BIDAIAK

«« Itzuli

Ibilbideak Euskal Herrian

Roncal ibarra, xarma handiko lurraldea

Roncal ibarra, xarma handiko lurraldea
Roncal ibarra, xarma handiko lurraldea
Roncal ibarra, xarma handiko lurraldea
Roncal ibarra, xarma handiko lurraldea

Yesako urtegira heltzen den Esca ibaiak Roncal ibarra zeharkatzen du. Ibar horretan, zazpi ibar daude, eta guztietan igartzen da bertako ohitura eta kultura. Izan ere, Roncalek xarma gordetzen jakin izan du.

2004/06/21

Burgi herriak egiten dio harrera bisitariari. Han, erromatarren garaiko zubia dago, Esca ibaiaren ur hotzak zeharkatzeko balio duena. Burgin, San Pedroren omenez eraikitako eliza ere bisita daiteke. Elizaren barruan, Leireko Monasterioko organo zaharra dago.

Ibaiaren bideari jarraituta, Vidangoz herria topatuko dugu. Oso herri txikia da, eta bere xarma eta kutsua gordetzen jakin izan du. Gauza bera gertatzen da Garden. Han, Done Jakueren eliza ikustea komeni da, bertan baitago Zuberoako Ama Birjina.

Roncal da ibarreko udalburua. Herri hori Julian Gayarreri esker da ezaguna, batez ere. XIX. mendeko tenorea oso famatu egin zen, eta, gazte hil bazen ere, bost kontinenteetan abestu zuen. Roncaleko bizilagunek oso gogoan dute Gayarre, eta haren omenezko museoa eraiki dute. Roncal Pirinioetan berezkoa duten eraikitzeko moduari jarraituta dago altxatuta. Tximiniek, adibidez, estalpe moduko bat dute, neguan elurra barrura sar ez dadin.

Dena den, ibarreko herri garrantzitsuena Izaba da. Neguan eta udan, milaka pertsona joaten dira bertako kale estu eta malkartsuetara, lasaitasun bila. Gainera, naturarekin harreman estua du Izabak, ia-ia Nafarroako Pirinioen barnean baitago. Oso gertu ditu Auñamendi eta Hiru Errege Mahaia mendiak.

Izabatik, Belaguara jo daiteke, eta bertatik, muga igarota, Frantziako lurretan barneratu. Inguru horretan, gainera, oso ohitura berezia dute. Hiru behien zerga da hori, eta, hiru urtean behin, biarnotarrek hiru behi ordaintzen dizkiete Roncaleko bizilagunei, mendietako zelaiak erabiltzen uzteagatik.