BIOLOGIA

«« Itzuli

EAEKo biztanleen %67k aire kutsatua arnasten dute

EAEKo biztanleen %67k aire kutsatua arnasten dute

2008/07/09

Ekologistak Martxan elkarteak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %67k osasunaren babeseko legeak onartzen duen gehiengotik gorako aire kutsatua arnasten dute.

Ekologistak Martxan elkarteak azken hiru urteotan burutu du ikerketa, eta egoerak berdin jarraituko duela ziurtatu du.

Kutsatzaile nagusiak airean dauden partikulak eta nitrogeno dioxidoa direla esan du elkarteak.

Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako kutsadura balioak 70 aldiz gainditu dituzte Arrigorriagak, Erandiok, Santurtzik eta Zumarragako neurgailuek.

Ehunetik gora, berriz, Zornotzak, Barakaldok eta Bilboko bi auzok gainditu dituzte Zorrotzak eta Larraskituk, alegia.

Iruñeko kasuan ere, autoek eragiten dute kutsadura eta biztanleen herenak gomendatutakoak baino balio altuagoak pairatu behar izaten ditu.

Estatuan

Espainiako ingurumen ministerioaren datuen arabera, airearen kutsadurak 16.000 lagun hiltzen ditu urtean estatuan, zirkulazio istripuek eragindako heriotzak baino lau bider gehiago.

Txostenean jakinarazi dutenez, Estatuko biztanleen %53k, batez ere hiriguneetan, aire kutsatua arnasten du.

Hirietako kutsaduraren %80 zirkulazioak eragiten du, eta horregatik 300 elkarte baino gehiago beregain hartzen dituen elkarte honek konponbidea zirkulazioa murriztean dagoela azaldu du.

Txostenaren ondorioak

Gauzak dauden moduan, Espainiak ezingo du 2010erako airearen kalitatearen inguruan ezarrita dauden helburuak bete.

Horixe da "Estatu Espainiarreko airearen Txostenak" utzi duen ondorio garbienetakoa. Txostena 2007. urteko datuekin osatu dute eta autonomia erkidego guztiak hartu dituzte kontutan Galizia, Balear Irlak, Kanariar Irlak eta Ceuta eta Melilla salbu.

Elkarteak erkidego batzuen eta besteen artean ezberdintasun edo konparaketarik egin nahi ez duen arren, txostenak argi utzi du Madril dela erkidego kutsatuena (hamar madrildarretik zortzik aire osasungaitza arnasten du) eta Extremadura dela zerrendako bigarrena (hamarretik zazpik arnasten du aire kutsatua).