuetan bezala Alegiako kaleak paraleloak dira eta hauekiko zut datozen beste kale batzuek gurutzatzen dituzte. Sortu ziren garaiko ezaugarriak oraindik ere bere horretan dituzten hainbat etxe daude ikusgai herriko Kale Nagusian. Hauetako batzuk alportxa itxurakoak dira goiko aldean irtengune batekin, beste hainbatek etxaurre laua daukate eta XVI edo XVII. mendeetako eraikuntzek puntu erdiko arkua dute sarreran. Ez da hori ordea bertan aurkituko dugun arkitektura era bakarra. Udaletxea, adibidez, XVIII. mendean eraiki zuten eta garai hartan Euskal Herrian sortu zituzten udaletxeen ezaugarri berezi guztiak biltzen ditu: atarian arkupe handi batekin eta lehen solairuan balkoi handi batekin.
San Blas Eliza udalerriaren goiko aldean dago kokatuta. XVI. mendeko eraikuntza da; latindar gurutze bat, gotiko berantiarreko bobeda eta elizan zehar dauden hainbat santuren irudiak dira bertako altxorrik preziatuenak. Egungo sarrera eta bere arkupea XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasiera bitartekoak dira. Dorrea, estilo neoklasikokoa, Arabar Lautada osoko aipagarrienetakoa da. Bere erretaula nagusia XVII. mende hasierakoa da, arkitektura klasiko erromantikokoa, hainbat xehetasunek barrokoa gogorarazten badute ere. Erretaula eder honen erdian Ama Birjinaren irudia aurkituko dugu.
Herriaren sarreran bertan, Gaonatarren Etxea aurkituko dugu. Eraikuntza honen garrantzia bertan bizi izandako familiak herrian (bere sorreraren garaietatik bertatik) izan duen pisuarekin zerikusia dauka. Hemendik hurbil, Santa Klara Komentua bisitatu daiteke. Oso historia bitxia duen komentua da hau. Izan ere, 1851an sortu zen Uturgoien abadeak bere etxe ondoan, eskeko moja batzuei klausuran bizi zitezen lagatzeko. Urte batzuk geroago beraiek osatuko zuten Santa Klara ordena.
Erlijioaren bidetik ekiniko bidaia honi amaiera emateko, udalerritik ez oso urrun aurki ditzakegun ermitetako batera hurbilduko gara. Bereziki interesgarria da Ayalako Santutegia. Hau ere, arkitektura erromaniko berantiarreko eraikuntza dugu, XIII. mende inguruan eraikia. Zistertar erako sarrera sinplea du, garai hartako eraikinetan oso ohikoa. Hainbat leihoz osatuta dago; deigarriena hegoaldera begira dagoena dugu, elementu begetalez eta gizaki aurpegien erretratuz apaindurik baitago. Ayalako Ama Birjinaren irudia eserita dagoen eskultura ederra dugu, gotiko berantiarrekoa, erromanikoko ukitu apurrekin. Arabako Lautada gurutzatzen duen Donejakue bidea zeharkatzen duten erromesen ohiko (eta ia nahitaezko) geldialdia da aipatu berri dugun ermita.
(Argazkiak: www.alegria-dulantzi.net)
