«« Itzuli
Ibilbideak Euskal Herrian
Ibilaldia Artzentalesen barrena







Artzentales ezagutuko dugu aste honetan, Bizkaiko udalerria, Enkarterri eskualdeko erdialdean kokatuta. 36,91 kilometro koadroko azalerarekin, Artzentalesek Turtzioz eta Castro iparraldean, Sopuerta ekialdean, Balmaseda eta Mena Harana hegoaldean eta Villaverde Turtzioz eta Turtzioz mendebaldean ditu mugakide.
2008/10/03
San Miguel eta Traslaviña dira udalerriko auzorik garrantzitsuenak. Biztanle gutxiko landako udalerri zabal bat denez, auzune ugari aurki daitezke Artzentalesen zehar banatuta.
San Miguelen, hain zuzen, aurkituko dugu udalerriko eraikin erlijioso nagusia, San Miguel izeneko eliza, hain zuzen ere. Iragan erromanikoa duen arren (jatorrizko eraikina XIII. mendeko komentu erromaniko bat zen), gaur egun ikusten dugun eraikina estilo errenazentistakoa da, eta XVI. mendean altxatu zuten. Dorrea eta bi kaperak geroagokoak dira, XVII. mendekoak.
Auzo horretatik irten gabe udaletxea bisitatu ahal izango dugu, XX. mendean eraikitako eraikina. Gainera, San Miguel de Linares plazan, udalerriko toki sinbolikoena topatuko dugu. San Migueleko Ametza. Erdi Aroan zehar udalerriko kontzejua bertan biltzen zen; ametz baten itzalean eta harrizko mahai baten inguruan. Gaur egun, ametz bat eta harrizko mahai bat ikus daitezke.
Traslaviña auzoan, beste eraikin erlijioso aipagarri bat aurkituko dugu. Traslaviñako Andra Mari eliza. Zalla eta Karrantza lotzen dituen errepidearen aldamenetan kokatuta, XVI. mendean altxatu zuten oinplano angeluzuzeneko tenplu gotiko bat da.
Udalerriko ondare erlijiosoa bisitatzen jarraituko dugu. Horretarako, Santa Cruz auzora hurbilduko gara, eta, bertan, Santa Elena baseliza aurkituko dugu. 1848an altxatua, basilika-oinplanoa duen baseliza neoklasikoa da. Baranda batek aldarearen eremua elizaren gainerako lekuetatik bereizten du, eta barruan dagoen egurrezko korua da elementu aipagarrietako bat.
Andra Mari Zuriaren baseliza bisitatzea merezi duen beste ermita bat da. Rebollar auzoan dagoen baseliza horri buruzko lehenengo dokumentuak 1741ekoak dira, nahiz eta XVII. mende erdialdean jada beste izen batekin aipatzen zen. Basilika-oinplanoa du eta kanoi erdiko ganga. Barrualdean Ama Birjinaren eta Kristo gurutzatuaren irudiak daude.
Eraikin zibilei dagokienez, Traslaviña auzora bueltatuko gara dorretxe eder bat ikusteko. Miranda Dorrea. Lau angeluko oinplanoa du eta XV. mendean altxatua izan zen Juan Garcia de Traslaviñak aginduta, nahiz eta ondoren Mirandako Kondeen esku geratu zen.
Modu berean, hainbat jauregi bisita ditzakegu Artzentalesen. Horcasitas jauregia, muino batean kokatua, XVIII. mendean altxatutako jauregitxo barrokoa da. Oinplano karratukoa da eta albo batean dorre bat du atxikita. Eraikinak bi solairu dituen arren, dorreak hiru ditu.
Reneja jauregia nahiko berezia da. Estilo barrokoaren eta neoklasikoaren arteko nahasketa bat den arren, 4 solairu dituenez probintziako ohiko jauregi barrokoetatik aldentzen da (hiru solairukoak izan ohi dira). Eraikina harlanduzko lan bikaina da; leihoetan eta izkinetan erliebeak dituena.
Azkenik, ibilalditxoari amaiera emateko Santelices jauregia bisitatuko dugu. XVII. mendean eraikia, oinplano angeluzuzenekoa da eta hiru solairutan banatzen da. Izkina batean eta harrizko zutabeen gainean altxatzen den egurrezko begiratoki eder bat da eraikinaren elementurik aipagarriena.
(Argazkiak: www.artzentales.org )
